Beste galaxia batekoak dira. Bai El Columpiokoak baita rumbazaleak ere. Asko hazi da El Columpio Asesino bere De mi sangre a tus cuchillas disko berrian. Soinua asko sendotu dute eta diskoan aurkitu dugun sendotasun hori zaila da gaur egun ateratzen diren diskoetan entzutea. Noski, beste gauza bat da hori zuzenean transmititzen jakitea. Bada, hori ere iruindarrek lortu dute. Ez da erraza taula gainean sei musikarik osatutako soinu-orgia ordenatzea. Baina 80. hamarkadako soinu lizun eta gordinenetara hurbilduta lortzen dute. Edo behintzat hori egin zuten antzokiko kontzertuan. Beren doinu erabat kutsagarriek bertara gerturatutakoak ase utzi gintuzten.
Atom Rhumbaren kasua bestelakoa da. Diskoan nahiz zuzenean gure gerria mugiaraziko duen ‘combo’ atomikoa da, rockaren sexu makina. Horrelakoa izan zen beraien emanaldia. Ez dira planeta honetakoak eta horrek txundituta uzten nau. Aliatu bikaina izan zuten soinu mahaian: Kaki Arkarazo. Haien betiko kantuak, batik bat Backbone Ritmo azken diskokoak, eta jada prestatzen diharduten disko berrikoak entzun genituen. Aipatzekoa da saxoaren presentzia eszenatokian, bere gain izan baitzuen momentu batzuetan emanaldiaren pisua.