entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe

The Glorious Gongs Of Hainuwele Harappian Night Recordings

Psikodelia CD
Aspaldian entzun dudan disko misteriotsu eta liluragarrienetako bat da hau zalantzarik gabe. Eta liluragarriena diodanean ez naiz ohiko pop doinu erakargarri edo hunkigarri batek sortzen duen liluraz ari, ez. Lilura hau suge sorgintzaile batek sortzen duena da, kez betetako Kairoko taberna batean sabelaren dantza egiten duen emakume batena, Marrakech-eko merkatuaren jende, kolore eta usain saturazioak sortzen duenaz ari naiz. Diskoa entzutean, Istanbuletik Delhirako bidean nonbait galduta edo ezkutatuta dabilen musikari nomada batzuek emititzen duten musika uhin motzeko irrati zahar baten bidez jaso dugula dirudi. Jaso, entzun eta gure burua eta zentzuak murgiltzen, pozoitzen eta mozkortzen utzi dugula. Benetan efektu narkotikoak dituen musika dela esango nuke.
Disko zoragarri honen edukia nolabait adierazi eta kokatu ahal dezazuen, Harappian Night Recordings-eko kideak ingelesak dira eta The Hunter Graccus, Chora, Part Wild Horses Mane On Both Sides eta antzeko hainbat taldeekin antzekotasuna eta harremana (eta kide komunak) dute. Talde hauek ezagutzen dituzuenak (Chorakoak Getarian izan dira zuzenean jotzen) badakizue estruktura, instrumentazio eta soinu muga gutxi dituztela eta sorpresa eta bitxikeriez betetako pieza aske eta eder asko konposatu, inprobisatu eta jotzeko gai direla. Bada, Harappian-eko mutilek oinarri bera harturik ekialde zabal eta aberats baten ukituak eman dizkiote ikaragarrizko pertsonalitateaz jantziz. Parekoak bilatzeko garaian Sun City Girls eta Sublime Frequencies zigiluaren bitartez egiten duten soinu arakatzaile lana aipatuko nituzke. Baita Shackleton edota Religious Knives-ek batzuetan erabiltzen dituzten giro arabiarrak, baina azalera gerturatze hutsa litzateke, jende honen musika esperimentatu beharra dago eta bere handitasun psikodeliko osoan gozatu. Horixe, psikodelia, hitz zaharra eta sarritan benetako zentzua galdu duena, baina oraingo honetan ezin hobeto eta bizikiago azaltzen duena lan miragarri honen indarra.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.