Azken aldian sortu den talde interesgarrienetako bat da Trigger Travis; harcore-punk-rock eremuan, bederen. Bitxienetako bat ere bai. Oso erritmo azkarrak jotzen dituzte, doinu bortitzak, kantariak oihuka dihardu, eta haserrea eta amorrua suma daiteke kantuetan. Eromena da nagusi hainbat unetan. Abiadura handiko pasarteak, nahiz hain azkarrak ez direnak eta melodiak nabarmenago erakusten dituztenak, bat batean tartekatzen dituzte. Batetik bestera pasatzen dira berehala. Jendaurreko emanaldietan ikusgarriak dira, energia handia igortzen dute. Horren lagina da grabazio hau. Taldea duela bi urte sortu zen, eta denbora tarte txiki honetan gauza asko egin ditu: ‘The Zoo’ diskoa kaleratu ez ezik, hemen eta han jo dute: Euskal Herriko hainbat tokitan, eta Frantzia, Eslovenia, Txekia, Herbehereak eta Belgikan. Arretaz jarraitzeko talde bat da Trigger Travis; aukera izanez gero, zuzenean jotzen ikusteko talde bat.