entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2011

BILL CALLAHAN, 2011/05/21, Antzoki Zaharra (Donostia)

Kontzertuaren afixa polita. Kontzertuaren afixa polita.
Kontzertuaren biharamunean hipnotizaturik nago oraindik, Bill Callahan-en ahotsak liluratuta, bahituta eta kontzertuko azken notek utzi ninduten zeru izartsuan galduta. Bart jazotakoa gogoratzean, neure burua ikusten dut Antzoki Zaharreko bidean nire barrenerako Bill Callahan bera nor ote zen galdetuz. Era batera edo bestera kontzertuan zehar misterio hori nolabait desegingo zenaren itxaropena nuen, itzalaren babesean, zurrunbilo ilunaren azpian, begirada galdu horren atzean zer ezkutatzen zen jakingo nuela. Gaur, misterioa bere horretan jarraitzen duela susmatzen dut, baina gau ahaztezina pasa nuela ere.


Hala ere, gauza ez zen oso ondo hasi egia esan. Sophia Knapp-en musika arin eta hauskorrak eman zion hasera ekitaldiari gonbidatu moduan eta egia esan, une askoetan atsegingarria bazen ere, noraezean eta hotz samar utzi ninduela onartu behar dut.

Baina Sophiak bukatu bezain pronto gauzak aldatzen hasi ziren. Kraftwerk-en musika izan genuen lagun atsedenean eta bera moztu gabe eta aurkezpen handirik gabe Bill eta bere bi lagunak (Matt Kinsey gitarra jolea eta Bill Morgan bateria) atera ziren eszenatokira. Bill, traje zuriz jantzita eta ilea alde batera orraztuta, Todd Solondz-en filma baten pertsonaia zirudien (ukitu xelebre, ia umoretsua eta aldi berean hondo sakon eta tragiko baten isla). Eta lehen unetik garbi geratu zen Billen ahots ahalguztiduna izango zela protagonista nagusia. Narkotizatutako Johnny Cash bat balitz bezala, beti lehenengo planoan, Antzoki Zaharreko entzuleria isiltasun ikaragarri batean kikildu araziz. Bi musikari laguntzaileek aparteko lana egin zuten eta Billek maisutasun handiz dosifikatu zuen hauen indarra eta espresibitatea. Ondorioz, Billen ezaugarri den tonu monokorde eta errepikakor horren barnean bazen ere, bere musikak aurpegi eta nabardura anitz eta erakargarriak dituela erakutsi ziguten. Une batzuetan Giant Sand-ekoek sortarazten dituzten basamortuko imajinak zetozkidan burura. Bereziki Billek abesti baten erdian jarraitu ahal izateko ur pixka bat eskatu zuenean.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.