entzun.com


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Sagardantza 2012ko martxoak 9

Kafe Antzokia (Bilbo) Soul Train Fest

The Pepper Pots taldeko abesalriak, Vandellas-en gisara. The Pepper Pots taldeko abeslariak, 60etako girl group delakoen gisara.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
"Beautiful" Kafe Antzokian The Sweet Vandals-en eskutik.
Soula egiten duten Estatuko hiru talderen The Pepper Pots, The Sweet Vandals eta The Cherry Boppers bira bateratua antolatzea ideia bikaina izan da. Bartzelonako Buenritmo promotorari otu zaio eta Bilboko kontzertuan bederen, publikoaren erantzuna oso ona izan zen.

Soul eszenaren baitan errespetua eta izena irabazia duten, baina publiko zabalaren artean akaso sobera ezagunak ez diren hiru talde igo ziren Kafe Antzokiko oholtzara. Aretoa bete beteta zegoen. Indarrak batzearen emaitza, zalantzarik gabe. Gainera, musika beltzaren aldaera diferenteak jorratzen dituzte taldeok, show kolorebakarrekoa ekidinez. Lau emanaldi egin dituzte guztira The Pepper Potsek, The Sweet Vandalsek eta The Cherry Boppersek elkarrekin, Zaragoza, Madril, Bilbo eta Bartzelonan, Soul Train Fest lelopean. Gu Bilboko emanaldian egon ginen.  


Bartzelonako The Pepper Pots taldeak ireki zuen gaua. Hiruen artean, talderik gozoena da soinu aldetik, eztiena. Reggae doinuak bazter utzi eta "Motown soinura" pasa ziren azkenaurreko diskoa, Now!, grabatu zutenean, berrasmaketarik egin gabe ordea. Esaterako, eszenatokira 60etako girl group delakoen gisara atera ziren; hiru neska mikroan ye-ye soinekoz jantzita. Eta neskak laguntzen, banda jendetsua (oinarri erritmikoa, gitarra eta metalak). Ordea, ozentasuna falta izan zitzaion soinuari, "punch" pixka bat, eta ongi aritu baziren ere (koregrafia laoak eta guzti), ez gintuzten kontzertuan erabat sarrarazi. Solasean ibiltzeko jendearen ohitura nazkagarriak ere ez zuen lagundu giroa berotzen (batzuetan, ondokoen elkarrizketa musika baino hobe entzuten zen).  Eta bai, hau ez da musika klasikoko kontzertu bat, eta noski hitz egiten ahal dela, baina musikariek errespetu gehiago merezi dute.    

The sweet Vandals iritsi ziren ondoren. Madrileko soul funk talde bikaina, gauaren "txapelduna" bihurtu zen lehen segundotik, Mayka Edjoleren ahotsari esker bai, baina baita gitarra, baxu, organo eta bateria jole bikainei esker, lau ertzetako makina beroa, organikoa, dotorea eta perfektua, Mayka laguntzen eta Maykarekin uztartuz, batasun kitzikagarria lortuz. Funk eta soul kontzertu ikaragarria oparitu ziguten, goxoa eta aldi berean indartsua, barru barruan sentiarazteraino nota bakoitza (Maykak Beautiful balada luze eta bikain hori kantatu zuenean, begiak busti zitzaizkiola ensanen nuke). Artifiziorik gabeko kontzertua eman zuten, gertua eta beroa erabat. Gitarra joleak eta baxu joleak txunditu gintuzten, batez ere azken honek: bazirudien baxuaren kordak laztantzen zituela, ia ukitu gabe jotzen zituela.
The Sweet Vandals-en azken bi diskoak (Love lite eta So clear) oso gomendagarriak dira, baina Madrileko taldearen zuzenekoak menean hartu gintuen. Zoragarriak.

Eszenatokira igotzen azkenak etxekoak izan ziren: The Cherry Boppers. Shakin' the hood beren azken diskoa goitik behera jo zuten, eta bikain kixkali zuten jada bero bero zegoen giroa. Jendea parte hartzailea agertu zen, eta ez zion dantzatzeari utzi groove zurrunbilo batean murgilduta, funk, jazz, soul eta R&B estiloez osatutako edabe magikoak eraginda. Aldiz, futbolari (oro har) eta Athetic-i (konkretuki) egindako gehiegizko erreferentziak zertxobait gogaitu gintuzten (Manchester-en egindako balentriaren ondotik uler daitekeela esan dezakezue, baina nik ez dut ezer ulertu nahi, are gutxiago soul kontzertu on batean). Ray Charles maisuaren I don't need no doctor ere bertsionetatu zuten, Akatz-eko abeslari ipurterre eta sinpatikoa den Bitak mikroa hartuta.

Gero, gaueko hiru taldeetako musikari guztiak igo ziren oholtzara eta festa polita muntatu zuten kontzertuari akabera emateko. Publikoko ikusle ausart batzuk ere igo ziren ongi hasi eta hobe bukatu zen kontzertua ospatzeko.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • KRAFTWERK 3D 2015eko apirilaren 22an BCN-n (GRAN TEATRE DEL LICEU). Kontzertu bakarra estatuan
  • Info7 irratiko app-a deskarga dezakezue dagoeneko. Doan. Aplikazio sinplea baina erabilterraza.
  • Nick Cavek Bartzelonan (2015/03/21) eta Madrilen (22) joko du. Sarrerak salgai urriaren 3an hemen.
  • Rock or Bust, AC/DC-ren estudioko disko berria abenduaren 2an argitaratuko da.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!