entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2016-02-09

Neguaren ostean Mikel Uraken

Folk-Basatia
Neguaren ostean diskoaren azala. Neguaren ostean diskoaren azala.
Agian nire belarriek nahasi naute edo nire eldarnio baten ondorio izango da, baina ez nator bat Mikel Urakenen musikaren inguruan aipatzen diren topiko eta loturekin. Balizko country-folk ukitu hori ez dut inondik inora sumatu. Egia da, Mikelek egin dituen bertsioek (Neil Young) eta elkarrizketetan aipatzen dituen izen batzuek (Bill Callahan) era horretako musika egiten duela pentsatzera bultzatzen dutela. Baina gitarra akustiko eta ahotsera mugatzen diren artista guztiak zaku horretan sartzea nagi samarra dela onartu beharra dago ere.
Mikelena folk musika bezala sailkatzekotan, Akauzazteren folk primitiboarekin parekatu beharko genuke. Eta AEB-etako country-rock edo Americanaren alorrean sartu nahi izanez gero, Byrds-en doinu argitsuenetan baino, Slint/Smog/Palace-ren soinu espektraletan antzekotasun handiagoa nabarituko genuke. Hala ere, motz geratuko ginateke.

Deserosoa suerta daiteke, baina arte deserosoa da gugan benetako talka eragin dezakeen bakarra

Mikel, euskara espresiobide moduan erabiltzen hasi denetik, beldurra, lotsa eta estiloen zurruntasunak gainditu ditu. Gitarra akustikoan oinarrituta egon arren, disko honek gordetzen duen musika hardcore, noise eta death-metalaren oihartzunak dakartza (Kaki Arkarazoren ekoizpen lan haragikoiak lagunduta). Intentsitate altuko musika basatia da. Diskoaren konposaketan laguntzaile izan duen Mikel Vegaren Killerkume taldearen musika bezala. Basatia, aske eta ausarta, Michael Giraren disko akustikoak, Richard Dawson-en kantu gordinak eta Mikel Laboaren Lekeitio martzianoenak bezala.
Mikelen musika eta Neguaren ostean diskoa inperfektuak dira, noski, eta ez dira erraz gustatzen diren horietakoak. Mikel oso artista pertsonala da, gutxitan ikusten den ausardiaz eta gardentasunez gainera. Deserosoa suerta daiteke, baina arte deserosoa da gugan benetako talka eragin dezakeen bakarra. Ni behinik behin, txundituta (eta liluratuta) utzi nau.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.