Txantxak aparte eta igande ilunkara izan arren, sarrera polita erakusten zuen Bilboko musikaren tenplu nagusietakoa den Kafe Antzokiak, nahiz eta ikusi izan ditugun betekada handiagoak tankera honetako zuzenekoetan. Hala ere, nabari zen publikoa gogotsu zegoela Kitty, Daisy eta Lewis Durham anai-arrebek gurasoen laguntzaz (gitarra akustiko eta kontrabaxuan) eskaini behar zuten kontzerturako. Alta, zalantzaren bat edo beste banuen, izan ere publikoa nahiko hotz utzi zuten gurean eskainia zuten emanaldi bakarrean, duela urte bateko Gasteizko Azkena Rock jaialdian.
Ordu erdiko atzerapenarekin agertu zen familia osoa eszenatokira. Lehen oihu eta txaloak. Publikoa urduri zen, kontzertua noiz hasiko irrikan, eta egia esan, horretan eragina du New Yorkeko Ramones bezala, Durhamdarrak 1950 urtetik gaur egunera jauzi egin duen familia maitagarria izateak. Bakoitzak bere musika tresnak hartu eta festari hasiera eman zioten. Nahiko serio ekin ere emanaldiari, nahiz eta kontzertuak aurrera egin ahala pixka bat animatu ziren. Sustraietako rock and roll (zentsu zabalenean ulertuta, noski) txute eder bezain gordinak utzi zizkiguten Paan Man Boogie, Lewisek maisuki abesturiko Don’t make a fool out of me, funk kutsuko Messign with my life, eta armonikaren indarra bildu zein disko berriari izena ematen dion Smoking in heaven amaigabea bezalako kantuekin. Eta horrelakoetan, aipaturiko urtera bidaiatzea besterik ez zaizu geratzen, rockabilly dantzagarri, blues zein swing melodiak lagun.
Harrigarria egiten da ikustea batetik nerabezaroa pasa berri duen hirukoteak zein ongi partekatzen dituen uneoro musika tresnak zein taula gainean dituzten eginbeharrak: bateria, teklatua, gitarrak eta abesteko ardura. Ikustekoa zen Daysik nola astintzen zuen bateria! Eta bestetik zein gaitasun duten hain gazteak izanda armonika, ukelelea, xilofonoa eta beste zenbait tresnekin publikoaren artean armonia ederra lortzeko.
Kontzertuak, aukeratutako kantuen arabera, une bero eta ez hain beroak izan zituen. Baina bat azpimarratzekotan, Eddie “Tan Tan” Thorntonek tronpeta hartu eta eszenatokira igo zenean bizi izan genuena da. Abestia jotzen aurretik jendea poltsikoan sartzea lortu zuen “aitonak” bere txantxekin (soinean zeraman alkandorak ere erakusten zuen bere izaera alaia), eta noski, jo zituen ska doinuez bustitako Tomorrow eta I’m so sorry abestiak izugarri gozatu genituen. Eta noski, gainontzeko une antologikoak (gehiegi esatea ez bada) estreinako diskoko Going up the country eta Polly put the kettle on bezalako kantuekin, zein Europan barrena aurkezten dabiltzan disko berriko aipaturiko kantu kuttunak jo zituztenean izan zen.
Bis pare bat eta agur, festa laburrari amaiera emanez. Jendea pozik nabari zen amaieran, eta lerro hauek idazten dituenak esan dezake Durhamdarrek gurean eskaini dituzten emanaldien emaitza globala bateko berdinketarekin dagoela, Azkena Rockeko zuzenekoa baino kontzertu borobilagoa eskaini zuten eta. Eta hori agerikoa zen, behin kontzertua amaitu eta argiak jartzean, gazte talde bat dantzan hasi zen, jira eta bira, festari jarraipena emanez. Horrela behar duelako, igandea, asteartea edo ostirala izan.