A fuego negro aspalditik ezagutzen dugunok, badakigu hango sukaldean doinu beltzak nagusi direla. Taberna eta jatetxe izateaz gain, argitalpen ezberdinei esker, Donostiako eragile kulturala ere bilakatu da. 2008an
A Fuego Negro, pintxos y viñetas komiki liburua kaleratu zuten. Marrazkiei esker, tabernaren sorrera ezagutu genuen. Orain aurkezten diguten
Pintxatu diskoan, bertan entzun daitezkeen doinuez gain, bere sukaldeko giroekin bat datozen kantuak entzun ditzakegu. Fermin Muguruzak bildutako kantuak dira, guztira 19, eta A fuego negroko sukaldariek jaki bat sortu dute kantu bakoitzarentzat.
Gastronomia eta musika batzen dituen ekimen honek baina, gauza gehiago ditu bere baitan. Kutxa dotoreak eta David Navascuesek egindako ilustrazio txukunek, lan berezia bilakatzen du. Liburuxkan, irudi eta errezetak aurkitzen ditugu, kantuen kreditu eta dagokien informazioarekin batera. Diskoan, reggae, hip hop, dub, latin, boogaloo edo trip hopa aurkituko dugu besteak beste, maisuki osatutako bilduman.
Sukaldean berritzaile bezain apartak izanda, A fuego negroko lagunek Muguruzarekin lortu duten konexioa handia da, emaitzak erakusten duen bezala. Alex Iturraldek erretratatu ditu jakiak eta dimentsio berezia eman dio bildumari. Muguruzak sukaldeko suak pintxatzeko platerak bilakatu ditu. Eta A fuego negroko kideek bozgorailuak pintxo berritzaileetan.
Nazioarteko nahiz euskal musikariak nahastuta datoz. Horietako batzuk Zion Train eta Rob Smith bezain ezagunak. Ferminen proiektu berrienean ezagutu dugun Safaa Arapiyat, eta bere alboan urte askotan aritu diren Sorkun eta Euskal Tropela (DZ). Gainera, Javi Pez, Makala, Selector Matanzas eta Chalart 58 artisten eta taldeen doinuak ere entzun daitezke, besteak beste. Artistikoki lan aberatsaren aurrean gaude eta bertan nahasten diren estilo eta diziplina ezberdinek (musika, gastronomia, ilustrazioa, argazkigintza etab.) bildumazaleon harribitxi bilakatu dute proiektua.
Gure kulturari pertsonalitatea ematen diete gastronomiak eta musikak. Lan honek joera hori indartzen du, eta guztiontzat gozagarri den jaki bilakatu.