entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

Omero 2012ko uztailak 12, 13 eta 14

Kobetamendi (Bilbo) Bilbao BBK Live Jaialdia 2012

Aurtengo Bilbao BBK Live jaialdiaren afixa. Aurtengo Bilbao BBK Live jaialdiaren afixa.
Robert Smith akustikoan
Blueeeees explosion!!!
Radiohead - The Daily Mail - BBk Live
Milaka lagun igaro dira Bilbon egin duten BBK Live jaialdiaren zazpigarren ediziotik. Kartelaren kalitateak bi alde erakutsi ditu: alde batetik The Cure edo Radiohead bezalako izen handiko izarrak egon dira eta bestetik erdi bidean gelditu diren taldeak: gehiago espero nuen Mumford & Sons bezalako talde batetik. Atzerritar asko igaro da Bilbotik egunotan eta pentsatzen hasia naiz haiei zuzendutako jaialdia ez ote den bilakatuko Bilbokoa.

Antolakuntzari dagokionez denetarik dago. Eskertu behar da horren leku deserosoan dagoen tokira iristeko eskaintzen dituen erraztasunak, nahiz eta kondenatuta zauden topera doan autobus batean sartuta egotera. Edariak eskatzea eta dirua trukatzea ere oso erosoa da. Baina komunen arazoa hor dago; munduko jaialdi guztietan bezala hemen ere zaila egiten da komunera joatea, batez ere emakumea bazara. Gero kartela dago: kartelburua iritsi bitartean momentu batzuetan noraezean zabiltza eta horrek nekatu egiten zaitu. Hala ere, onartu beharra dago jaialdi honetan Primavera Sound edo Benicassim bezalako jaialdietan baino giro naturalagoa dagoela: horrenbeste ‘pose’ egon gabe giro jatorra lortu du BBK Livek... atzerritarrek hondatzen ez duten bitartean behintzat.

The Maccabes izan zen Kobetamendin ostegunean ikusi genuen lehen taldea. Bilbon ‘Given to the Wild’ hirugarren diskoa aurkeztu zuten eta Maximo Park edo Arctic Monkeys bezalako taldeen eragina duten abestiak erakutsi zituzten. Kantuei pertsonalitatea falta bazaie ere, jendea dantzan jartzea lortu zuten.

Ondoren, Jon Spencer Blues Explosion ikusi genuen, jaialdiko kontzertu onena. Sutan jaurti zituzten gelditu gabe eta bata besteari lotuta ‘Orange’ edo ‘Now I got worry’ bezalako diskoetatik berreskuratutako kantu klasikoak. Beldurtuta gerturatu ginen JSBX-en emanaldira, izan ere duela urte batzuk eszenatokian egin zituen jauziek aspertu egin ninduten. Garai hartan bazirudien gehiago axola ziola belauniko erortzeak kontzertuak berak baino. Baina oraingoan ez zen horrelakorik gertatu eta ahots eta gitarra zikin distortsionatuek sutan jarri gintuen han bildutakoak. Pena bakarra bere emanaldia hartu zuen hirugarren eszenatokia horren txikia izatea (kokapena ere ez zen egokiena).

The Cure taldearen emanaldia berandu hasi zen. Atzerapena, baina batez ere itxaronaldia baretzeko Robert Smith bakarrik agertu zen eszenatokian eta hiru abesti eskaini zituen, tartean ‘Boys don´t cry’. Talde osoarekin hiru orduko emanaldia gauzatu zuen gero. Niri luze egin zitzaidan, nahiz eta ‘Why can´t i be you?’ bezalakoek emozionatu ninduten. Maila onean eskainitako emanaldian bere ibilbide luzeko klasikoak jo zituzten eta jaialdiko kontzertu sendoenetakoa gauzatu zuten.

Bigarren jardunaldia Zea Mays taldearen amaieran harrapatu genuen. Kukutzari eskainitako kantuarekin amaitu zuten bere emanaldia eta indartsu aritu baziren ere, arratsaldeko ordu goiztiarrak ez zituen asko lagundu. Elorrioko Namek Planet karpako eszenatokian ikusi genituen. Rock eta poparen arteko nahasteka dakarren taldeak zuzeneko txukuna eskaini zuen. Banden Lehia lehiaketa irabazita lortu zuten jaialdian parte hartzeko txartela.

