entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Iker Murillo Urriak 29, 30 eta 31 eta azaroak 1

Barakaldo (BEC) BIME 2014

Mogway taldearen kontzertuaren une bat. Mogway taldearen kontzertuaren une bat.
BIME festibala ez da ohiko festibala. Ondo dakigu hara hurbildu garen guztiok. BIMEn aurki dezakegun eskaintza ez da soilik kontzertuetara mugatzen. Hainbat aurkezpen, merkatu, hitzaldik... osatzen dute egitaraua. BIMEk aste oso bat irauten du eta musikaz guztiz blaituta bukatu dezakezue eta oraindik gehiago eskatzeko gogoekin geratu. Kontzertuei erreparatuz, esan genezake festibal guztietan bezala denetarik aurkitu genuela: nahiz eta batzuk besteak baino gehiago erakutsi, musika maila onargarria entzun ahal izan genuen. Errepikatzekoa seguru.


  • Ostirala
Lehenengo kontzertu interesgarria lehenengo eszenatokian izan zen. Bertan Imelda May-ren emanaldia ikusi ahal izan genuen bertaratu ginen guztiok. Lau urte pasata zeuden Imelda-ren azken kontzertua ikusi genuenetik Euskal Herrian. Azkena Rock festibalean izan zen eta nahiz eta urte guzti hauetan bere musika gehiegi ez aldatu, badirudi soinu melodikoagoen bila dabilela artista irlandarra. Balada bat baino gehiago entzun ahal izan genuen eta nahiz eta bat baino gehiago oso azpimarragarria izan, azkenean Johnny Got a Boom Boom bere lehen diskoko arrakasta izan zen txalotuena.
Ondoren, jende gehiena hirugarren eszenatokira hurbildu zen Sonic Youth-eko kide izandako Thurston Mooreren kontzertua ikustera. Nahiz eta laugarren eszenatokian (aulki eta guzti dituena), Fuel Fandangoren kontzertua izan, kuriositate handia zegoen jakiteko ea zer egingo zuen berak bakarrik Sonic Youth-eko taldeko kideak ondoan eduki gabe. Kontzertua apenas 4 abestiz osatua egon zen. Progresio luzeak eta zubi instrumentalak aurkitu genituen handik eta hemendik. Abesti guztiak bere azken diskokoak izan ziren eta azkeneko ordu laurdena distortsioa eta zarataz josita egon zen. Proposamen musikal originala eta soilik bakar batzuek proposatu ahal dutenak. Teen Age Riot-en zain zeudenek itxaron behar izango dute.

Joe la Reina donostiarren kontzertua ikusteko gogo asko genuen. Urteko diskorik borobilenetakoa sinatu ostean, BIMEra heldu ziren zuzenean aurkezteko eta abestien zirrara berriz ere sentiarazteko. Lastima soinua txarra baino txarragoa izatea. Ahotsa soilik atze-atzetik entzun ahal izan zen eta Macy Gray alde batera utzi eta hemen geratzea aukeratu genuenok dezepzio puntu batekin erretiratu ginen Basement Jaxx ingelesen kontzertua ikustera.
Hura bai jaia. Baliteke teknikaren aldetik ez izatea kontzerturik onena. Baina ez dago inongo zalantzarik: festibaleko kontzerturik dibertigarriena izan zen. Basement Jaxx jende andanaz osaturiko taldea da. Gutxienez bost abeslari ezberdin ikus daitezke eszenatokian kontzertua aurrera doan bitartean. Beren techno, pop, dance, house fusio dantzagarriak hankaz gora jarri zuen BEC. Baliteke argitaratu duten azken diskoa ez izatea beraien karrerako onena, ez eta onenetarikoa ere, baina ukaezina da ongi pasatzen dutela kontzertuetan eta musikaren espiritu alaia soberan islatzen dutela.

Placebo ingelesen kontzertua ikusteko gogotsu geunden asko. Denbora pasa da gurean ikusi genituen azkeneko alditik eta jakin mina genuen. Gaur egun ezinezkoa da Placeboren kontzertu bat berezia izatea ondo baitakigu nola lan egiten duten mutil hauek. Hala ere, harrigarria izan zen zuzenean inoiz ez entzundako zenbait abesti entzutea. Kontzertuaren ostean bat baino gehiago etxera erretiratu zen holako kontzertu bat ez zuela berriz ikusiko pentsatzen.
Baina oraindik azkeneko kontzertu bat ikusteko aukera zegoen. Ordea, Goseren emanaldia ikusteko laugarren aretora hurbildu ginenok hobe izango genukeen etxera joan. Kontzertua ezinezkoa izan zen. Eta ezinezkoa diogu gaueko hiruretan antzoki baten eserita ezin daitekeelako halako kontzertu batez gozatu. Festibaleko segurtasun arduradunek aulki ondoan egotera behartu gintuzten hara hurbildu ginen guztiei eszenatokia hogei metrora utziz. Berriz ere ezinezkoa. Alde horretatik zero bat antolakuntzarentzako.

  • Larunbata
Larunbata Kometa nafarren kontzertuarekin hasi zen. Oraindik berriak dira mundu honetan baina badabiltza gutxika gutxika toki bat egiten. Abestiak ezezagunak dira askorentzako baina, hala ere, bertsio ugari entzun ahal izan genituen eta kontzertua energiaz beterikoa eta dibertigarria izan zen alde guztietatik. Mutilek asko eskertu zuten jendearen presentzia.

Bat-batean aukera tristea eta zaila egin behar izan genuen BIME-ren bigarren egunera joan ginen guztiek. The Kooks ingelesen pop gaztea, Angel Stanich-en folk interesgarria eta Smile getxotarren pop alaiaren artean aukeratzea ez zen erabaki erraza, eta azkenean, nahiz eta ez izan aukerarik hautatuena, jende ugari hurbildu zen Smileren kontzertua ikustera. Askotan ikusi ahal izan ditugu uda honetan eta bizkaitarren Out of Season azken diskoa pisuzko arrazoia zen berriz ere handik pasatzeko. Erraldoiak bezala atera ziren eszenatokira eta ohikoa den moduan kontzertua jendearen artean bukatu zuten. Ahaztezina.

Mogwai eskoziarren kontzertua oso hurbil egon zen Thurston Mooreren proposamenarekin. Progresio instrumental luzeak eta energia ugariz beteriko ordu luze bat non azken diskoko konposizioak entzun ahal izan genituen eta klasikoren bat edo beste ere bai. Ez dira ohikoak Mogwai taldearen bezalako proposamenak eta gaur egun BIME bezalako festibal batean halako proposamenak aurkitzea interesgarria baino interesgarriagoa deritzogu.

Festibaleko azken suziriak The National talde erraldoiarekin hasi ziren. Gainera, honako kontzertuan, Sufjan Stevens abeslari amerikarraren laguntza izan zuten kontzertua aurrera ateratzeko. Soinu arazoak behin baino gehiagotan nabaritu ahal izan genituen eta nahiz eta kontzertuaren kalitatea egokia izan, eta taldearen bromek txalo ugari eragin, zertxobait gehiago espero genuen The National bezalako talde batengandik.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.