Metallica
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Amaitu da. Arrakastatsua izan da. Milaka lagun inguratu dira festibalera. Egunik jendetsuena, azkena, Metallica izar izan duen eguna, alegia. Irakurri hemen Bilbao BBK Live jaialdiaren kritika zabala egunez egun eta taldez talde
Osteguna 21
15.012 lagun
Ailegatu ginenerako Mastodon hasita zegoen eta haurreko taldeak galdu egin genituen.
Mastodon: Soinua ez zuten alde eduki. Kontzertu indartsua eskaini ziguten. Muturreko metala detaile heavy klasikoez josita, punteoetako tapping-ak edo riff heavyak adibide.
Juliette & The Licks: Guretzako eguneko hoberenak. Oso indartsu atera ziren beraien rocka deskargatzera eta halaxe ibili ziren kontzertua bukatu arte. Bai Juliette eta baita taldekideak ere, alde batetik bestera zebiltzan oso eroso, dena ematen beraien arteko ezin giro hobeagoan. Iron Maiden-eko kide batzuk ere hurbildu ziren emanaldia ikustera, Vip zonaldetik noski. Julietteren urtebetetzea zela eta, taldekide eta publikoaren artean
Happy Birthday eta dena abestu zitzaion.
Iron Maiden: Jendea espero zuen taldearen ordua iritsi zen, egunean zehar kontzertu-eremu guztia Iron Maidenen kamisetez josita ikusi genuen… Azken diskoko abesti batekin hasi ziren, eta ohikoa denez, eszenatoki gainean kristoren muntaia, azken diskoko erreferentzia hartuaz, guda baten erdian egongo balira,
Iron Maiden abestian tanke eta guzti.
Soinu oso txarrarekin hasi ziren, baina emanaldiak aurrera egin ahala, hobetzen joan ziren. Hala ere, ez zuten lortu kristoren soinua, beraien teknikaria Bilbora ailegatzeko arazoak izan zituela komentu zuten eta agian honegatik edo haizeagatik izan zitekeen; izan ere, eszenatoki honetan arazo bera beste egunetan errepikatu baitzen.
Dena dela, Bruce alde batetik bestera ikusi genuen beti bezala, eta beste taldekideak ere gelditu gabe ibili ziren. Azken diskoko abesti asko eta klasiko dezente jo zituzten:
The Trooper, The Number Of The Best, Fear Of The Dark, Run To The Hills, Iron Maiden, Wrathchild, Two Minutes For Midnight… azken hau, zehazki, hamabiak izateko bi minutu falta zirenean jo zuten. Hala ere, Donostian jo zuten aurreko emanaldiarekin alderatuta, batzuk falta izan ziren eta ez dakit soinuaren arazoagatik edo zer, baina iruditu zitzaidan ez zutela hainbeste transmititu. Ni behintzat sentsazio gazi-gozo batekin geratu nintzen. Hala ere, ondo egon zen emanaldia.
Within Temptation: Metal gotikoa ahots ederreko neskarekin. Evanescenceren garaikide dira eta hauekin antzekotasunak dituzte. Bereizgarriena neskaren ahots ederra izan zen, askotan operara gerturatzen zena. Neska zuriz jantzita nobia baten gisa ondo ibili zen taula gainean. Ondo egon ziren.
Ostirala 22
24.193 lagun
One Direction Drive: Ondo, batzuetan Incubus gogora ekarri ziguten.
Berri Txarrak: Indar handia. Argi geratu zen bere publikoaren zati bat han egon zela eta festibala animatzen hasi zen. Oso ondo.
Billy Talent: Talde hau My Chemical Romance-rekin batera gazteen artean nahiko modan dago eta zuzenean ikusteko momentua heldu zen. Beren abestiak oso energetikoak eta eroak dira eta zuzenean ondo defenditu zituzten kontzertu indartsua eskainiz. Abeslaria “a capella” Red Hot-en abesti batekin ausartu zen eta nola gainera. Oso onak.
Kula Shaker: Detailez beteriko rocka, zati melodikoak, zati intentsuak… Teklatu jolea The Beatleseko kide bat ematen zuen eta batzuetan beren soinuak Liverpooleko taldea ekarri zigun burura. Azkena Rock Festibalerako talde egokia. Oso onak.
Fishbone: Beti bezala beren identitatearekin, reggae, ska, funk, soul, heavy, hardcore… Nahasketa finean, batez ere reggae-skara gerturatuz. Emanaldi oso dibertigarria eta intentsua. Abeslaria bukaera aldean jende gainera botatzen ibili zen. Oso onak.
Fermin Muguruza & Afro-Basque Fire Brigade: Emanaldia hasi eta jendea pixkanaka berotzen joan zen, denak dantza batean bukatzeko.
Sarri Sarri eta abesti ezagunak jo zituzten. Hauek ere oso onak.
Red Hot Chilli Peppers: Beren ordua heldu zen. Chad atera eta bateriari joka hasten da, gero Flea baxuarekin eta segidan Frusciante jauna bere gitarrarekin. Entsegu lokalean egongo balira bezala, intentsitatearekin jolasten doaz inprobisazio kutsuarekin. Kiedis atera eta hasten da kontzertua. Abesti gehienak azken bi diskotakoak dira, klasiko oso gutxi hortaz,. Denbora luzea pasatzen da abestien artean emanaldiari erritmo oso geldoa emanaz. Erritmo hau hautsi zuen abesti bakarrenetakoa Fishbone garaikideei eskainitako Mothers Milk-eko abesti bat izan zen. Ez zuten dena eman.
