entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Ion Etxe 2008

BRANT BJORK & THE BROS + COBRA, 2008/11/16

Argazki hau gezurra da, ez genuen Arrasateko kontzertuan hartu... Argazki hau gezurra da, ez genuen Arrasateko kontzertuan hartu...
Kaktusak, aire itogarria, beroa, oasiak zein dunak, sugandila, suge eta desertuko bestelako pizti arriskutsuak ikus eta entzuteko prest geunden igande gauean Arrasateko 3.60 parRockiara hurbildu ginenok. Desertuko rockaren aitzindari Kyuss eta Fu Manchu talde entzutetsuetan aritutako Brant Bjork Euskal Herrian baikenuen bisitan, uda aurretik kaleratutako "Punk Rock Guilt" diskoa aurkezten, Kanada zein Europan zehar diharduen bira amaigabearen baitan.


Gauari su ematen lehenak Cobra euskaldunak izan ziren eta ordu bete eskaseko kontzertuarekin publikoa ederki bereganatu zuten. Kontzertua 20:00tan hasi ordez, ordu bete atzeratu zen kaliforniarrak berandu iritsi baitziren Portotik eta ziur, horrek eraginda jo zutela hain kontzertu motza. Hala ere, emanaldi trinko eta izerditsua eskaini ziguten beraien lehen lan luzea den "The Strong Arm of The Rock" aurkeztuz. Energiaz beteriko kontzertua, kantu bakoitza ziztada pozoitsu bilakatuz. Metala eta rockaren arteko nahasketa, heavy zein stoner ukituz apaindurik. Denetarik beraiek thriller rock gisara definitzen duten horren barruan. Winchester eta Life too short 2 drive so slowy abestiak jo zituzten besteak beste eta tartean, petakan gorderik zuten whiskyari zurruta eman. Konturatu orduko agur esan ziguten, baina jada berandu zen ihes egiteko, dagoeneko Marion Cobretti eta lagunen lupuaren eraginez beste planeta baterantz bidaian baikinen.

Berandutzea eta atzerapena zela, soinu probak egiteke zuen Brant Bjork & the Bros laukoteak. Ondorioz, Cobraren hozkadak gorputzean barreiarazi zigun pozoiaren efektua desagertzear zen, baina tira, itxaronaldiak mereziko zuen. Azkenik, lupuaren efektua guztiz joan aurretik taularatu eta lehenengo abestia amaitu orduko, bueltan ginen basamortuaren berora. Publikoak espero zuena eskaini zuten, Palm Deserteko soinu astuna, riff amaigabeak, punteatze borobilak eta bozgorailuen durunda. Psikodelia ukituko stonerra.
Kontzertua ona izan zen, lasaia, gozatzeko modukoa. Garagardo pare bat patxadaz edateko, asko desfasatu gabe. Brant Bjorkek gaur egun eskaintzen duena ez baita Kyuss edo Fu Manchu taldeetan eskaintzen zuena. Erraz entzun, barneratu eta barreiatzen den musika alegia. Aipatzekoa, gitarra zein kantuan, bateria astintzen bezain ongi moldatzen dela erakutsi zigula Bjorkek eta bitxia da ere, bateria-jole gisa ezagun egin ziren bi lagun abeslari lanetan aritu zirela igande gauean (Cobrako abeslari Letek Kokeinen bateria jotzen du eta Brant Bjorkek aldiz, garai batean Kyuss eta Fu Manchun). Eta nola egiten duten gainera!

Laburbilduz, basamortua ez zen hain basamortu izan, eguzkiak ez zuen hainbeste berotu eta bertako piztiak ez ziren hain arriskutsu izan. Hori bai, aretotik irtetean, barruan, kanpoan baino giro beroagoa genuela ohartu ginen. Euskal Herria ez baita Palm Desert.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.