entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Myriam Garzia 2016/04/18

Bilboko Alondegia / Campos antzokia (Bilbo) Harkaitz Cano + Mursego / Maddi Oihenart + Anari (Loraldia 2016)

Mursego eta Cano. Argazkia: Loraldia. Mursego eta Cano. Argazkia: Loraldia.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bilbon apirilaren 9tik 24ra egin den Loraldia jaialdiaren 2. edizioak, berriro erakutsi du euskal kulturak, kalitatezkoa izateaz gain, berdin betetzen dituela aretoak. Bilboko ikusleria masiboki gerturatu da areto, ibilaldi eta ikuskizunetara, eta jaialdiak askotan "sarrerak agortuta kartela eskegi du leihatilan (adibidez, Joxemiel Bidador pastorala, Bilbronx, Gibelurdinek-en Shane Mcgowanen gibela...). Ugariak izan dira, era berean, 400dik gora ikusle bildu dituzten ikuskizunak, hala nola, Laboa Jazz, Enkore taldearen kontzertua, Maite.K....


Izan ere, 16 egunez jarraian, 36tik gora emanaldi, 80 euskal sortzaileren parte hartzea eta, nola ez, guzti honen erdigunean, euskal kulturaz gozatzea atsegin duen publikoa. Loraldiaren datuen arabera, bataz beste, areto eta antzokien eserlekuen %73 bete da. Baina, ikusleen arrakastatik harago, nabarmendu nahi dugu goi-mailako eta kalitatezko artea izan dugula gure artean. Hamaika une hunkigarri bizi izan ditugu, eta agerian geratu da gaur egungo euskal sortzaileen lanek kalitate handia dutela. Bada, eskerrak eman nahi dizkiegu sortzaile horiei, festibalean jarritako adore eta profesionaltasunagatik, adierazi dute Loraldia jaialldiko antolatzaileek. Beraz, Loraldia eta bertan lan egin  dutenak zoriontzea baino ez dago.

Loraldia eta bertan lan egin  dutenak zoriontzea baino ez dago

Entzun! apirilaren 18an egin ziren bi musika ikuskizunetan egon zen: batetik, Mursego eta Harkaitz Cano biltzen dituen Porto izenburukoan, Bilboko Alondegian izan zena; eta bestetik, bi musikari handi eta arras desberdinek, Maddi Oihenartek eta Anarik, Campos antzokian eman zuten emanaldian.

  • PORTO
Alondegian egin zen Porto ikuskizuna Mursegoren biolontxeloak zabaldu zuen. Maite Arroitajauregik zuzen zuzenean eraman gintuen edozein portuko girora. Mikrofonotik gertu putz eginez, itsasoaren oihartzunaren soinua gorpuztu zuen Alondegian, biolontxeloarekin kaioen oihuak eta itsasontzietako tutuak imitatuz. Pedala erabili zuen, ohikoa duen moduan, geruzaz geruza bere musika piezak osatzeko. Mursegori esker, O Portoko giroan erabat murgildurik, Canok hitzak jartzeari ekin zion, Portugaleko hiri honetako zenbait datu objektiboak emanez: biztanleria, koordenadak eta abar.
O Portoko ardoari men egin zioten ez bakarrik musika eta poesiarekin, tartean mahai gainean zuten ardo kopei zurrupadak emanez ere. Horretarako, hizkuntzak askotarikoak izan ziren. Euskara, gaztelera, portugesa, frantsesa, errusiera (erdi asmatua) Baina oinarrian, musika eta poesia. Mursego bere erara eta libre aritu zen eta, errepasoa egin zion ez bakarrik euskal musikari; tartean Betti Smith, Enrique Morente edota Albert Plaren bertsioak egin zituen. Canok bere poemak eta euskarara ekarritako beste batzuk irakurri zituen, tartean Baudelaire-n Maitaleen ardoa. Handik, besterik ezean, mozkortuta atera ginen.

  • ANARI + OIHENART
Hurrengo geltokia, Campos antzokia. Bertan, Anari eta Maddi Oihenart elkarrekin ikusteko aukera izan genuen. Bakan horietako bat, Maddi Oihenart ikustea ez baita oso erreza izaten, gogorarazi zuen Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoak egindako aurkezpenean. Oihenartek zabaldu zuen kontzertua, Sokahots Orkestrako Jeremi Garateren biolontxelo sotilak lagunduta, Zuberoako bi doinu tradizionalekin. Ostean, Sokahots Orkestrak lagunduta, bere azken luzea den Doi diskoko abestiak jo zituzten (Agian, Ezinen Orekan, Mentran). Ia denak Itxaro Bordak idatzi ditu, gogorarazi zuen Maddik. Aipagarria da Oihenart ondo moldatzen dela doinu zaharrak abesten, ia ia a capella, baina Sokahots Orkestrak, musika tresna akustikoez gain, elektrikoak ere erabili zituen. Eta, eremu honetan Maddi ezin hobeto moldatu zen.
Anari eta bere taldearen txanda heldu zen gero. Azkoitiarrak  errepertorio anitza egin zuen, Zure Aurrekari Penalak diskoko abestiak joz (Ametsen eraiste neurtua, Orfidentalak), baina, baita ere, abesti zaharrak (Aingura hegadunak, Harriak). Aipagarria da gitarra elektrikoan, Ander Mujikak (Napoka Iria) lagundu zuela taldea, Borja Iglesiasen ordez.
Merezitako azken txanpan, Anariren taldera Oihenart eta Garat (Sokahots Orkestrako biolontxeloa, gitarra akustikoa eta elektrikoa) gehitu ziren Anariren bi abesti egiteko. Entseatzeko denbora gutxi izan zutela adierazi zuen Anarik, gauza hauek badakizue nolakoak diren. Baina nolako musikari handiak diren hauek, polito geratu zen, ondo baino hobeto.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.