entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe

Repo Black Dice

Noise CD
Zabortegietan pilatzen diren milaka ordenadore, teklatu, txartela elektroniko, bozgorailu eta sintetizadoreen ordua iritsi da. Hautsa, herdoila eta goroldioaren ordua. Zakarrontzira botatako trasteen errebolta. Black Dice-n musika deskribatzeko ez dut beste modu hoberik aurkitzen. Erdi izorratuta, zikin eta bere onenak emanda dauden instrumentu eta trasteez egina dagoela dirudi. Soinua olio beltz zikineko geruza baten azpitik borborka sortzen dela dirudi. Doinuaren oinarria, estruktura eta asmoa nonbait sumatu daitezke, baina irudimen pixka bat behar da, gaizki sintonizatutako irrati zahar batean entzungo bagenitu bezala. Eta hori da azken batetan gakoa, irudimena. Ertzeko planteamendu estetiko horretatik Black Dice-ko mutilek erakusten duten irudimen geldiezina. Zarata, intentsitatea, melodia, erritmoa, kolorea eta umorea, bai askoetan modu honetako disko zaratatsuetan faltan botatzen den umorea, eta ondo pasatzeko gogoa.
Repo disko bikaina eta gomendagarria da nire ustez. Aurreko lanetan Black Dice-k erakutsi duen zarata eta esperimentaziorako grina, punk moduko axolagabekeria eta indarrek hor jarraitzen baitute; konposizioen maila altua da eta aspertzeko aukera gutxi dago. Baina batez ere, disko dibertigarria da, gozagarria eta ziztu baten pasatzen da. Dantzarako gogo jasanezina ematen du, modu freaky samarrez eta hondakin elektronikoz jositako soto zikin batetan bada ere.
Azken urteetan pixkanaka-pixkanaka bere oihartzuna handitzen ari den noise musika korronteak Repo moduko disko atxekigarri gehiago behar ditu, bere mugak pentsa daitekeen baino zabalagoak direla erakusteko eta azken batean, musika entzutearen helburu nagusietako bat ondo pasatzea delako, ezta?
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.