entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Iker Murillo 2014ko irailak 5 eta 6

Igeldoko jolas parkea Kutxa Kultur Festibala 2014

Cabezafuego. Argazkia: PlanetaLeta. Cabezafuego. Argazkia: PlanetaLeta.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Kutxa Kultur festibala ez da ohiko musika jaialdia, badakigu dagoeneko. Izan ere, Igeldo mendiaren puntaraino igo ziren bisitari guztien telefono mugikorretan arrunta zen ikustea Donostiako hiriaren panoramikaren bat edo beste. Irailaren lehenengo astebukaeran egin zen hitzorduak ez du zer ikustekorik gainontzeko festibalekin: eskaintzen duen lekua paregabea da eta Euskal Herriko zein kanpotik etorritako taldeen nahasketan ardazten da kartela: asteburu paregabea igarotzeko proposamen tinkoa.


OSTIRALA

Ladrones de Guitarras donostiarrak izan ziren lehenengoak taula gainera igotzen. Hiriko lehenengo taldea izan zen Igeldo musikaz mozorrotzerako orduan eta baita lehenengoa beroa jasaten eta lehen orduetako jende apurra girotzen. Izan ere, dozena eskas ikusle zituzten kontzertua asterako orduan, eta kopurua ez zen gehiegi igo minutuak pasa ahala. Hala ere, eszenatokiaren aurrean geratu zirenek (familia kideak eta lagunak batez ere), kalitatezko rock instrumentalaz gozatu zuten. Los Coronas-en antzerako proposamenak gerriak mugitzera animatu zituen eta eszenatokitik irten zirenean, batek baino gehiagok abesti pare bat gehiago eskatzen zuen ardura barik.

Arrunta da gaur egun Euskal Herriko tabernetan rock proposamen ezberdinak aurkitzea, baina ez da hain erraza Correos bezalako taldeak gurean ikustea edota entzutea. Donostiarrak dira hauek ere eta Red Bull autobusaren gainean emanaldi ikusgarria eskaini zuten ordu eskasean. Nahiz eta lantzen duten musika ohiko sustraiak eduki, oso ondo dakite torlojuari buelta bat ematen originaltasuna eta emozioa piztuz. Kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago, zera zioten: “Ez gara jende arruntaz jositako talde arrunta, izan ere bakoitza bere talde maiteak entzuten ditu eta kasu gehienetan oso desberdinak dira besteenekin konparatuz. Hori da gure musikaren sekretua, musika zaletasun ezberdinak batzen ditugu talde berdinaren barruan eta hortik Correosen musika jaiotzen da".

Grises ez dira Donostiakoak, baina Kutxa Kultur festibaleko arduradunek ez dute oso urrun begiratu behar izan haiekin topo egiteko. Amancay, Eñaut, Alejo eta besteak Zestoakoak dira eta indie-pop-rock dantzagarria egiten dute. Dibertigarria, freskoa eta zuzenean indartsua da hauen proposamena. Gazteleraz abesteak asko bultzatu die Euskal Herriko mugetatik kanpora eta, horregatik, eszenatokiaren gainean zeudela asko eskertu zuten kontzertu honek zabal diezaizkiekeen ateak. “Animal”, “Lopan” edota “Alienigenas” azken diskoko abestiak entzun ziren Igeldon eta baita lan zaharretako “Plastico Eléctrico”, “El Hombre Boligrafo” edo “Parfait” abestiak. Festibal honetako lehen kontzertu handiak lehen saltoak eta dantzak eragitea lortu zuen eta bat baino gehiagok faltan bota zuen Grisesen web orrian Euskal Herrian kontzertu gehiago ez aurkitzea hurrengo hilabeteetan.

Bassmatti & Vidaur Donostiako bikotea da eta Magnetic Fields edota Belle & Sebastian-en antzerako pop xarmagarri, sinple eta akustikoa lantzen dute. Agian ez zen proposamen egokiena udako festibal baterako. Izan ere, musika baxuak, doinu delikatuek eta Yon eta Bassmattiren espiritu lasaiak taula gainean ez zuten behar besteko atentzioa piztu haien aurrean bildu zirenen artean. Agian, taberna baten edota antzoki baten, beste atmosfera bat sortzeko trebeak izango dira donostiarrak, baina Igeldoko Kutxa Kultur festibalean gutxi entzun zitzaien. Hala ere, azpimarratzekoa da azken diskoak, “Melodias concertantes”, lortu dituen kritika onak. Ordu erdi baino gutxiagoko lana non “pop” hitzak esanahi ezberdinak lortzen dituen instrumentazioa eta melodia behin eta berriz berrasmatuz.

