Bi edo hiru astez belarrietan Piiiiiiiiiii deseroso bat uzten dizuten kontzertu horietako bat izan zen DRIrena eta aurretik jo zuten hiru talde zikinena. Moganbora sartu eta arnasten zen giroa, zerbezak barra barra, kea, izerdia… eta eszenatokian AEBtako talde mitikoa, hardcoretak eta metalzaleak, punkiak eta heavyak bateratzea lortu duen talde bakanetariko bat. Gutxi iragarria, azken uneko aldaketa batek Donostiara aldatu zuen kontzertua, baina horrek ez zuen eragotzi jende andana gerturatzea. Bateria-jole mertzenarioa askorik gustatu ez zitzaigun arren (ez gaizki jo zuelako, baizik eta erakutsi zuen sentimendurik gabeko jarreragatik), kristoren kontzertua eman zuen DRIk, eta aspaldian ez bezala, pogo bortitzak errepikatu ziren behin eta berriz, jendea eszenatokitik behera eta gora, gizakiez osatutako benetako metak taula gainean, ukalondoen dantza arriskutsua… Ikusleek ez zuten gutxi gozatu gero! DRIk bere errepertorioari errepaso ederra eman zion, bortizki eta azkarki… eta noski, sotoko kontzertuetan bakarrik arnastu daitekeen giroa sortu zen… zikina, ustela, ergela.