entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

Jon Eskisabel 2007

DONOSTIAKO 42. HEINEKEN JAZZALDIA (I) 2007ko uztaila

Aurten Haizearen Orraziaren 30. urtemuga ospatzeko antolatutako kontzertu-ekitaldi ofizialak aurrea hartu badio ere, Jazz Band Ball-a izaten da Donostiako jazz jaialdiaren hasiera iragartzen duena. Ohi bezala, Kursaaleko terrazak eta Zurriolako hondartza jendez mukuru bete ziren, eguraldi eguzkitsuak eta musika eskaintza zabalak erakarrita. Ohiko eskemari jarraituta, hiru eszenatokitan barreiaturik joera askotariko artistak entzuteko parada izan zen, jazzetik bluesera, eta world music-etik musika elektronikora.

Hondartzako eszenatokian, nagusian, THE SKATALITES arduratu zen giroa berotzeaz. Jamaikarren ska-reggae atseginak jendea dantzan jartzea beste helbururik ez du, eta lortu zuen, ordu batzuk geroago GOTAN PROJECT taldeak eszenatoki berean lortu ez zuena. Eguneko izen nagusia zen eta jende asko erakarri zuen Parisko talde argentinarrak, baina zuzenean Argentinako folklorearen doinuak erritmo elektronikoekin uztartzeko proposamena, dotorea eta ondo burutua bada ere, eszenografiaren zuritasuna bezain hotza gertatu zen.

Bigarren egunean, HADOUK TRIO-ren ezohiko jazzarekin –djembe, derbouka edota doodook bezalako tresnak erabiltzen dituzte ugari– gozatu genituen belarriak, HORACE ANDYren emanaldia hasi bitartean. Massive Attackeko diskoetan egindako kolaborazioei esker ezagun egindako abeslari jamaikarrak guk nahi baino gutxiago erakutsi zuen bere falsetto ederra eta bere reggae saioak apenas utzi zigun arrastorik.
CHICK COREA pianista eta GARY BURTON bibrafoi jotzailea kontzertu interesgarria eskaintzen ari ziren Trinitate plazan, baina amaitu aurretik alde egin behar izan genuen, Kursaalen BRIAN FERRY ikusteko. Hori dauka Donostiako jazzaldiaren eskaintza zabalak, aukeratu beharra dagoela. Horretan udako makrojaialdien itxura hartzen ari da. Orain dela bost urte Kursaalen eskaini zuen kontzertua eta berriki Bob Dylanen bertsioez osatuta kaleratu duen diskoa (Dylanesque) gogoan izanik, ez genuen gauza handirik espero Ferryrengandik, eta lehen kantuak, The in crowd, arrazoia eman zigun. Haatik, Positively 4th street heldu zenean, Dylanen kantuetako bat, iritziz aldatzen hasi ginen. Hamar kidez osaturiko taldeak –tartean Chris Spedding guitarrista– diskoan falta zaien indarra –ez dut esango interesa– txertatu zien Dylanen bertsioei (bereziki, Knockin’ on heaven’s door eta All along the watchtower), eta fin aritu zen Roxy Musicen klasikoen interpretazioan (Slave to love, Avalon, Love is the drug). 40 urtetik gorako musika zale estandarraren neurrira eskainitako kontzertua izan zen.
LIVING COLOUR taldeak itxi zuen hondartzako eszenatokia. Laukotea berriz elkartu da eta disko berririk ez badu ere, jendeak ez du taldea ahaztu. Itxuraz gazteturik eta sasoi onean itzuli da Living Colour, Vernon Reidek gitarrarekin deabrukeriak egiten jarraitzen du eta beste horrenbeste esan daiteke Doug Wimbish baxu jotzaileaz –ze grina jartzen duen eszenatokian!–. Bere musikak dagoeneko gauza handirik esaten ez badigu ere, Cult of personality berriz entzutea plazera izan zen. Flojoena, amaiera, Should I stay or should I go-ren (The Cash) alferrikako bertsioa.

Hirugarren egunak izen propio bat izan zuen, VAN DER GRAAF GENERATOR. Harena izan da jazzaldiaren orain arteko kontzerturik gogoangarriena, eta zaila izango da inork hura gainditzea. Desegin zenetik 28 urte pasa ondoren, taldea berriz elkartu zen 2005ean eta hau zen Euskal Herrian jotzen zuen lehen aldia. Zaletuek debozioz hartu zuten taldea Victoria Eugenia antzokian, txaloz agurtuz kantu bakoitzaren hasiera eta zutik jarrita bi ordu eta laurdeneko emanaldiaren amaieran. “Gaia ederra bada bakarrik egiten dut musika ederra; gaia itsusia bada, musika itsusia egiten dut”, adierazi zuen Peter Hammillek (ahotsa, gitarra eta teklatua) orain dela urte asko. Ezin hobeto azaldu zuen talde honen musika, kontrastez beterikoa, kaotikoa eta kontrolatua, ekaitztsua eta barea, entzulea asaldatu eta erakartzen duena aldi berean. Maiz rock sinfonikoko taldetzat jo badute ere, Van Der Graaf Generator sailkapen horren gainetik dago, bere musika askoz zuzenagoa da eta erraietatik sortua. Hammillez gain, Guy Evans (bateria) eta Hugo Barton (teklatuak) dira oraingo taldekideak. Urteen iraganak taldea ozandu egingo zuela uste bazuen inork, oker zegoen. Bere musikak ez du erradikaltasunik galdu (Lemmings, Still life, Meurglys III, jo zituzten batzuk aipatzearren), ezta Hammillen kantatzeko era adierazkorrak ere, eta txundigarria da taldeak erakusten duen sendotasuna eta sinkronizazioa (Guy Evansek aparteko aipamena merezi du).
Aurretik, ISAAC HAYES izan genuen Kursaalen. Stax zigiluaren eta blaxpoitation soinuaren ikurretako bat izan zena ahanzturaren zokoetan galduta dago aspalditik, baina ikusitakoarengatik ez dago handik ateratzeko arrazoirik. Fisikoki eskas –ibiltzeko eta zutik jartzeko arazoak ditu–, bere dohain nagusiak, ahots sakon horrek, indarra galdu du eta kantari kaskarra dugu gaur egun Hayes. Bere soul-funk sofistikatua hiru teklaturen soinuan oinarritzen da, haiek betetzen dute haize eta hari moldaketen lekua, baita beste hainbat efektu sortu ere. Bateria, gitarra eta baxu jotzaile banak eta hiru koristak osatzen dute banda. Taldearen soinuak maiz Hayesen ahotsa estali arren, kontzertuaren lehen zatia balekoa izan zen (Don’t let go, Joy, Walk on by), baina emanaldia bitan banatu zuen bateria solotik aurrera behera egin zuen nabarmen, eta hondoa jo zuen Oop poop a dopo abestu zuenean. Amaierarako, nola ez, Shaft gorde zuen, soul musikaren historian leku bat egin dion kantua. Baina hori iragana da. Oraina beste kontu bat da.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!