Azala.
Musika elektronikaren alorrean, beste edozeinetan bezela denetatik
argitaratzen da. Ona eta txarra, eskasa eta nabarmena eta gehienetan
atsegina baina erraz ahazten dena. Baita diska aspergarriak ere. Rock
munduko birtuoso petral bakoitzarentzat elektronikak badu bere burua
jeniotzat duen "ameslari"-ren bat. Are gehiago esango nuke, elektronikak
izatez duen kutsu abstrakoaren eraginez, "traszendentzia" tuntunean
erortzeko arrisku handiagoa du oraindik. Baina horrexegatik ere, puntu
egokia aurkitzen duenean, beste inor ez bezelako identifikazio sentsazio
intimoena eta hunkigarriena sortarazteko gaitasuna du.
Burutapen
hauek datozkit burura,
Darren Cunningham aka
Actress-en hirugarren diskoa
den
R.I.P niregan izan duen berebiziko eragina azaltzen saiatzean.
Itzela, ikaragarria eta benetan KLASIKOA (zentzurik hoberenean noski)
iruditu baitzait barnean gordetzen duen musika. Estruktura, ehundura,
hots eta erritmo anitzen arteko talka eta kontraste harrigarria da bai,
baina, aldi berean, bere osotasunean koherentzia sendo eta harrigarria duen
eraikina ere.
R.I.P benetan beste planeta batetik edo beste
dimentsio eta garai batetik datorren diskoa dirudi batzuetan. Liluratuta
eta, aldi berean, erabat ulertzeko gai ez zarela sentitzen zara bere
aurrean. Aphex Twin edo Burial lehenengo aldiz entzun nituenetik ez dut
uste antzekorik sentitu dudanik.