Zertarako amestu, Gorkak, Rubiok eta Aitorrek taldeari ireki dioten atea da. Sartzen utzi digute eta sukaldea ez ezik, sukaldariak ezagutu ditugu eta sukaldari horiek, beren sukaldeari buruz, sukaldaritzari buruz eta prestatzen dituzten jakiei buruz mintzo zaizkigu hemen.
Ibon Antuñano Totorikaren zuzendaritzapean eta Gorka Urbizuren gidoiari jarraiki, dokumentala Aitor gitarra joleak taldea utzi zuen unetik abiatzen da. Zer egin? Bada, hirukote moduan jarraitu!
Jaio.Musika.Hil diskoaren grabaketa dator gero, Gor-eko buru Marino Goñiren etxean bertan, eta nahasketak Kansas-en (AEB), Ed Rose ekoizlearekin… Bira hastera doa. Ertamerika, Mexiko Nikaragua, elkarrizketak, zaleak, kontzertuak… eta handik Taiwanera (esperientzia ahaztezina Asiako herrialde horretan bizitakoa), Japonera… Europa Zaharrera atzera egiten dute azkenik, Rise Against taldearen gonbidatuak dira, eta aretoz areto ibiltzen dira… Momentu gogoangarriak bai, baina gogorrak ere ez dituzte albora uzten, ez da dena urre kolorekoa, kontzertu zailenetarako prest eduki behar duzu burua ere.
Ondoren, sukaldean are barrurago sartzera gonbidatuko gaituzte: letrak, kantuak, oholtzara atera aurretikako grina… Taldearen ikuspegi arras emotiboa eskaintzen du dokumental honek, taldearen izaerarekin berarekin bat egiten duena. Off-ahots batek dokumentala harilkatzen du. Batzuetan emotiboegia suertatzen ahal da narrazioa, baina jada Berri Txarrak-en unibertsoan sartuta gaude eta ezin gara atera. Orain arte euskal talde bati buruz egin den dokumentalik onena ikusten ari gara. Hau idazten duenak bederen, ez du ikusi lan hau gainditzen duenik. Gidoia ona izatez gain (erritmoa dauka), irudiak bikainak dira (txuri beltzezkoak) eta irudien tratamendua ere oso ongi dago, elkarrizketarako prestatu diren lokalizazioak oso zainduta daude…
DVDak aurrera darrai, baina haien sukaldetik atera baino lehen, zuzenean prestaturiko hamabi plater dastatzera ematen dizkigute Gernikako Astra jatetxean. Mmm…
Labea itzali da azkenik eta gu zapore ezin hobearekin gelditu gara.