entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2013-6-1

Entrecementerios (Atarrabia) Hatortxu Rock 15 (2013)

Fermin Muguruza, jotafuego bere 50. urteurrenean. Argazkia: Kepa Garro. Fermin Muguruza, jotafuego bere 50. urteurrenean. Argazkia: Kepa Garro.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Gezurra dirudi, baina Hatortxu 15. ediziora iritsi da. Urtero jaialdia antolatzeaz gain, 2009an eta aurten bi ospatu dituzte: negukoa eta udaberrikoa, hain zuzen ere. Guzti horrek behar duen antolakuntza maila eta giza errekurtsoak ehunka neska-mutil boluntarioren kemenarekin bakarrik gauzatu daitezke. Ezin diet inolako kexarik jarri lortu diren emaitzei; eta, are gutxiago, Hatortxuk, beste behin ere, eman digun eskaintza musikalari.

Habeas Corpus jada sekulako egurra ematen ari zen sartu ginenerako. Riot Propaganda izena agertzen zen programan, baina lehenengo zati hau Habeas Corpus-ena izan zen; ondoren, Los Chicos del Maiz, Valentziako mutilak elkartu eta Riot Propaganda osatu arte (Madrileko taldearen partaide guziak egon ez arren, ia ia Habeas Corpus + Los Chicos Del Maz direla esan genezake). Sois ejemplo, beraien abesti onenetako bat, borobil geratu zitzaien. Beste behin ere, Espainiako Estatuaren bihotzetik datozkigu mezurik konprometituenetako batzuk, bertakoekin bateratuta beti emaitza oso interesgarriak eman dituztenak. Aznar-en garaiko zentsurak ez zituen isilarazi eta are gutxiago isilduko ditu aurrerantzean etorriko den ezerk. Mano de hierro, guante de seda Habeas-en ohiko letra zuzen eta gogorra da, baina azkenaldian aldaketa oso kurioso bat sartzen dute, bat-batean, Siniestro Total-en Bailar sobre tu tumba kantatzen hasten dira; ondoren, abesti hartara itzuli eta berriz ere Bailar sobre tu tumba-ra jauzi egiteko (bariazio txiki-ren batekin, adibidez Shangri-Lasen ordez Los Sangre Azul aipatzea, kar-kar). Esan beharrik ez dago ezin hobeto geratzen zaiela!!
Azken txanpan bertsio sorta oso interesgarria jo ziguten: Barricadaren No Hay Tregua, R.I.P.en Enamorado de la muerte eta amaitzeko, La Polla Records-en Ellos dicen mierda. Hemendik aurrera hasi zen Riot Propagandaren emanaldia. Hip-Hop eta metalaren nahasketa dela esan genezake; dena den, lehen estilo hori bereziki atsegin ez dudanez, Habeas Corpus-ena baino astunagoa egin zitzaidan. Dena den, Riot Propaganda, El peso del tiempo, Dignidad, guitarras y cintas de vdeo eta, batez ere, Cops eta Pasin de talibanes boteretsuak (horrelako hitzak behar dira gaur egungo gizartean!) indar handikoak dira, bai horixe. El miedo va a cambiar de bando-rekin joan zitzaizkigun, jendearengan inpresio ona utzita.
Honezkero gauza bat argi neukan: oraindik eguzkia sartu ez bazen ere, ez zegoen inongo berorik eta haize fina zebilen. Karparen alboak ez zeuden, ohi bezala, estalita. Eta, noski, hortik sekulako hotza sartzen zen, eta oraindik gehiago sartuko zen iluntzean. Baina, nola aurreikusi zezakeen antolakuntzak ekainean halako hotza egingo zuenik? Ezin genezake kexarik jarri, inondik ere. Dena den, uste baino hobeto ibili ginen, jendartean nahastu eta dantzatuaz... agur hotzari!

