Kärnvapen Attack Zaragozatik datoz, eta Mob 47 Suediako talde mitikoaren abesti batetik hartu dute izena. Horrek argi erakusten du zeintzuk diren lau gazte hauen helburua: gaur egungo hardcorearen iruzurraren aurrean 80ko hamarkadaren Eskandinaviako hardcorearen izpiritua eta soinua erreibindikatzea. Bigarren Ep honek ez du lehenengoak bezainbesteko harridura eragiten, izan ere, Postnuclear hardcore hura bikaina zen, baina, hala ere, haren jarraipen duina da. Bederatzi abesti labur, basati eta zaratatsu, ahots erotua eta, aurrekoan bezala, oso testu onak, horietako batzuk buruko gaixotasunen ingurukoak. Beharbada, horrelako soinuekin ohituta ez dagoenari irensteko zaila egingo zaio ahotsaren garraztasuna, baina, hori gaindituta, talde indartsu eta disfrutagarri baten aurrean dagoela konturatuko da.