Duranwop jaialdiaren une bat. Argazkia: Urko Ansa.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Gaixotasun arraroen aurkako ikerkuntzaren alde finantziazioa lortzeko
sortu da Walk on Project. WOP jaialdiaren lehenengo edizio hau zinez
interesgarria suertatu zaigu. 14 artista eta taldeez gain ekitaldi ugari
egon dira bai Landako, Plateruena, baita hauen erdian dagoen plazan
ere. Antolakuntza eta profesionaltasun osoaren erdian, akatsen bat
topatzekotan, Landako Gunean jasandako bero itogarria aipatuko nuke,
eguzkia zegoen bitartean behintzat hark inbernadero bat bait zirudien.
Aipatzeko beste datu bat, nesken partehartze handia izan da. Oraingoan
mutil baino neska gehiago izan ditugula esango nuke, batere erraza edo
ezinezkoa izan ohi dena. Nahiz eta, seguru aski, Loquillo, Ariel Rot eta
M-Clan ikustera joan ziren hauetatik gehienak.
OSTIRALA, Irailaren 30aOstiralean, arratsaldeko 18:00etarako Aurora Beltrán igo zen taulara
; jaialdia irekitzeko ohorea berari egokitu zitzaion, eta erronkari
gogoz ekin zion, formatu akustikoan eta eserita. Silencio, Clases de
baile, edo Adulada kantekin, bere ahots ederraz eta gitarraz, era
pausatu baina sentikorrean moldatu zen ; Tahúres Zurdos-en Tocaréko
notak hasi zirenean, txintik ere ez genuen entzun oraindik nahiko
hutsik zegoen aretoan ; dudarik ez bere abestirik onenetako bat da,
arnasa ere geldiarazten duena. Eta Mikel Rentería ( jaialdiaren
bultzatzailea ) gitarran lagun zuela Nuevos Caminos kantarekin gehiago
entzuteko gogoz utzi gintuen.
Baina THE WHYBIRDSen txanda zen orain, niretzat aurtengo
aurkikuntzarik handiena. Kuadrozko alkondara eta ile luze horiekin
grunge talde bat dirudite. Beraien rock and rolla, instrumentalki
aberatsa eta pasiozkoa, lau partaideen armoniekin nahasturik ( laurek
abesten dute ) , ikuslearen faboreko bihurtzen da laster. Eta beraiek
bizitzen duten bezala bizitzen dugu guk: aho zabalik eta egun honetan
leku honetan egoteagatik eskerrak emanez. Eta Euskal Herrian klasiko
bat bihurtu dena ELLIOT MURPHY dugu. Auskalo zenbat aldiz jo duen jada
gure herrian. Elliot eta bere banda ( Normandy Allstars ) laster egin
dira taularen jabe ; Izar handien naturaltasunaz eta bere blues
sentimendu sakonaz musikazale guztiak plazerez hil ditu. “ Midnight, I
Surrender ” eta The Isley Brothers-en “ Shout ” eta David Bowie-ren “
Heroes ” klasikoekin amaierarantz goaz, beti ere pixka bat gehiago
atzeratu nahiko genukeen amaiera, baina laster gure artean izango
dugunaren esperantzetan.
Loquillo jaunaren momentua da orain. Doan tokira doala, pasioak
sortzen dituen izar handia. 30.urteurrenaren birako azken kontzertua
genuen hau, eta baliteke hainbeste denbora errepidean egoteak
zertxobait eragitea azken emaitzan. Baina Loquillo eta bere bandarekin
ez dago zertan beldurtu: beti jartzen dute pasioa eta duten guztia. “
En las calles de Madrid ” boteretsuarekin, lehen kantatik Pepe Risiri
omenaldia egin zioten. Showaren azken aurreko kantan beste hainbeste
egin zuten Burningen “ Qué hace una chica como tú en un sitio como
éste ” aski ezagunarekin. Eta Trogloditaseko gitarrajole izandako
Guille Martín zenduari ere berea tokatu zitzaion, bateriatik zintzilik
zegoen kamisetak 10 zenbakia zuen eta “ Martin ” hitza. Showak
aurrera egin zuen, ohi den moduan “ María ” , “ Pégate a mí ” eta
estudioko azken bi lanetako (“ Arte y ensayo ” -2004- eta “ Balmoral ”
-2008- ) pieza onenetako batzuekin (“ El hijo de nadie ” , “ Arte y
ensayo ” , “ Rock & Roll Actitud ” , “ Línea clara ” , “ Memoria
de jóvenes airados ” , “ Cruzando el paraíso ”) . Hasieratik
amaieraraino, pasio sutsuak sortzen dituzten kontzertuak dira,
benetako fanez osatutako ikuslego anitz batek bultzatzen dituena.
Loquillok keinu bakar bat egitea besterik ez dauka era guztietako
erreakzioak eragiteko. Bai jaunak, 2011 honetan, jendeak “ El loco ”
beti bezala, edo oraindik gehiago, maite du. Igor Paskual taldearen
ardatz sendoenetako bat bihurtu da aspaldidanik, beste gitarran Jaime
Stinus Donostiarrak heldutasuna eta klasea jartzen diolarik, Igorren
gaztetasunaren osagarri. Laura baxujolea gero eta solteago nabaritzen
dugu, eta bere posturak eta koroak taldearen parte garrantzitsu
bihurtzen ari dira. Eta metrailarik boteretsuenaren erasoa etortzean,
zer esanik ez: “Rompeolas”, “Rock suave”, “Autopista”
basatia, “Qué hace una chica como tú ” eta amaitzeko “ Todo el mundo
ama a Isabel”. Berriz ere irtengo zirelakoan, han ez zuen inork ere
alde egiten. Hango txistu, oihu eta ereserkiak, behin eta berriz eta
gero eta ozenago, berriz irtetera behartuko zituztelakoan ginen, baina
han ez zen musikaririk azaltzen. Minutuak aurrera eta ikuslegoa ez da
errenditzen. P.A.-tik musika ipini dute gu uxatu nahian, baina ezer ez.
