entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

Urko Ansa 2012-5-20

Anoeta Belodromoa (Donostia) Judas Priest, Blind Guardian, U.D.O.

Kontzertuaren sarrera. Kontzertuaren sarrera.
Heavy metalaren jainkoak (Judas) eta haien bi oinordekoetako handienetakoak kartel hirukoitz aparta eskaini ziguten Belodromoan, heavy metal eta rockaren tenplu izandakoan. Oso laburki esanda, heavy metal klasikoa, thrash metala eta power/speed metala, dena gure esku; dena gure belarri eta burmuinen gozagarri

Belodromoa erdiraino bete zela irakurri dut leku batean baino gehiagotan, baina niri gehiago iruditu zitzaidan. Eta, zertarako ukatu, leku honek badauka zerbait beti hunkitzen nauena. Hemen bizitutako gau ahaztezinak izango dira, edo Belodromo honek daukan historia eta hemendik pasatu diren izar guzi haien (The Clash, Iggy Pop, AC/DC, Kiss...) argiak oraindik ere pizturik dirauela... Garai zaharrenetan bezala, hunkigarria da heavy koadrilak inguruko tabernetan, edo kamiseta beltzekin eta kateen soinupean Amaratik Belodromorainoko prozesioa egiten ikustea. Litrona eskuan eta abestiak ahoan, 8 lerroko iltzedun pultsera eramatea, oldarkortasun adierazpen bat baino gehiago, tribuaren harrotasunaren sinbolo moduan ikusten dut. Su Ta Garreko Xabi Bastida han ikusteak, euskal Heavy Metalaren sinbolo handienetako bat han ikusteak, are gehiago hunkitzen nau. Denok gaude. Goazen, neska-mutilak!

Garai zaharrenetan bezala, hunkigarria da heavy koadrilak inguruko tabernetan, edo kamiseta beltzekin eta kateen soinupean Amaratik Belodromorainoko prozesioa egiten ikustea. Litrona eskuan eta abestiak ahoan...

Udo Dirkschneider, edo U.D.O., Accept taldearekin thrash-metalaren historia idatzi zuena, bere bakarkako ibilbidean buru-belarri sartu zen, eta nahita egin zuen, Accept-ekin jarraitu ezkero arrakasta handiagoa izango zuela jakinda ere. Bere lekua egin du Europako heavy munduan. Dena den, lehena izan zen jaialdian jotzen, eta horrek ez zion batere lagundu, noski. Oraindik argi asko zegoen, eta eszenatokian batere ez; soinua negargarria izan zen, eta soilik 40-45 minutu izan zituzten, beraz... Baina ez dezagun ahantzi U.D.O.taz ari garela hizketan, eta jarrera eta indar aldetik berea eman zuela. Abestien aukeraketa, ordea, ez zen egokiena izan. Argi zegoen azken diskotik bat edo bi jotzea normala zela (“Rev-aptor” eta “Leatherhead” aukeratu zituen), baina 9 kantako set batean hauek eta Accept-en beste 4 sartuta, ez zen leku askorik geratzen bere onenentzat. “Animal House” eta “Vendetta” baino askoz hobeto gelditu zitzaion “Man and Machine” bikaina. Eta Accept-en klasikoekin piztu zen jendea: “Princess of the dawn” mitikoa, “Metal Heart”, “Balls to the wall” eta “Fast as a shark”, inoiz egin den abestirik gogorrenetako bat, non Alemaniako kanta folk baten introa kantatzeko tradizioa mantendu genuen. Honek ekarri zuen UDOren aktuazioaren amaiera; momentu askotan bonboa (bolumen ikaragarrian) eta ahotsa bakarrik entzuten nuela iruditu zitzaidan erdipurdiko emanaldia.
 
Jarraian BLIND GUARDIAN (UDO bezala, Alemaniarrak), Power-Metalaren maisuen txanda. Hauek ere argiak oso pobreak izan zituzten (momentu askotan zuriak bakarrik!), baina erditik aurrera, gaua erortzearekin batera, foko gehiago piztu eta aktuazioa beste itxura bat hartzen hasi zen. Soinua, berriz ere, oso txarra izan zen, baina denborarekin nolabait okerra zuzendu zuten. Argia eta soinuaren hobetzearekin batera animoak ere altxatzen hasi ziren. Hasierako “Sacred Worlds” luze eta orkestratua, adibidez, ez zen jendearen oso gustoko izan, “Nightfall"en Erdi Aroko melodiak bezala, baina bien artean sarturiko “Welcome to dying” klasikoak zale beteranoenen gozamenerako balio izan zuen. Kontzertuaren erdialdetik aurrera izan zen, ordea, apoteosia: “Tanelorn” bortitzak eta speed metalaren paradigma den “Majesty” azeleratuak, amaieran zain genuenaren irrikan utzi gintuen. “Bright eyes”en teklatuek Hansi-ren erregistro  zinez agudoz jantzitako nota dotoreak izan zuten jarraiki, eta orain bai, “Valhalla” Mega-klasikoarekin mundu guztia (gero eta jende gehiago hurbiltzen ari baitzen, litronak edo taberna utzita) kontent eta euforiko jarri zuen. Amaieran, “Imaginations from the other side”, beste artelan bat, eta amaitzeko “Mirror, mirror” adrenalinikoa. Bien tartean, akustikoak eskuan hartuta, “The Bard’s song” epikoa, niretzat bereziki zirraragarria izan zena. Emanaldi polita, beraz, non banda oso forma onean ikusten dudan eta Hansi Kürsch abeslaria boteretsu eta indartsu nabaritu nuen. Zenbaitek karisma falta leporatzen badiote ere, niretzat Blind Giardian-erako abeslari perfektua da. Blind Guardian-en egon daitekeen abeslari bakarra.
 
