Brixton Records-en Silver Bullets azpizigiluan txukun bilduta dator Akatz taldearen
Rudo Bilbao Tour DVDa. 2009Ko martxoaren 18an zuzenean grabatu zen eta Rudo Bilbao diskoaren Kafe Antzokiko aurkezpen kontzertua biltzen du. Egun, Euskal Herrian dugun ska talde esanguratsuenetako bat da Akatz, eta zuzeneko honetan bere “estatusa” garbi uzten du.
DVDan, abesti berriak ez ezik, taldearen klasiko batzuk, hala nola
Kornukopia, eta Jamaikako hiru kanturen bertsioak jasotzen dira. Eta bertsioetan hain zuzen, gau horretako gonbidatuak azaltzen zaizkigu: Sugar Minott-en
I need a roof abesten Roberto Sanchez kantabriarra (Lone Ark), Barbie Gayek lehendabizi abestu zuen
My boy lollypop interpretatzen Ines Pardo eta, azkenik, Maytals-en
Funky Kingston (
Funky Bilbo bataiatua) jotzen Cherry Boppers. Zerbait kritikatzekotan, menuaren itxura gutxi zaindua aipatuko genuke, DVDaren kartoizko azala eta diseinu txukunarekin zerikusirik ez duena (izan ere kanpoko diseinua dotorea da oso!). Baina tira, detaile txikiak albo batera utzita, erritmo beroen zaleek
Matxitxako ska dantza entzun bezain pronto sofatik altxatuko dira besoak gora eta behera eraginez.