“Horrelako ezbehar bat gertatzen denean beharrezkoa da melodia on bat txistukatzea eta berriz hastea”, esan omen zuen Allen Toussaintek Katrina urakanak New Orleans suntsitu zuenean. Bera izan zen hondamenditik bizirik baina dena galdurik atera zirenetako bat. New Yorken lagunik egokiena topatu zuen burua altxatzen hasteko. Ezaguna da Elvis Costellok estilo diferenteetako artistekin kolaboratzeko duen joera asegaitza eta berehala hasi ziren New Orleanseko rhythm’n’blues doinuak omen zituen proiektu batean lanean. Elkarlan hori
The river in reverse diskoan gauzatu zen iaz, eta joan den igandean Donostian aurkeztu zuten, jazz jaialdiaren aurtengo ekitaldi grisari amaiera emanez.
Trinitate plaza lepo bete zuten hiru mila entzuleetatik gehienak Costelloren izenak erakarrita joan ziren ziurrenik, baina injustua litzateke Toussainten garrantziari ez erreparatzea. Bera da New Orleanseko musikaren ezinbesteko izenetako bat, zazpirehundik gora kantu egin ditu, Costellok halako hiru, kantari ingelesak berak entzuleei aitortu zienez, horietako batzuk The Rolling Stones, Lee Dorsey, The Yarbirds, Solomon Burke edota Costellok berak hartu dituzte, ekoizpen lan ugari egin du eta gainera pianista aparta da.
Azken orduko aldaketak izan ziren bi artista handi hauek lagundu zituen talde sendoan. Costelloren The Imposters taldeko Pete Thomas (bateria) eta Davey Faragher (baxua) ez ziren etorri, eta haien lekua Herman Le Beaux-ek eta Paul Bryan-ek bete zuten. Gainontzekoak, iragarritakoak: The Crescent City Horns haize atal bikaina, Anthony Brown (gitarra) –hauek Toussainten taldekoak- eta Steve Nieve (hammond), Costelloren aspaldiko musikaria. Eszenatokian agertu orduko Liverpooleko kantariak egin zuen lehen gauza eskuineko eskuaren hatz lodia altxatzea izan zen, gustura zegoen seinale. Segidan txaloka hasi zen, Wonder woman-en erritmoa markatuz. The river in reverse diskoko kantu horrekin hasi zen emanaldia, baina berehala heldu ziren (I don’t want to go to) Chelsea, Costelloren 1978ko kanta, eta A certain girl, Toussainten pieza bat baina The Yardbirds taldeak ezagutzera eman zuena. Hiru iturri horietatik hartutako kantuez osatu zuten bi orduko kontzertu gozagarria. Costelloren ibilbide luzeko kantu ezagunenetako batzuk (Allison, Pump it up, Watching the detectives reggaea, I can’t stand up for falling up, Clubland), Toussaintek egindako moldaketek eraberriturik entzun genituen, bereziki haize atalari zegokionean. Costellok eszenatokian duen karisma erakutsi zuen beste behin, kontzertuaren gidari rolean erabat sarturik, sentimendu handiz abestu zuen, entzuleekin hurbiltasuna bilatu zuen, eta kostatu zitzaion arren jendeak koroetan parte hartzea lortu zuen. Askoz apalago, bigarren maila batean aritu zen Toussaint dotorea, pianoa fintasunez eta erraztasun itzelaz joz eta tarteka abestuz.
Jazzaldiaren amaierako kontzertu ona izan zen, baina ezin da gauza bera esan aurtengo jaialdiaren maila orokorraz. Bi kontzertu gogoangarri utzi ditu, Wayne Shorter eta Van Der Graaf Generatorrena, baina oro har azken urteetako ekitaldirik eskasena izan da, batez ere Kursaaleko egitarauari dagokionez. Trinitate plazazo kontzertuek baleko maila izan dute, eta hondartzako egitarauak asko nabaritu du azken orduan Mathew Herbert eta Antibalasen kontzertuak bertan behera geratu izana.