entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Ikusentzunezkoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Sagardantza 2014-01-14

No More Tour Fermin Muguruza - Daniel G

DVD
DVDaren azala. DVDaren azala.
Lotura erlazionatuak
No More Tour dokumentala ikusten bukatu orduko, gogoeta eta idei batzuk etorriko zaizkio ikusleari arrapaladan. Horietatik, lehenetako bat Fermin Muguruza & Kontrakantxak joan berri zaigun 2013. urtean egindako biraren tamainaren ingurukoa da. Bagenekien aurretik ere (eta bitartean) hordagoa handia zela, baina pelikulak oso ongi islatzen du Europa, Hego eta Ipar Amerika, Asia eta Ozeanian barrena bost hilabetetan egindako biraren handitasuna.
Bigarren ideia Fermin Muguruzaren "gaitasuna" da zubiak eraikitzeko, munduan zeharreko txoko askotako eragile eta pertsonekin sareak jostekoa, hain zuzen ere. Eta honek, bat egiten du gainera, irundarraren filosofia eta mezu internazionalistarekin, mundu osoko errealitateetara egokitzen den diskurtsoa; herri-liberazioak, elkartasunak, berdintasunak, askapenak... dimentsio unibertsala baitute, tokian tokiko ezaugarri eta egoeretatik harago. Horregatik, DVDaren kontrazalean irakurri dugun esaldiarekin ("munduan barrena topatutako erresistentzia eta konplizitatez osatutako mapa bat marrazten du") bat gatoz.
Urteen poderioz eraikitako sarea da, Kortaturen garaian hasi zena, Negu Gorriak-ekin segitu zuena... Zentzu honetan, esanguratsua izan da garai zaharretako hainbat pertsona dokumentalean hitz egiten ikustea.

Fermin barrutik zein kanpotik
Izan ere, dokumental honek, kontzertu bira baten kontakizun klasikoa (bere zentzu hertsian ulertua) gainditzen du. Biraren pasadizo eta irudiekin batera, 50 urte bete berri dituen Ferminen ibilbidea, jarduna eta jarrera nabarmentzen dira bereziki, bere lan egiteko modua, aipatutako nazioarteko sarearen jostea... Eta, horretaz gain, taldearen barne funtzionamenduari buruzko hainbat xehetasun interesgarri eta argigarri aurkituko ditu ikusleak.
Inportantea da argitzea dokumental honetan Ferminek ez duela hitz egiten. Oraingo honetan, bere ingurukoek, edo modu batean edo bestean Ferminekin harremana izan duten pertsonek dute hitza: biran parte hartutako kideek eta musikariek, kontzertu programatzaileek, aktibistek, eragileek, lagunek, beste musikari batzuek... Elkarrizketatuen artean gainera, sorpresa bat edo beste aurkituko dugu, Lucio Urtubia anarkista nafarra kasu.

55 emanaldi
No More Tour 2012ko Donostiako lehorreratze piratarekin hasten da eta Tolosako Bonberenea Sutan jaialdiarekin bukatu, 2013ko abuztuaren 31n. Bi data hauen artean, Ferminek eta Kontrakantxak lau kontinente zapaltzen dituzte eta 55 kontzertu eskaini. Zuloak taldeko kideen presentzia ahaztu gabe noski.
Momentu emozionanteak eta bereziak asko dira, Newroz jaialdiarena kasu. Hala ere, milaka pertsonen aurrean jo zein lokal txikietan aritu, zuzeneko irudiek taldearen energia uholdea erakusten dute. Dokumentalak ere, tourra martxan zegoela sortu ziren arazoak kontatzen ditu, Sorkunen "bajoia" edo Mikelek bira utzi behar izan zuenekoa... Zentsura eta debekuak eta hainbat herrialdetara sartzeko zailtasunak ere islatzen dira lan honetan.
Ikus-entzunezko hau DVD formatuan argitaratu du Talka Records & Films-ek. Biraren kontzertu guztien argazkiez osatutako koadernotxo bat dakar, eta estra ugari ere, tartean Balazalak, Shoot the Singer, Itzuliko naiz, Asthmatic Lion, Ezin ihesi Berlin eta Arnaldo Otegi aske bideoklipak.
Gauza gehiago konta genitzakeen, eta seguru beste asko aipatu gabe utzi ditugula nahi gabe. Hala ere, Daniel Gomezek zuzendutako (Fermin zuzendari laguntzailea izan da) dokumentalaren mamia laburbildu dugulakoan, hemen utziko dugu. Ziur ez dakiguna da No More Tour hau Irungo musikariaren azken bira izan den, edo, aitzitik, hemendik urte batzuetara berriz plazara ateratzeko arra sartuko zaion... Ikusiko dugu.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.