Toy ingelesak puntual agertu ziren Keler eszenatokiaren gainean. Aurrealdean haien kanta guztiak abesteko prest zeuden milaka ikusle. Izan ere, ordu haietan Igeldoko parkea jendez goraino zegoen. Rock psikodelikoa landu zuten ordu luze batez eta “Join The Dots” azken lanaren abesti gehienak entzun ziren jolas parkean. Toy taldearen kontzertua asteburu osoko txalotuena bezala gogoratuko da eta “Conductor”, “Endlessly” eta “Lose my Way” abestiak izan ziren arratsaldeko gogoratuenak eta xarmagarrienak. Musikalki trebeak eta originalak dira eta ezinezkoa da rock psikodeliko-progresibo horretan beste taldeekiko antz handiak topatu. Beraz, gustatu edo ez, atseginez lantzen duten musika, eta ezin esan trebea eta ezberdina ez denik.

Indigo talde donostiarraren kontzertua Bruce Springsteen eta Amerikako sustraietako musikaz elikatzen da behin eta berriz, musika aberatsa eta magikoa oparitzeko asmoz. Aipatu autobusaren gaineko eszenatokira taldeko zortzi kide igo ziren eta toki txiki hartan aritu ziren. Igeldo liluratu zuen abeslari gipuzkoarrak ia saio osoan zehar eta nahiz eta pare bat alditan hanka sartu, txalotua atera zen musikaria Kutxa Kulturretik.
Esan beharra dago bat baino gehiago arritu ginela Donostiak duen taldeekin eta hauek dituzten joera musikalekin: folk, rock, pop, elektronika edota surf-rock instrumentala ikusi ahal izan genituen Igeldoko jolas parkean eta guztiak talde donostiarren esku etorri ziren. Donostiako eszena musikalak pozteko arrazoiak ditu.

Lori Meyers eguneko izenik kuttunetarikoa zen. Gaueko programazioa beraiek ireki zuten eta gutxi kostatu zitzaien Igeldoko parkea hankaz gora jartzea. Nahiko ezagunak diren indie-pop doinu eta erritmoekin berotu zuten giroa eta diskografia osoko abestiak entzun ziren: “Alta fidelidad”, “Religión”, “Planilandia” edo “Mi Realidad” abestiek Donostiako gaua piztu zuten ordu eta erdi luze batez.

Gogoak zeuden The Wombats Liverpooleko mutilak taulan ikusteko eta “Your Body Is a Weapon” diskoaren abestiak entzuteko. Hain zuzen ere, azken lanaren konposizioak izan ziren nagusi. Hala ere, denbora soberan egon zen beste asko entzuteko, esaterako, “Let´s Dance to Joy Division” bezalako abesti izugarria. Azken kontzertu perfektua lehen egunari agur esateko eta jendea hurrengo egunera arte despeditzeko.


LARUNBATA

Bigarren egunean, arratsaldeko 16:30ak aldera jendea hurbiltzen hasi zen Gose arrasatearren kontzertua ikustera. Saio gehiena azken diskoko abestiak errepasatzen pasatu zuten eta soilik azkeneko ordu laurdenean entzun ahal izan ziren disko Zuri eta Beltzaren abestiak. Hala ere, lan borobila gipuzkoarrena Ines jende artean bere trikitixarekin abesten eta taldeko kideak energia eta adorea kiloka oparituz. Bigarren jardunaldia martxan jarri zuten elektronika-folk horren nahasketa liluragarriarekin eta bat-batean Igeldo osoa prest zegoen festarako.

