Gasteizko komiki-aldizkariaren 100 azal jasotzen dituen formatu txikiko liburua argitaratu du Atizak. 100 azal, 21 urtetan zehar argitaraturikoak, lehenengotik hasita (1987ko ekaina) ehungarreneraino, 2008ko irailean argia ikusi zuena.
TMEO etxeko marrazkilari anker ezagunen lanak ikusten ahal dira (zenbatetan ez dugu irri egin lagunekin edo bakarrik TMEOko azalekin?). Mauro Entrialgo, Ernesto Murillo, Jokin, Álvarez Rabo, Santi Orue, Piñata, Abarrots eta besteek bidetik atera eta politikoki dena zuzen, dena neurtu, dena aspergarri den garai hauetan, umore gordina eta zorrotza dakarkigute zentsuraren hatzaparrak (orain arte) sahiestuz. Nola lortu duten ez dakigu, kontuan izanda El Jueves-en kasua eta azal guztiz lañoa eta tuntun horren harira sorturiko zalaparta judiziala eta mediatikoa. El Jueves haurrentzako joko bat da Gasteizko aldizkariaren azalei erreparatzen badiegu. Satira zorrotzena, astakirtenena, dibertigarriena… (jarri zuk nahi duzun adjektiboa) bilduta dator hortaz poltsiko liburu honetan, tapaki gogorretan babestua eta barrutik ongi zaindutako diseinuarekin. Eta hau guztia 5 euroren truke. Ez dago batere gaizki.