entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2012-10-11

Aritzbatalde pilotalekua (Zarautz) Anje Duhalde + Niko Etxart + Amaia Zubiria

Niko Etxart. Argazkia: Urko Ansa. Niko Etxart. Argazkia: Urko Ansa.
Baliteke historian lehen aldia izatea: Anje, Niko eta Amaiak, hirurak batera, egun berdinean oholtza berdina partekatzea. Hori hala balitz (nik baietz uste dut) Aritzbatalden ikusitakoa benetako emanaldi historikoa izan zen. Antzokirik onenaren pareko akustika duen pilotaleku honetan jotzea luxu bat da edozein artistarentzat. Baita hemendik aurrera joko dutenentzat ere, Zarauzko abesbatzakoek (jaialdiaren antolatzaileak) esan zidatenez, hemendik aurrera urtero Urriaren 11n kontzertu bat antolatuko baitute.


Kartela zinez interesgarria zen: Iparraldeko bi rockero peto-peto, Gipuzkoako (eta Euskal Herri osoko) emakume ahotsik ederrenetako batekin nahastuta!

Amaia Zubiria, sentsazioak transmititzen pareko gutxi dauzkana, Edorta Murua gitarra jolearekin taularatu zen. Xuri xuri ta maitekiro dioen kantarekin hasi zenetik, lehenengo notatik hunkitu gintuen, Ni zuretzako argizagia naiz kantarekin bezala (sentitzen dut, bi abesti hauen izenburua zein den ez dakit). Amaiak ahots teknika paregabea sentsibilitate oso berezi batekin laguntzen du, bere gorputz-mugimenduak eta eskuen espresibitateak bera ikustea esperientzia bakarra bihurtzen dutelarik. Hitz gutxitan esateko: abeslari ezberdinek izan ditzaketen bertuteak, berarengan dauzka denak. Hor egon nintzen, geldirik; hainbeste nota ahaztezinen aurrean isilik, baina flotatzen. Anderia gorarikek bere luzimendurako egina dirudi, Amodioa zein den zoroa (askok Pantxoa eta Peioren bidez ezagutu genuena) ederraren moduan. Haatik, arazo tekniko batzuk zirela eta ez zen Amaiaren egunik onena izan. Horrez gain, oso kontzertu motza eskaini zuen, soilik 6 kantakoa, eta hori oso gutxi da Amaiaren zaleontzat! Seigarren kanta hori (Iruriko Etxahunen Goizean argi hastian zirraragarria) Niko Etxartekin batera abestu zuen; bikote polita osatu zuten, edozein egoerara egokitzeko ahalmena erakusteaz gain. Ez legoke gaizki noizbait bikote honek errepikatzea.

Eta Niko Etxarten txanda zen orain. Rodrigori ederrarekin hunkitu gintuen, berak bakarrik lortu dezakeen era sentikor eta sakonarekin. Ondoren, Brunok lagunduta, sekulako sorpresa hartu nuen Jexuxmai Lopetegiren Oihaneko kanta jo baitzuten. Zarautzen ginela eta aukeratuko zuen, eta Jexuxmai berari eskaini zion, seguru aski ikuslegoaren artean egongo zena. Txalo zartaden ondoren, Musde Urrutia (barkatuko didazue izena gaizki jarri badut) XVI edo XVII. mendeko pieza oso berezia; eta, berriz Brunorekin Ene boltsa beterik zelarik lehen dioena, euskaraz bi bertso eta frantsesez beste birekin. Honezkero giroa (ohikoa den moduan) pixkanaka berotuz joana zen, eta orain bere baladarik onenetako bat, So bat, Hapa-Hapa taldeko Kiki Graciet (musugitarra) eta Dominic Earl-ek (gitarra) lagunduta egin zuen. Hirurek Itxaro Josebarekin jarraitu zuten, azkenik Bruno gehitu zitzaielarik E.H. Rock and rolling beti dibertigarriarekin. Beti bezala, punturik gorenean utzi zuten giroa, eta gehiagoren gogoarekin gelditu behar. Bestalde, Niko Kiki eta Dominicekin hor ikustean, soilik Pierre Hartmannen atabalak eta Didier Echeverriaren baxua falta ziren gure herriko rock and roll talderik onena (Hapa-Hapa) bere handitasun osoan gozatzeko, baina berriz ere amets honexen zain egon beharko dugu... denbora batean.

Anje Duhalderen kontzertua azken urteetan ikusi diodan onena izan zen, zalantzarik gabe. Ahotsean zeuzkan arazoak gaindituta, noraino iritsi daitekeen erakutsi zigun. Bere banda gaztearen kemena eta indarrak bultzaturik, eta Anje beraren botere berreskuratuarekin, Aritzbatalderen soinu paregabeari gehituta, rock and roll bortitz eta zehatzenaren eremuetara eraman gintuzten. Demontre, iparraldekoek erakutsi ziguten euskal rock and rolla egiten 70. hamarkadan, eta 2012an oraindik ere Niko eta Anjek lezioak ematen jarraitzen dute! Horrez gain, Remi Gachis gitarrajolea eszenatoki-jale peto-petoa da, teknika ikusgarria eta solo zirraragarrien egilea. Iigo Telletxeak baxuari txispak ateratzen dizkio eta Txomin Duhaldek aparteko bultzada dauka atabaletan, oso zehatz eta indartsu jotzen du; eta hori gutxi balitz, koru oso eraginkorrak egiteko gai da.

Gau honetan ohiko errepertorioa eskaini ziguten: Errobiren Gure lekukotasunarekin hasi ziren, Maitasun nortasunekin jarraitzeko. Gabon Zarautz, eta gabon Euskal Herria! esan zuen bigarren kantaren amaieran, oso motibatua zirudien Anjek. Garbie (bere azken diskoko beste klasiko bat) dibertigarriaren ondoren Gogoaren baitan kantuak eskatzen duen esfortzuaren aurrean airos atera zen, eta sobera lortu zituen nota zinez altu horiek. Itzela! Kanta honi buruz, Autobiografikoa den hala ez? Kantari soil bat naiz. Eta hala bada, zer ostia inporta zaizu?. Gitarra zaharran, Remi Gachisen gitarraren orrua erabatekoa zen. Hori duk gitarrari probetxua ateratzea! Ezin isildu, Interbiderik ez zen-ekin lotu zuten, kontzertuaren fase pausatuago bat osatuaz, baina Etxeko andrek berriro ere dezibelioak toperaino altxatu zituen, bere abesti gogorrenen pareko iskanbila sortuaz. Nikorekin batera kantatutako Eperra, jotzera kondenatuta daudena, esan beharrik ez dago gaueko momenturik gorenetako bat izan zela, baina hemen dena zen maila gorenekoa, eta Kantuz berberean Nikok oholtzan jarraitu zuen. Azken hauxe Anjek berriro Jexuxmai Lopetegiri eskaini zion (Anje berak Akelarre utzi zuenean abeslari postua hartu zuen berbera): Ea oroitzen duken hau!. Amnistiaren dema izan zen jaialdiko azkena (hemen Niko gabe), berriz ere giroa pil-pilean zegoelarik, baina noizbait amaitu behar zuen, nahiz eta guri beti gutxi iruditu.
Luzaroan gogoratzeko moduko jaialdia izan zen, antolakuntza aldetik oso ongi prestatua, soinu perfektuak borobildutakoa eta Amaia, Niko, Anje eta musikari guztiek errematatutakoa. Datorren urteko egutegian Urriaren 11 borobildu beharko da!
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.