entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Komikiak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Komikiak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Ion Etxebarria Kortabarria 2015-03-18

Black is Beltza Fermin Muguruza/ Harkaitz Cano/ Dr. Alderete

Black is Beltza komikia Alderetek ilustratu du. Black is Beltza komikia Alderetek ilustratu du.
Ezer baino lehen, aitortu beharra daukat "ferminista" naizela. Hots, Fermin Muguruza murgiltzen den egitasmo orok, jakin-mina pizten didala, eta zerbait berezia egingo duenaren esperoan gelditu ohi naizela, proiektuaren inguruko informazio gehiagoren zain. Heziketa musikal akademiko gabekoa naizen aldetik, aurrera eraman dituen proiektu batzuk ezinbesteko izan ditut nire hezkuntza musikal ez formalean. Beste batzuk aldiz, zapore mingotsagoa utzi didate, musikari irundarrak askotariko ekimen ugari bezain anitzak eraman ditu-eta aurrera. Argi dagoena, ezin diogula leporatu proiektu ausartetan murgiltzen ez denik, baduela nolabaiteko abilezia gauzak ondo egiteko. Nahiz eta, egia den Muguruzak duen babes mediatikoarekin errazago ematen direla jauziak itsaso zabalera. Baina, babes hori ere, urteetako lanen fruitu dela esango nuke.

Alta, gure herri txiki honetan batzuk sortzaile izanagatik, beste batzuk, buruak mozten espezialistak gara. Argi dago Muguruzak izan badituela bere esparru ezberdinetako lan zein adierazpenen aurkakoak, baina, Iaki Sotori Naiz egunkariko Gaur8 gehigarrian irakurri nion bezala, susmoa dut ere ea arrakasta onartzeari diogun beldurrean ez ote dagoen gakoa. Eta horri, ezberdina eta berritzailea den oro, normaltasun baten barruan kokatzeko ditugun arazo larriak gehituko nizkioke. Hala, esango nuke Black is Beltza aurkeztu bezain pronto, batzuek Muguruzaren burua enegarrenez moztu dutela, aihotza, komikia irakurri aurretik ateraz zorrotik.

Susmoa dut ere ea arrakasta onartzeari diogun beldurrean ez ote dagoen gakoa. Eta horri, ezberdina eta berritzailea den oro, normaltasun baten barruan kokatzeko ditugun arazo larriak gehituko nizkioke

Gauzak horrela, mintzagai dugun Black is Beltza komikia, Irungo musikariak aurrera eraman duen azken egitasmo mediatikoa dugu, non, guztiaren abiapuntua Muguruzaren beste burutazio batean dagoen. Ziur, Alhondigako erakusketa itxi berritan, buruan beste ideia ugari dituela bueltaka, eta honegatik ere, miresmena zor diot. Berarekin batera, Harkaitz Cano idazle lasartearraren laguntza izan du fikzioa eta errealitatea nahasten dituen nobela grafiko honen gidoia sakontzeko. Ilustrazioa aldiz, Dr. Alderete argentinar mexikarraren marrazki ederrekin osatu dute, besteak beste Los Straitjackets, Lost Acapulco eta Los Fabulosos Cadillacs taldeekin lan egindakoa.



Espioitza trazako komikia

Musika, amodioa eta iraultza uztartzen dituen akzio zein espioitza trazako komiki honen abiapuntua 1965 urteko New York hirian bizi izan zen benetako gertakari batean dago. Irueko erraldoiek 5. etorbide famatuan desfilatzekoak ziren, baina arraza bazterkeriagatik, erraldoi beltzek ezin izan zuten ekimenean parte hartu. Gertaera horretatik, eta Manex Unanue izeneko fikziozko pertsonai bati helduta, pasa den mendeko 60. eta 70. hamarkadetan, munduan zehar bidaiatu ahal dugu, garai hartan borborka zeuden tokiak bisitatuz: Kubako oihana, Mexiko DF eta Tijuana, Los Angeles, Monterey eta San Francisco, Montreal, Argel, Madril eta Miarritze. Nire gusturako, toki gehiegi marrazki bikainak biltzen dituen komiki puska baterako. Komikian aurrera egin hala, hilabeteak eta urteak aurrera badoaz ere, iruditzen zait ziztu bizian gertatzen dela guztia, azkarregi beharbada. Batzuetan zaila egiten da kokatzea non gauden, nahiz eta Dr. Aldereteren marrazkiek (asko, Muguruzak berak ateratako argazkietan oinarrituta) bikain irudikatzen duten garaian garaiko eta tokian tokiko giroa.

Komikia gustura izan dut esku artean. Erakusketa ere tamainakoa iruditu zitzaidan, baina agian gehiagoren beharra nuen, dosi txikiegia iruditu zaizkit bata zein bestea
Bisitaturiko tokiak beste dira ere bidaian zehar Manex Unanue protagonistak aurkitzen dituen pertsonaiak. Horietako batzuk aski ezagunak eta aurrez Muguruzaren ibilbide musikalean sekula agertu izan direnak: Muhammed Ali, Che Gevara, Angela Davis, Emiliano Zapata eta Otis Redding. Beste batzuk ordea, ez dira hain ezagunak, edo nik behintzat ez nituen ezagutzen, tartean, Juan Rulfo idazle mexikarra. Bisitatzen dituzten lekuak bezala, azpimarratuko nuke beharbada pertsonaia gehiegi agertzen direla istorioan. Horrela, maiz, pertsonaia errealek apenas dute presentziarik, agertzen diren bezala desagertzen dira eta aldiz, fikziozko pertsonaiek dute komikiko ia pasarte gehienetan pisua.

Finean, ideia asko azaldu gura dira komikian, momentu batzuetan gehiegi direla pentsatzera helduz. Bisitatutako leku bakoitzarekin eta bidean elkartutako pertsonaia bakoitzarekin, komiki aparte bat sortzeko aukera legoke, baina susmoa daukat hirukoteak zertzeladak eman nahi dituela besterik. Hau da, irakurleari bide eman bere kabuz ezagutzeko leku horietan gertaturiko iraultza txiki zein handiak. Cuban iraultza aski ezagun bat eman bazen ere, Argelen gertaturikoak berebiziko garrantzia izan zuelako. Eta berdin pertsonaia ezagun eta ez hain ezagunekin. Nortzuk ditugu? Zein izan zen beraien ekarpen historikoa? Etxerako lan zerrenda potoloa izango dute batzuek

Ideia asko azaldu gura dira komikian, momentu batzuetan gehiegi direla pentsatzera helduz
Komikia gustura izan dut esku artean, eta lerro hauek idazten amaitu eta denbora laburrean, berriz irakurriko dudanaren ustea daukat. Erakusketa ere tamainakoa iruditu zitzaidan, baina, agian gehiagoren beharra nuen, dosi txikiegia iruditu zaizkit bata zein bestea. Baina, dosi ederrak azken finean. Bitartean, "ferminista" eta komiki zalea naizen aldetik, Black is Beltza animaziozko film noiz bihurtuko den zain geratuko naiz, agian ideiak lasaiago eta zehaztasun gehiagorekin azalduko dira eta.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.