Fermin Muguruza Kontrakantxa apirilean ikusia genuen Ondarroako Kafe Antzokian. Egun hartan, bira hasi berritan, oraindik martxa hartzen ari zirela esango nuke, baina orain, bi hilabete beranduago, aspaldi hartu dutelakoan nago. Dagoeneko Palestinan, Katalunian, Berlinen, Via Rocken, Galizian, Buenos Airesen, Chilen, Uruguayen, Mexikon, Durangon, Bilbon... egonak dira eta errodaje geldi ezinean sartuta daude. Horrela, intro moduan balio duen Asthmatic Lion-en segidan, ohi bezala, Ezin ihesi Berlin, Mongolian Barbecue eta Balazalak entzun genituen, Ferminen azken uztetako fruituak. Ez nituzke, pertsonalki, bere abesti onenen mailan jarriko, baina irekiera polita egin zioten showari, eta zuzenekoan indar handia daukate. Eguraldi lainotsua hiriburuan eta In-komunikazioa-rekin giroa zeharo asaldatu bazen, gaueko lehen sorpresa etorri zenean (Sorkun!)... zer esango dizuet bada! Nik dakidala, urte batzuk daramatza oholtzara igo gabe, eta inoiz baino boteretsuago ikusi nuen, irribarrea ezpainetan eta gogo itzelekin. Sorkunekin egindako fase horrek, oker ez banago, 8 kanta iraun zuen, Armagideon tenoreko aztarnak-etik hasi eta Big Beat famaturaino. Tartean abesti zaharrak (Urrun, Newroz) eta azken garaietakoak (Plastic Turkey, Azoka eguna, E.H. Jamaika Clash eta Shoot the singer) entzun genituen, guztia edonor hunkitzeko moduko zurrunbilo batean.


"Fermin eta Sorkun: hor geneuzkan; bi euskaldun berri, euskaraz mundua irensten. Gaztelaniaz heziak, euskara ikasi eta gure hizkuntza mundu osoan zabaltzen dutenak. Adibide konpara ezina, hain justu, kontrakoa egiten duten hainbat euskaldun zaharrentzat ere"

Talde osoa dinamita hutsa da, Fermin, 50 urte bete dituen artista nekaezina, guztiaren gidari: showman, hizlari, kantari, dantzari, komunikatzaile fina... Behar den guztia duela esango nuke. Alboan, gainera, Sorkunek bultzada oso indartsua eman zion. Fermin eta Sorkun: hor geneuzkan; bi euskaldun berri, euskaraz mundua irensten. Ez dugu gehiagorik behar. Gaztelaniaz heziak, euskara ikasi eta gure hizkuntza mundu osoan zabaltzen dutenak. Adibide konpara ezina, hain justu, kontrakoa egiten duten hainbat euskaldun zaharrentzat ere. Horrela, eta Sorkunek oholtza txalo artean utzi ondoren, Xabi Solanoren eskutik Fandangoa (hori duk hori soinua jotzea, Xabi!), eta ondoren 54-46, Kortaturen Etxerat eta La lnea del frente (pentsa dezakezuen moduan jendea pozez zoratzen), Ferminen La fille du Quartier populaire eta Yalah Yalah Ramallah! eta, gaueko bigarren ezustekoa: Fermin eta Gorka Urbizuk Negu Gorriak-en Itxoiten eskaini ziguten. Gorkak, 2009an Kursaalean egin zen Egunkariaren aldeko festan abesti bera bakarrik kantatzen ikusi nuenak, gitarra desafinatua zeukala esango nuke, ordea.

"Xabi Solanok eta Ferminek 'Ikusi mendizaleak'-ekin mundu guztia dantzan jarri zuten (honezkero inor geldirik bazegoen behintzat). Hor daukagu: euskal tradizioa, musika modernoa eta aldarrikapena. Hori, eta askoz gehiago, da Fermin Muguruza".

