Low ez da jendetza eta etzulego handietarako talde bat. Akustika zoragarria izan arren, kursaal-eko areto nagusia erdi hutsik ikusteak, kontzertuak beharbada Victoria Eugenia edo Antzoki Zaharreko intimotasunean gune egokiagoa izango lukeela pentsa arazi zidan.
Are
gehiago Rauelssonen ekitaldiak nahiko hotz utzi ninduela onartzen
baldin badut. Peter Brodericken piano, ahots eta konponketa ederren
laguntza izan arren. Rauelssonn abestiak txepel xamarrak iruditu
zitzazkidan. Asmoa eta gustu ona beharbada bai, baina funtsezkoa, ahotsa
edo kantuen pertsonalitatea, eskasa egia esan.
Baina,
Low hirukotea eszenatokian agertu eta jotzen hasi bezain pronto, hodei,
zalantza, hotzikara eta beldur guztiak bertan ahaztuta utzi nituen.
Alan Sparhawk-ek hasiera bortitza eman zion ekitaldiari Hendrix eta Neil
Young-en oihartzunak zekartzan gitarra oihukari baten laguntzaz. Eta
bat batean geratu egin zen. Mugimendu edo hotsik egin gabe isiltasunaren
efektua gugan barneratzen uzteko denbora eman zigun. Eta gero kantuaren
doinu delikatua xuxurlatzen hasi zen bere emazte eta bateria jole den
Mimiren ahots liluragarriaren laguntzaz. Minutu
eskas batean taldearen esentzia modu hoberen edo bizienen adierazterik
ez dago eta, bide batez, bigarren minuturako Low beste liga batean edo, hobe esan, dimentsio batean lan egiten dutela jabetu arazteko. Hortik
aurrera ia ia gorabehera pittin baterako astirik gabeko ordu eta erdiko
emanaldi borobil bat baino besterik ezin zitekeen etorri. Horixe
izan baitzen azken batean eta nere ustez Low-ren kontzeruta.
Taldearen dohain guztien erakustaldi sendoa eta anitza (bai abestien
jatorriaren aldetik baita izaeraren aldetik ere). Intentsitatea,
tentsioa, elektrizitatea, ekaitza, armonia, leuntasuna, isiltasuna,
laztana. Irudi eta parekotasun ugari etorri zitzaizkidan burura kontzertuan zehar.
Aipatutako Neil Young-en Weld garaiko gitarra ziztatzailea, Galaxie
500en espiral moduko tranze dotorea, Yo La Tengo-ren gaitasun musikala
eta jarrera. Denak errespetagarriak eta nire aldetik erabat mirestuak. Baina
bene-benetan pentsatu nuena zera izan zen: 20 ute eta hamar disko baino
gehiagoren ondoren, zarata mediatiko handiegirik gabe Duluth-eko
bikoteak (Alan eta Mimi) pilatu duen artelan erraldoiak klasiko handien
mailara ekarri dituela. Hots, Low beste inorrekin alderatzerik ez
dagoela. Low, Low direla. Bakarrak, errepika eta imita ezinak eta oso
oso handiak. Kontzertuaren
amaieran Alanek laino ilunak alde batera utzi eta eguzkiari argia
ematen uzteko eskatu zigun. Iluntasuna eta goibeltasunarekin sarritan
identifikatuta izan den talde bat dagoeneko ezerren beldur edo lotsarik
ez duenaren adierazgarri.