entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Myriam Garzia 2015-10-16

BEC (Barakaldo) - 2015/10/04 Berri Txarrak + Refused + Rise Against

Galder danborrei gogoz eragiten. Argazkia: Koldo Orue Galder danborrei gogoz eragiten. Argazkia: Koldo Orue

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Keinu bat baino gehiago egon zen joan den urriaren 4an BEC aretoan. Hardcore melodikoan erreferente den Rise Against Chicagoko talde ezagunaren gaua zen eta, duela urte batzuk Iruean egon baziren ere, Euskal Herria talde honen Europako biraren barruan egotea ez zen kasualitatea izan. Estatu espainiarrean bi kontzertu eman zituzten Chicagokoek, Madrilen eta Barakaldon eta pentsatzekoa da lagun duten Berri Txarrak taldeari egindako keinua eta Euskal Herria berriro ere bisitatzeko aitzakia izan zela.


Jendetza pilatu zen BECeko atarian aurreko orduetan eta sartzeko ilara handiak izan arren, nahiko arin sartu ginen kutxa beltzera, Doctor Music-ek antolatutako hardcore jaialdi esanguratsuaz gozatzera. Gaueko hiru taldeak, alegia, Berri Txarrak, Refused eta Rise Against, 90ko hamarkadan sortu ziren eta hiruek erakutsi zuten, 20 urte igaro badira ere, euren onenean daudela.

Arratsaldeko 7:30etan azaldu zen Lekunberriko taldea eszenatokian, ongi etorri oihu eta txistu artean. Berri Txarrak taldeak Denbora da Poligrafo Bakarra diskoaren bira arrakastatsuarekin jarraitzen du eta, biraren hasieran Bilboko Santana 27 aretoan izan baziren ere, ordutik ez dugu euskal taldea Bizkaiko hiriburuan ikusteko aukerarik izan. Beraz, zale asko beraien esperoan zeunden. Berri Txarrak taldeak ez zien hutsik egin.
DDPB disko berriaren abestiak jo bazituzten ere (gutxi batzuk baino ez), BECeko gaua Denak ez du Balio diskoaren gaua izan zen, zaletuen gozamenerako. Hainbat abesti klasiko entzuteko parada izan baikenuen, tartean: Oihu, Oreka, Isiltzen banaiz, Bueltatzen edota Ikasten. Azken 20 urte hauetan Berri Txarrak taldeak pausu erraldoiak eman baditu ere, gau horretan Lekunberrikoek erakutsi zuten oraindik ere beste garai batzuetako erregistroetan ondo moldatzen direla, esan bezala, ikusle eta zaletuen mesedetan, ondo baino hobeto hartu baikenuen 1997-2007 urte bitarteko singleak biltzen dituen diskoa zuzenean gozatzeko aukera. Jendeak abestu, dantzatu eta oihukatu zituen espresuki gau horretarako prestatutako errepertorioko abestiak.

Azken 20 urte hauetan Berri Txarrak taldeak pausu erraldoiak eman baditu ere, Lekunberrikoek erakutsi zuten oraindik ere beste garai batzuetako erregistroetan ondo moldatzen direla

Pentsatzekoa da, errepertorioaren aukeraketa, talde euskaldunak Rise Against taldeari egindako keinua izan zela eta, baita ere, Denak ez du balio abestia, berriro ere, Tim McIlrathekin abesteko aitzakia. Zale askok espero zuten une hori, Gorka eta Tim elkarrekin abesten ikustea eta, singlearen lehen akordeak entzun zirenean eta Gorkak Rise Againsteko abeslaria aurkeztu zuenean, auditorioak eztanda egin zuen. Ez zen izan Gorka Urbizu eta Tim McIlrath gau horretan elkarrekin ikusteko aukera bakarra, Rise Against-en txandan, Black Mash and Gasoline abestia elkarrekin abestu baitzuten.

Bigarren taldea Suediako Refused izan zen, Rise Against-ek Europako biran telonero izan duen taldea. Argiztapen sotil eta ilun batez lagunduta, aurten kaleratutako Freedom diskoa zabaltzen duen Elektra abestiak zabaldu zuen ere suediarren kontzertua. Refused taldeak berriro ere musika tresnak hartzea erabaki du disko berri honekin, 1998 urtetik, The Shape of Punk to Come hardcore disko esanguratsua argitaratu zutenetik ez baitute disko berririk argitaratu. 90. hamarkadaren aztarnetan, Dennis Lyxzan-en taldeak musika eszenatik aldentzea erabaki zuen, ez sorkuntza faltagatik, baizik eta, euren musika produktutzat har ez zedin. Hala ere, BECeko kontzertuan disko esanguratsu honen New Noise abestia jo zutenean, ikusleriak oihuka eta saltoka hartu zuen.

BECeko kontzertuan Refused taldeak New Noise abestia jo zuenean, ikusleriak oihuka eta saltoka hartu zuen

Refused-eko abeslaria den Dennis Lyxzan-ek hainbat lelo bota zituen eszenatokitik, askatasunaren alde eta estatu kapitalista eta patriarkalaren kontra. Hori baita gau horretako taldeek komunean duten beste gauza bat, aktibismoa eta politika egiteko joera, eszenak ematen duen zabalkundea aprobetxatuz (Refused zein Rise Against beganismoaren eta animalien eskubideen alde agertu dira publikoki behin baino gehiagotan).
Rather be Dead, The Deadly Rhythm, 366, Thought is Blood edota Servants of Death abestiak entzun ahal izan genituen eta Dennisek erakutsi zuen garrasika egiten ez duenean, ahots polita duela. Beste garai batzuetan The International Noise Conspiracy taldean aritutako abeslariak show ederra eskaini zuen, eta esan daiteke alkandora ondo izerdituta atera zela.

Ez zuen soinu onik izan (...) Zaletuek The Black Market azken diskoaren abestiak jarraitu zituzten koro ozenak eginez, baina Chicagoko taldeak disko zaharretako abestiak ere abestu zituen

Azkenean heldu zen denok espero genuen unea, Rise Against-en txanda. Ez zuen soinu onik izan; gau beraren hirugarren ekualizazioaren ondorio ala Europako bira neketsu baten aztarna izango ote zen ez dakigu. Tim McIlrathek eskerrak eman zituen euskaraz behin baino gehiagotan eta eszenatokitik mugitu zen honek zuen luzera osoan. Zaletuek The Black Market azken diskoaren abestiak jarraitu zituzten koro ozenak eginez, baina Chicagoko taldeak disko zaharretako abestiak ere abestu zituen, tartean: Give it All, The Dirt Whispered, Ready to Fall, Help is on the Way, Hero of War edota Swing Life Away. Hala ere, azken diskoko The Great Die-off abestiak zabaldu zuen kontzertua, oihu artean hartua izan zena. Coloradon bizikletarekin izandako istripu baten ondorioz, McIlrathek ezin izan zuen gitarra jo eta bere ordez, The Lawrence Arms taldeko Neil Hennessy gitarra jolea aritu zen BECen. Hala ere, taldeak ez zuen konbentzitu eta irteterakoan zaletu askoren ahotan entzun ahal izan genuen soinu txarraren komentarioa.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.