Ondoren Negu-ren Kolore bizia jo zuen banda osoak, eta segidan, kontzertu osoan eszenatokiaren albo batean ikusi eta gero, Zuloak-eko neskak irten ziren. Aukeratutakoa Zuloak Riot izan zen, noski. Jatorrizkoarekin alboratuta oso tronpeteroa gelditu bazen ere (kar-kar), itzela izan zen. Taniaren handitasuna apartekoa da, ez dut uste sekula halakorik ikusi dudanik. Ahots-erregistro guztiak menderatu, abestu, poseak egin... dena dauka. Ursula eta Izaskun ere izugarriak dira. Eta nola ez, Koldo Soret, Surfin Kaos-eko partaidea, hor goian egon zen, baxuari egurra ematen. Ez nuke gehiegi luzatu nahi, baina nahasketa horrek (Ursula izan ezik, uste dut), beste hiru abestitan jarraitu zuen: Radio Rahim (itzela Tania abesti honetan entzutea!), Nik baditut sei eta FM 99.00 Dub Manifest: sinpleki esanda, kristorena! Gero Xabi Solanok eta Ferminek Ikusi mendizaleak-ekin mundu guztia dantzan jarri zuten (honezkero inor geldirik bazegoen behintzat). Hor daukagu: euskal tradizioa, musika modernoa eta aldarrikapena. Hori, eta askoz gehiago, da Fermin Muguruza. Gora Herria eta Sarri, Sarri-k eman zioten azken errematea.

Eta orain, zuekin: Berri Txarrak! Sols el poble, salva el poble, KOP kataluniarren bertsioarekin hasi ziren, eta askotan bezala, nahita aukeratu zutela iruditu zitzaidan. Hau da, momentuaren arabera abesti batekin ala bestearekin hastea aukeratzen dutela, eta letrek dena esaten dutela. Honetaz gain, inoiz kontrakoa esan badut ere, azken diskoa handiegia iruditzen zait alde batera uzteko: denborarekin konturatu naiz zein handiak diren hemengo kanta batzuk, eta soinu bitxia badute ere, onegiak dira kontrakoa esateko. Beraz, iraganean ere zuzenekoan asko irabazten dutela esan banuen ere, berriro diot: Albo-kateak, Haria, Soilik agur (ederra benetan) eta besteak itzelak dira. Ikuslegoak oraindik abesti zaharrak ditu gehien maite, ordea, eta Min hau, Ez, Libre, Zertarako amestu eta niretzat diferentzia markatzen duten Jaio.Musika.Hil, Denak ez du balio eta Stereo-k, besteak beste, izan zituzten txalo zartadarik handienak. Dena den, Maravillas, Folklore, Gure dekadentziaren onenean eta disko garaiezin berdineko (Payola) Jainko ateoa (seguru aski taldearen onena) piezak sekulakoak dira.
Gaur egun, taldea oholtza gainean ikustea, nola esango nuke bada, urteetan osatzen eta handitzen joan den munstro bat ikustea bezala da: bere osotasunean, heldutasunean, momenturik hoberenean dago. Galder eta David-en fitxaketak, Gorkak behar zuen azken ukitua eman dio taldeari, eta hemendik aurrera edozer gerta liteke. Eta horrela, oholtza gainean ematen duten inpresioan sarturik ginela, azken abestiak Ikasten eta Oihu (niretzat onenen artean ez daudenak) ikuslegoaren zoriontasuna borobildu zuten.

Horrelaxe joan zaigu beste Hatortxu bat, jada hamabosgarrena. Onena, soilik 6-7 hilabete falta direla 16.erako. Sentitzen dut La Jodedera eta Iheskide ikusi ez izana, ea beste batean...
Azkenik, esan Ferminen kontzertuan argazki kameraren objektiboa izorratu zitzaidala. Horrela, objektiboa izorratuta, baina helburuak beti tinko, aurrera jarraitu behar da. Eskerrak, beti bezala, Kepa Garro (Gara, Rock Estatal...) argazkilari bikaina hor zebilela, eta berak ateratakoak pasatu zizkigula www.entzun.com-en argitaratzeko. Eskerrik asko, Kepa!


Giro itzela Hatortxu Rock-en bizitakoa. Argazkia: Kepa Garro.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak

1 iruzkin

Mixil 2013-06-11 13:48:21

berriz ere, HTXen kronika bikaina. F Muguruzaren kontzertua ikaragarria izan zen!!!
Eskerrik asko!!!

Iruzkinean iraina badago, jakinarazi.

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.