Bigarren eszenatokian Noah and the Whale talde britainiarrak erdizka utzi gintuen ‘Last night on earth’ diskoaren aurkezpenean. Amaiera aldera eskainitako ‘L.I.F.E.G.O.E.S.O.N’ kantuarekin berotu zuten jendea, baina jada beranduegi zen. Hala ere, kontzertura gerturatutako entzule britainiarrak pozarren zeuden.

Gauza bera gertatu zitzaidan Mumford & Sons taldearekin. Folk ereserkiak gauzatzen dituen taldeak disko berriko abestiak aurreratu zituen eta entzuleria erdizka uztea lortu zuten, edo ni behintzat. ‘Little lion man’ bezalakoetan eszenatoki handia hankaz gora jarri bazuten ere, orokorrean ez zen haiengandik espero zen kontzertua izan.

Four Tet-ek, Kieran Hebdenen proiektua, emanaldi bikaina eskaini zuen baina inork ez zuen ulertu. Nahasketa ikusgarriak egin bazituen ere, jendea Radiohead-en emanaldiaren zain zegoen. Thomb Yorke eta taldekideak hotz azaldu ziren eta krisiaren inguruko aipamen bat izan ezik, ez zuten bestelako adierazpenik egin. Baina ez zen falta izan egia esan. Zuzenean grabatu eta nahastutako irudi batzuek lagunduta emanaldi oparoa eskaini zuten. ‘Paranoid Android’ bezalako kantuak ‘Kid A’, ‘In Rainbows’ eta ‘The King of Limbs’ diskoetatik berreskuratutako abestiekin nahastu zituzten. Oso azkarrak izan ziren errepertorioa aukeratzerako orduan eta ikusleen emozioak dantzan jartzeko gai izan ziren.

Haien atzetik noraezean ibili ginen eta Etienne de Crecyren elektronika astunarekin topo egin genuen. Lekuz kanpo gelditu zen bere emanaldia aurtengo jaialdiak oso leku gutxi eman dielako horrelako doinuei. Gu ere horrela sentitu ginen eta parrandarekin jarraitzeko beste leku baten bila abiatu ginen.


Egun eskasena larunbata izan zen. Corizonas taldeak ireki zuen eguna eta Arizona Baby eta Los Coronas taldeetako kideak biltzen dituen proiektuak zuzeneko sendoa eskaini zuen bere emanaldia festa erraldoia bilakatuz.

Ez zitzaion gauza bera gertatu Eli ‘Paperboy’ Reed-i. Urteen joanarekin badirudi indarra galdu duela Bostongo abeslariak eta ildo horretatik jo zuten Keane taldekoek. ‘Hopes and fears’ lehen diskoarekin lortu zuten arrakastak jan egin ditu eta ez dute bere maila mantentzen jakin.

Shirley Mansonek ordea maisuki gidatu zituen Garbage. Eguneko kontzertu dibertigarriena izan zen eta urte askotan haien berririk izan egon bagara ere ‘I thing i´m paranoid’ bezalakoetan gailurra jo zuten. Jarrera apartarekin egin zioten aurre soinu arazoei eta bere kontzertua ezusteko emanaldia bilakatu zen.

Ezin dugu artikulua itxi Sr. Lobok eszenatoki handiaren aurrean zegoen karpa txikian egindako sesioak alde batera utzi gabe. Hiru egunetan zehar iglu txiki batean jaialdiko festa eroenak antolatu ditu. Goitik behera busti ginen gure garagardo katxia irauli eta gero eta saltoka ere aritu ginen bere proposamenei esker. Mundiala.

1 iruzkin

Zurigorri 2012-07-20 11:46:39

Ep! orohar ados, biño niretzako argizagoz Zea Mays brutale ibili ziela. radiohead bebai delostia

Iruzkinean iraina badago, jakinarazi.

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!

Azken iruzkinak