Orkestra taldea. Argazkia: Urko ansa.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lehen aldia genuen aurten 7. aldiz ospatu den jaialdi honetan, eta, han ikusitakoaren arabera, azkena izango ez delakoan nago. Izan ere, kaleko musikak, bere zentzurik zabalenean hartuta, Zornotzako txoko guztiak bete zituen hiru egun eder haietan zehar. Gu larunbatean izan ginen han. Ekainaren 23an. San Juan bezperan!!!
Orkresta bizkaitarrekin hasi genuen jaialdia, oker ez banago Luis Urrengoetxea kalean. “Txarangismo elektrikoa” egiten dutela zioen programak, eta genero horren barruan aurkitu dezakegun talderik onenetako baten aurrean gaudela begi bistakoa egin zen denbora gutxian. 9-10 bat pertsona horrela gozatzen ikustean, batek esango luke aurtengoan sari nagusia irabazteko lehian sartuta zeudenik! Argi zegoen gozatzera irten zirela, ikuslegoak egin zuen moduan, baina Orkestrak eskaintzen digun hori, bapatekotasun errebelde hori, momentu askotan kale antzerkirik onenaren pareko bezala sentitu nuen. Bai komentario dibertigarriengatik, nola aurrean ginenok halako performance musikal baten aurrean sentiarazteagatik. La Polla Records, Eskorbuto, Siniestro Total eta beste hainbat klasikorekin giroa ederki berotu zuten. Baina egunak (eta gauak) sorpresa gehiago emango zizkigun oraindik.
Jarraian ikusi nuena izan zen pertsonalki gehien bete ninduena:
Lau on suite zuten izena. Herriko beste plazatxo batean izan zen, oholtza txiki baten gainean. Bi bateria, kontrabaxua eta gitarra. Beraien musika miresgarrian kontzentratuta, nota bakoitzari ateratako sentimendua transmititu ziguten, oholtza gainean gu geu jotzen ari bagina bezala sentitzeraino. Mutil hauek ikusita, zuk ere gai izan nahi baituzu soilik aukeratuen esku dagoen teknika horren jabe izateaz. Jazz dotore honen eskutik zerua ezagutu genuen, ekaineko arratsalde honetan...
San Juan sua antolatu zen lekura goaz, a zer San Juan sua!!! Sekulakoa! Eta han bildutako jende andana, batzuk sutik urrun, besteok ahal bezain gertuen, eta familiak ikuskizunari begira zeuden bitartean, haurrak su erraldoiari auskalo zer botatzen eta beste hainbat jende argazkiak ateratzen, zeremonia guzti honen erdian tronpetak, saxofoiak eta haizezko beste instrumentuak, erritmo animoso eta lotsagabean errito pagano baten aurrean bezala sentiarazi gintuzten. Fanfarre
Shukar errumaniarrak ziren: nekaezinak, kutsakorrak, Balkanetako ijitoen kanta hilezkor haiekin gu ere sorgintzeko prest. Suaren aurrean, eta gauaren iluntasunak emandako silueta iradokitzailean, gizon eta emakume errumaniarren dantzak ikus genitzakeen. Beraien baitan, Balkanetako zokoetan baleude bezala, hauspo amaiezinezko ametsean.
Gauean ondo sartuta, Zubiondo Plazako karpan Frantziako
Wombo Orchestrak sortu zuen orgia sonikoa galanta izan zen, inondik ere. Juerga fusioak ekartzen duela esan ohi da, eta askotan egia izaten da. Haize instrumentu mordoa eta bateria jole apartaren teknikak lagunduta (hori bai indarra!), ahotsei emandako garrantziaz gain, jendearen berehalako erantzuna ekarri zuen. Estilo honek ez du hutsik egiten giroa sortzeaz hitz egiten ari bagara, eta afro-punka eta soula, rock and roll izpiritu konkistatzaileaz lagunduta doazenean, lanaren erdia egina dagoenaren sentsazioa daukat. Amaiera aski polita egun oso interesgarri batentzat, bere proposamenaren originaltasuna eta bide berrien esplorazioan aurrera egiteko erakutsi duen ahalmenagatik oso kontuan hartzeko jaialdia bihurtzen dutena.
Ikusi ez genituen taldeen penarekin, baina aurrerago noizbait ikusteko esperantzarekin, agur esan diogu aurten lehen aldiz bizitu dugu
Haizetara Jaialdiari. Itzuliko gara!