My Chemical Romance: Soinu gotiko kutsu batekin, agian estetika gailendu zen: abeslariaren aurpegia zuriz margotuta… Batzuetan Queen burura ekarri ziguten, besteetan Placebo eta besteetan Green Day. Ondo ibili ziren.
Osteguna, 28
15.767 lagun
Ailegatu ginenerako Los Ronaldos hasita zegoen eta aurreko taldeak galdu egin genituen.
Los Ronaldos: Ez naiz oso zalea, baina beraien zaleak gustura ziruditen.
Muchachito Bombo Infierno: Mestizai eta fusioa, haize sekzio eta guzti. Manu Chaoren bertsio bat egin zuten.
Maceo Parker: Funk-soulez jositako kristoren emanaldia, gu dantzan eta ezin gusturago.
Fito & Fitipaldis: Jende askok kritikatu zuen eguneko burua talde hau izatea. Ni ere ez naiz oso zalea, baina talde ona dela iruditzen zait eta beraien emanaldia ikusi eta gero inongo dudarik ez. Oso kontzertu ona.
New York Dolls: Hasieran jende oso-oso gutxi zegoen, eta ez ziren oso bero hasi. Glam kutsuko hard rocka jo eta jo, geroz eta gusturago aurkitu ziren, eta modu berean, geroz eta jende gehiago gerturatuz joan zen. Bisetan pare bat aldiz atera ziren, ezin gusturago ikusten zitzaien. Egia esan, egun horretako karteletik nahiko lekuz kanpo zeuden, eta Fito eta gero tokatu zitzaienez, meritu handia izan zuten. Oso onak.
Ostirala, 29
39.740 lagun, uakamoleee!!!
Iritsi ginenerako Idi Bihotz hasita zegoen eta aurreko taldeak galdu egin genituen.
Idi Bihotz: Ez naiz oso zalea, baina diskoan baino indartsuago ibili ziren emanaldi ona eskainiz.
Zico Chain: Hard Rocka. Ahotsetan Mötley Crue ekarri ziguten burura, baina hauek baino azkar eta zikinagoak. Emanaldi ona.
Dagoba: Frantziar hauek azken orduko Bullet For My Valentine taldearen baja kubritzera etorri ziren. Metal oldarkorreko kristoren emanaldia eskaini zuten oso eroso eta komunikatzaile, batzuetan Pantera gogoraraziz. Oso ondo.
The (International) Noise Conspiracy: Soinu nahiko txarra eta hauen kasuan soinuaren bolumen falta gehitu behar. Eszenatokian ikusten zenaren arabera, dena ematen aritu ziren, hala ere, horrelako soinuarekin ezin askoz gehiagorik esan.
Nebula: Incubusen hegaldiaren atzerapena zela eta Nebularekin ordua aldatu zuten. Ez dakigu azken orduko ezuste honengatik-edo, baina Nebula ez ziren guztia ematera atera. Hala ere, beren hard rock psikodelikoa oso ondo sartu zitzaigun.
Metallica: 40.000 pertsona inguru zain. Ia ordu erdiko atzerapena eta gero, Sergio Leoneren
The good, the bad and the ugly pelikularen bukaerako eszena… Ennio Morriconeren musika ezinegona sortzeko… Hasten da:
Creeping Death eta jarraian
For Whom The Bells Toll, hau hasiera!! Eszenatokia horizontalki bi zatitan banatuta, goiko aldean pantaila erraldoi bat jarri zuten.
Master Of Puppets-eko ia disko guztia jo zuten;
Kill’em all eta
Ride The Lighting-etik batzuk; disko beltzetik dezente;
And Justice For All-etik soilik
One; St. Anger-etik ezer;
Load eta
Re-load-etik
The memory Remains soilik, hori bai, abesti honetan publikoa Marianne Faithfull-en koroak egiteari gogotsu ekin zion. Emanaldi erdialdera Robert Trujillo ikurriñarekin agertu zen, eta emanaldi bukaeran euskaraz eman zituen eskerrak; aupa Trujillo!, ea Maiden eta Red Hot ikasten duten.
Ordura arte soinu mahaiaren aurrean egon ginen eta soinua ez zen zeharo ona izan. Beste egunetan bezala, ez dakigu arazo hau haizeagatik edo zergatik izan zen. Aldiz, lekuz aldatu eta soinua askoz hobearekin topo egin genuen, aurrez jakin izan bagenu... Aurreneko bisak hasi ziren
Nothing Else Matters abesti ederrarekin, eta txiskeroen ordez, mugikorrak, nola aldatzen diren garaiak… Jarraian helikopteroaren zarata, eztandak, su artifizialak… eta
One abestia, gero
Enter Sandman, ezin falta… Bigarren bisetan, abesti berri bat eta bukatzeko
Seek & Destroy, bi ordu ta erdi ia. Oso onak.
Incubus: Lehen esan bezala, hegaldiarekin arazoak izan zituzten eta emanaldiaren ordua aldatu behar izan zuten. Kristoren soinua, eta denetik jo zuten: abesti lasaiak, intentsuak… Ez zuten emanaldi luzea eman eta bisetan abesti bakarra jo zuten, baina oso ondo egon zen.