JUDAS PRIEST, Birmingham-eko legendaren ordua zen orain. Belodromoan ikusten ditudan hirugarren aldia da, baina lehenago ere jo izan dute hemen. Etxekoak direla ere esan genezake! Eta orain bai, jende guztia bere “betebeharrak” utzita (taberna, litrona, komuna, kalea...) Belodromoaren barnean dago, “Epitaph Tour” dioen teloia noiz jaitsiko zain. Talde nagusia bakarrik ikustera etorri direnek ez dakite zer galdu duten, eta are harrigarriagoa egiten zait 60tik gora euro ordaindu eta gero azken momentura arte ez sartzea! Goazen harira, dena den. “Rapid Fire”, “Metal Gods” eta “Heading out to the highway” hirukote izugarriarekin hasi ziren, benetan zirraragarria izan zen eta ikuslegoaren erantzuna ere parekoa. Soinu bikaina, argi joko oso potentea eta laserrak, suak, eztandak... Uf, orain bai espektakulua hasi zela! “Judas Rising”, 2005ekoa bada ere, klasiko bat bihurtu da bere potentzia eta bultzadarekin. Jarraian abesti zaharragoak etorri ziren, mundu guztiak ezagutzen ez dituenak, baina taldearen altxorrik onenaren parte direnak: “Starbreaker”, “Victim of Changes” (tartean gitarra soloa eduki zuena), “Never satisfied” ia prehistorikoa (1974!) eta “Diamonds & rust” eta bere amaiera epikoa non gutako batzuek gaueko momenturik onena bizitu genuen, edo onenetako bat bederen.
 “Dawn of creation” introa, “Nostradamus” disko kontzeptualetik jotzen duten abesti bakarraren aurrekoa da: “Prophecy”. Abesti hau niretzat benetan ikaragarria da, bortitza eta indar handikoa. Mundu guztia zain dago, beti bezala, Rob Halford handia nola jantzita eta nondik aterako den. Nostradamus-en plantak egiten eta makuluarekin, monje baten janzkera hartzen du baina zilar kolore dirdiratsuz. Jarraian “Night Crawler”, niretzat taldearen onenetako bat, bere errepika borobila eta letra bikainaz, nahiz eta ez zen ikuslegoaren partetik kantatuena izan, inola ere. Dagoeneko konturatua nintzen gauza batekin: Rob Halford berean (nahiz eta adinak barkatzen ez duen) eroso eta eraginkor ikusten da, ahotsaren gabeziak era nahiko argian kudeatuz; Ian Hill betiko moduan bere baxuarekin bigarren plano batean jarria dago, baina estiloa mantentzen du eta burua gora eta behera beti erritmoa jarraitzen ari da. Glenn Tipton izan zen gehien harritu ninduena: garai bateko eszenatoki-jalea ia ez zen mugitu ere egiten eta oso ahul ikusten nuen. Gitarra jole berria zen protagonismoa hartzen zuena: eszenatoki aurrean jarri eta soloak egiten zituena! Hori zale askorentzat ia sakrilegioa dela uste dut, baina batez ere K.K.Downing ileoria hor, Glen Tiptone-kin mundua jatera ez irten izana gainditzea asko, asko kostatzen zaigu. K.K.Downing-ek iaz Judas utzi zuenetik gauza honela daude, ordea.

Gitarra jole berria zen protagonismoa hartzen zuena: eszenatoki aurrean jarri eta soloak egiten zituena! Hori zale askorentzat ia sakrilegioa dela uste dut (...)

Baina bizitza aurrera doa, eta “Turbo Lover”-en errepika gogoangarria eta honekin batera alboetatik ateratzen den suak (sinetsiko al didazue?) aurpegia ere berotu zigun! Izugarria. Akustikoarekin hasitako “Beyond the realms of death” Hard Rock basatia bihurtzen da. “The Sentinel”, “Blood red skies” eta Fleetwood Mac-en “The Green Manalishi”k osatutako hirukotea beste delicatessen bat da, jarraitzailerik zaharrenentzat pentsatua dirudiena.
Eta orain azken txanpa birrintzailean sartzen gara, non (literalki) kartutxo guztiak lehertzera doazen. Ikus dezagun: “Breaking the law”n errepika guri kantatzen uzteak eta ondorengo bateria soloak gauza bat bakarrik esan nahi du: Rob Halford “Painkiller” bortitza kantatzeko indarrak gordetzen ari dela. Honetan, notarik altuenetara iristen ez bada ere, ze arraio! Erraidazue 20 urteko zenbat pertsona izango liratekeen erregistro haietara iristeko gai! “The Hellion” introak “Electric Eye” dakar, beste estadio himno bat, inondik ere. Eta azken hirukotean “Hell bent for leather” (Rob Halford Harley Davidson-arekin irten zenekoa, yeah!), “You’ve got another thing coming” eta “Living after midnight”, oraingoan gauerdia pixka bat pasatxo, zahar eta gazte (zahar gehiago gazteak baino), mutil eta neska, denak batu zituen zeremonia kolektibo baten azken testiguak. Iazko Tourraren errepikapen bat bizitu genuela ezin ukatu, abesti berdinak eta orden berberean jotzen dituztena, baina (eta iazkoa agurreko Tourra zela eta beste bat zergatik egin dutenaren auzian sartu gabe), oraingoan bai, oraingoan agian Britainiarrak ikusten ditudan azken aldia ote den pentsatzeak triste jartzen nau. Judas Priest-ik gabeko mundu bat sekula ezagutu ez dudalako.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!