entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2009

ERTZ 2009 FESTIBALA (10. URTEURRENA) - Donostia eta Bera (2009ko iraila)

Charlemagne. Arg: Asier Gogortza. Charlemagne. Arg: Asier Gogortza.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Ohi den bezala aukera anitz eta interesgarriak eskaintzen zituen aurtengo Ertz jaialdiak. Berako gune nagusia mantenduz paraleloki geroz eta areto gehiagotara hedatzen ari da gainera (Tabakalera, Arteleku, Bonberenea, Hazparne..). Musika ezberdin hauen zirrara eta jakin-mina sakabanatuz baina aldi berean osotasunean jarraitzeko ere geroz eta zailago eginez. Nire kasuan behintzat eta zoritxarrez, bi ekitalditara bakarrik izan zitzaidan posible azaltzea, Francisco Lopez, Akauzazte, Mattin eta hainbat artista interesgarrien saioak bidean galduz. Tira, ikusi eta entzundakoa behintzat goi mailakoa izan da, beti bezala. Hona hemen jazotakoa:


CHARLEMAGNE PALESTINE (Tabakalera 2009-09-09)

Charlemagne-ren itxura, alkandora koloretsu handia eta txapelaz hornitua, ez da nolanahikoa eta bere musika eta musika bera aurkezteko modua are gutxiago. Udako arratsalde eder hartan sarrera doan zela eta Tabakalerako aretora gerturatu ziren eta kontzertua hasi bezain pronto alde egin zuten hainbat kuriosoek igarriko zuten bezala. Hori bai, bukaera arte geratu ginenok ez dugu erraz ahaztuko han izandako gozamena. Charlemagneren sarrerako hitzalditxoan dagoeneko erakutsi zigun gau berezia izango zela. Eraikin historikoetaz aritu zen, haien erresonantzia eta usaietaz.
Tabakalerako aretoa aurki desegin eta berritu egingo dela gogorarazi zigun eta segur aski prozesu horretan bere pertsonalitatearen zati handi bat galduko duela. Kanpoaldea mantenduz barrualdea erabat estandarizatu eta homogeneizatzen duten hainbat museo eta ekitaldi aretoren berrikuntzetan gertatzen den antzera. Charlemagnek erabiltzen duen pianoa akustikoa da, bakarra eta pertsonala. Aretoa ere hala da eta bere akustika modu honetaz igartzeko azkenetako aukera izango zela ohartarazi zigun, gozatzeko gonbitea luzatzen zigun bitartean.
Kontzertuaren lehen zatian Charlemagne aretoaren akustika esploratzen ari zela zirudien. Behatza brandy baso baten ertzetik pasa araziz eta igurtziz soinu ulukari bat sortzen zuen eta punta batetik bestera pasiatzen hasi zen. Geroz eta azkarrago eta oinkada soinu altuagoz eta aldi berean indiar tribu bati edo lapurtutako eztarriko hots batzuk egiten hasi zen Tabakalerako izpirituak deitu nahi balitu bezala. Jendartean eta ingurutik txoro baten moduan korrikan, harridura, txantxa eta mirespena aldi berean sortarazi ondoren, azkenean piano aurrean geratu eta trantze puntua aurkitu izan balu bezala isildu egin zen. Kontzertua hasteko unea iritsi zela erabakita edo, eseri eta pianoa jotzen hasi zen.
Espazioaren izaera bereziak oihartzunak sortarazten zituen, beharbada aintzinako hotsen kakofoniak, piano beraren soinuekin nahastu ziren gorputz berri bat sortuz. Trinkoa, mamitsua, hipnotikoa, arina batzuetan asfixiagarria besteetan, arraroa askoetan, baina ederra, oso ederra beti. Une batzuetan James Blackshaw-ren 12 sokako gitarra datorkit burura, ez da harritzekoa, New York-eko pianojole bitxi honen jarraitzaile sutsua baita James. Azken koda zoragarriak mailu moduan erortzen diren nota mingarrien artean eraikuntzaren txikizioa aurresaten duela dirudi, baina azken uneetan lainoa desagertzen dela dirudi eta nota leun liluragarri batzuek aretoaren izpiritu ezkutua ekartzen dutela dirudi bere errautsetatik berpiztuko balitz bezala. Beno, ez dakit beharbada sorginkeriaren poderioz irudimena pixka bat aztoratu egin zitzaidan


BERA 2009-09-12

Larunbateko ekitaldiak ikusteko aukera bakarrik izan nuen. Hurrengo hauek hain zuzen ere:
IIO: Taldea, oraingo honetan behintzat, Caf Teatroko Iigo Ugarteburu gitarra jolea eta hiru kideko haizezko sekzioak osatzen dute (Bizarrako Iban Urizar barne). Musika minimoa, txikia baina animoa erabat aldatu dezakeen musika brisa leun bat bezalakoa. Kontzertua motz egin zitzaidan eta berriz entzun nahi nuke denbora eta patxada handiagoaz ondo baloratzeko. Dirudiena baino gehiago dela iruditzen zait eta horixe egiaztatu nahi nuke.
Xabier Strubellen gitarra inprobisazioz jantzita Ander Lipus eta Miren Gaztaagaren delirioz beteriko antzezlana eta Alex Mendizabalek proposatutako plastikozko baso eta hariak igurtziaz entzulegoak osatutako orkestra saioa % 100 ertz izaerakoak eta festibalaren adierazgarri iruditu zitzaizkidan. Bizi eta partehartzeko esperientziak dira, hitzetan deskribatzeko zailak eta are gutxiago kontzertu arrunt baten moduan kritikatu ahal izateko.
Ignaz Schick and Toshimaru Nakamura. Ignaz-ek burdinezko xaflak, bihurkinak eta hainbat tramankulu bitxi erabiliz diska jogailu bat jotzen du, Nakamurak nahasketa mailaren atzetik eta feedback laino baten azpitik soinuak sortu, nahastu birmoldatu eta txikitzen ditu. Marcus Schmickler, Russell and Haswell eta antzekoak datozkit burura bikote indartsu honen lana entzutean. Zarata mingarria, akople, saturazio eta igurtzi zorrotzen sinfonia. Hautsia, inkonexoa, kaotikoa izan daiteke batzuetan, baina beste batzuetan erresonantzian sartuko balira bezala bien arteko batuketa hutsa baino gehiago den erraldoi bat sortzen dutela dirudi. Kaosak zentzua hartuko balu bezala, edertasun bortitz eta liluragarrizko uneak azaltzen dira. Merezi izan zuen zalantzarik gabe.
Gregg Kowalsky-k kasete erreproduktorez egindako kontzertu bat eskaini zigun. Kasete zaharrak erabiltzen ditu, zikinak, distortsionatuak, izorratuak, orijinalki han grabatuta zegoen musika edo soinuen arrasto espektral baten moduan. Erreproduktoreak areto osoan daude sakabanatuta eta Greg-ek piztu, itzali eta lekuz aldatzen ditu piezari forma emanez, handitu, txikitu eta moldatuz. Hipnotikoa, leuna, malgua, gozoa gehienetan. Gustura entzun nuen, baina beharbada sorpresa edo pozoi puntutxo bat faltan bota nuen.
Tzesne eta Paralux-en set-ean ez zen sorpresa handirik izan, haien urpeko soinu sakona eta ehundura bitxiko irudiak ezagutzen ditugunontzat behintzat. Aurreko batzuetan baino dinamikoago ikusi nituen beharbada. Dena dela, sorpresa falta ez zen arazo izan kasu honetan, saio borobil, bikain eta beharbada gaueko hoberena eman baitzuten ene ustez.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.