Iñigo Cabezafuego autobusera igo zen Gose bukatu bezain pronto eta lehen abestietatik argi geratu zitzaigun berea ez zela ohiko kontzertua izango. Umorea eta lotsagabekeriak bata bestearen ostean ailegatu ziren eta jendeak gustura egin zuen barre Iñigoren abesti eta diskurtsoekin. “Camina conmigo” bere disko berriaren abestiak entzun ahal izan ziren eta guztietatik txalotuena “Resaca de un bohemio ”, single berria alegia, izan zen. Irrikan gaude bere esperimentu berria osorik entzuteko.

Perro murtziarrek sekulako kontzertua eman zuten eszenatoki berean. Gogoak zeuden hauek ikusteko, batez ere duela hilabete batzuk liluratu egin gintuztelako Bilboko Kafe Antzokian Wilhelm & The Dancing Animals-ekin batera emandako kontzertuan. Beren noise-pop-rock zuzena eta erraza nahasketa perfektua da mota honetako festibalentzako, eta batzuentzat urteko diskorik borobilena eta dibertigarrienetakoa argitaratu dute. “Gran ejemplo de juventud”, “La reina de Inglaterra” eta “Marlotina” abestiek dantzan jarri zuten autobusaren ondora hurbildu ziren guztiak. Aukera paregabea arratsaldea igarotzeko musika originala eta dibertigarriaren ondoan.

El Columpio Asesino ikusteko aukerak soberan egon dira uda honetan zehar. Beren azken diskoa, “Ballenas muertas en San Sebastian”, aurkeztera zetozen nafarrak eta ondo aurkeztu ere, “Babel” eta “A la espalda del mar” bezalako abestiak protagonista bihurtuz. Ordu bateko kontzertua eskaini zuten, non “Toro” izan zen berriz ere garaile. Kilometro ugari egin dituzte Iruñekoek dagoeneko, baina oraindik badirudi gasolina soberan dutela beste kontzertu mordo bat oparitzeko. Eskerrik asko neska-mutilak.

The Pains Of Being Pure At Heart aski ezagunak dira Euskal Herrian, nahiz eta atzerrikoak izan. Lantzen duten noise-pop liluragarria ikusi ahal izan genuen aurreko maiatzean Basauriko Maz festibalean eta gau hartan bezala, festibal honetan ere gozatu egin genuen beraien proposamenarekin. Talde gaztea, interesgarria eta esperientziaz beterikoa. Hala ere, ez genuen kontzertua bukatu. Izan ere, Frank ikustera joan ginen. Hain zuzen ere, Frank izan zen azken talde donostiarra Kutxa Kultur-en jotzen eta asko gozatu genuen bere abesti akustiko eta miresgarriak entzuten. Poztekoa da Frank bezalako talde gazteak taulan ikustea. Kontzertua era goxo batez bukatu zen taldeko abeslariaren semea bere eskutan dantza egiten. Gogoratzeko eta txalotzeko modukoa.

Reptile Youth izan zen zalantza gabe gaueko eta festibal osoko kontzertua. Energia eta adorea bezalako hitzak erabil daitezke, baina ezin da ukatu talde honek jakin badakiela publikoa saltoka jartzen eta irribarre bat marrazten Igeldora hurbildu ziren guztien aurpegian. “Morning Sun”, “Speddance” eta “Shooting up Sunshine” abestiak entzun ziren eta behin baino gehiagotan taldeko kideek jendearen gainean bukatu zuten. Zoramenerako kontzertua eta izerdia botatzeko aukera paregabea.

Granadako Los Planetas taldea izan zen festibaleko azken suziria. Urte asko daramatzate Jota eta enparauek handik eta hemendik beraien noise-pop-rock originala eta espeziala aurkezten. Orain dela gutxi ikusteko aukera izan genuen Bilboko jaietan Guggenheim museo ondoan eta kontuan edukita kontzertu kopuru txikia ematen dutela, azpimarratzeko modukoa da Euskal Herrian bi egin izana apenas hilabete batean. “Una ópera egipcia” azkeneko diskoko abestiak entzun ziren batez ere kontzertuaren lehenengo atalean, baina bigarren partean ailegatu ziren gehiengoak ezagutzen zituen abestiak: “De viaje”, “Pesadilla en el parque de atracciones”, “Toxicosmos” eta “Un buen día” izan ziren festibalaren azken akordeak marraztu zituztenak.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.