Luzaro egon ginen hor, azkenik errenditu ginen arte: Loquilllo eta
bereak ez dira berriz irtengo. Kabenzotz.
Baina ez dezagun negar askorik egin, jaialdiak aurrera jarraitzen du
eta... bai! beste sorpresa eder bat daukagu zain: The Right Ons! Ez
nituen sekula ikusi eta ez daukat hauen diskorik, baina... a zer
taldea!!! Hasiera batean anglo-saxoiak iriduitu bazitzaizkidan ere,
espainiarrak dira. Gazteak izan arren, maila instrumental bikaina
daukate, eta indar izugarria. Estilo batetik bestera pasatzen dira,
funkiarekin jolastetik distorsio basatira. Talde gutxi ikusi daitezke
horrelako gogoa erakusten dutenak.
Eta lehen egun honi amaiera eman diogu, zoritxarrez Mi Hermana Corina
ikusi gabe gelditu gara baina bihar sentsazio gehiago dauzkagu zain.
LARUNBATA, Urriaren 1a
Gari, bezperan ere jaialdian zebilen euskal rockaren leienda, ikusteko
gogo itzela genuen. Akustikoan jo izanak, ordea, puntuak kendu zizkion
azken emaitzari nahiz eta Gari oso txukun aritu zen ahotsean zein
gitarran. Amets eta Zu gabe, adibidez, musika garaikidearen bi gailur
dira; eta beti izango da motibagarria Gari jauna ikuste hutsa, bere
estilo ahaztuezin eta bakar horrekin; bere irribarrea eta karismarekin.
Hitz bakarretan, Hil ez denak, Hertzainaken Ta zer ez da berdin
izugarriak, eta Amapola bezalako kanta dramatiko eta infinitoraino
ederrak, sentimendu sakon eta esperantzadun horien eremuan errege
bihurtzen dute legazpiarra. Esperantzara kondenatua artelan ikusgarria
da, bere bihotza irekitzen digun egilearen pentsamendurik intimoenak
eskaintzen dizkiguna. Zer gehiago eskatu dakioke autore bati? Azken bi
abestietan, ondoren aktuatuko zuen STEVE WYNNen kolaborazioa izan zuen
Garik. Bihotz urdina eta Hasiko naiz borobil geratu zitzaizkien. Laster
arte, Gari.
Eta Ariel Rot ikusiko genuela amets bat edo egia ote zen duda-mudatan
genbiltzalarik, argiak piztu dira eta hemen dator argentinarra bere
banda ikusgarriarekin, “Recuerdos”en lehen notak martxan jarri dira.
Jaialdi osoan bezala, lehen bi abestiak bakarrik dauzkagu fosotik
argazkiak ateratzeko. Argi ibili behar, beraz. Hirugarren argazkian,
argazkilari guztiak kanpora eta publiko artetik saiatu behar. “El dos de
corazones”, “Hasta perder la cuenta”, “Papi dame la mano” eta beste
hainbatetan ikusi daiteke nola Arielek Rock Latino esan daitekeen estilo
batetik bluesera edo Rock and Roll klasikora salto egin dezakeen,
erraza dirudi bera ikustean...baina ez dut uste askok lortu dezaketenik.
“Adiós carnaval”, Tequilaren “Rock and roll en la plaza del pueblo” eta
“Llegó la policía” Rock and rolleroekin erremate bikaina eman dio
kontzertuari, momentu batzuetan historia kontalari, besteetan gizon
heldu bihurria eta askotan karisma erraldoiko artista bezala irudikatzen
zaigun 50 urteko (askoz ere gazteago dirudien arren) musikariari.
Baina guztia apurtzera datozenak, dudarik gabe, M-Clan dira. Esaidazue,
bestela, zergatik hasten dituzten kontzertuak “Anfetamina y Rock”
bezalako pieza batekin, non gitarrajoleetako batek pose bikain bat
erregalatu didan, nire kamararen zorionerako. Jada fosotik kanpo, “Basta
de blues”, “Perdido en la ciudad”, “Las calles están ardiendo” eta
beste guztiek Landako gune osoa dantzan jarri dute. Argi dago jaialdiko
garaileak (edo haietako bat) izan direla, ikuslegoaren motibazioa
ikusita. “Condenado por tí” eta “Hasta la vista Rock And Roll”ekin
festak aurrera jarraitzen du, baina bertsioen txanda iritsi da.
Adibidez, Stevie Miller Banden bertsioak (bere garaian Murtziarrei
ospearen bidea ireki ziona) zahar eta gazte, rockero eta ez hain
rockeroak dantzan jarri ditu. Baina hori baino lehen Rod Stewart
handiaren Maggie May boteretsuak flotatzen jarri gaitu. Bisetarako
”Miedo”, “Pasos de equilibrista” (The Whoren omenaldi itzela barne) eta
“Quédate a dormir” utzi dituzte. Bere garairik komertzialenak atzean
uzten ari ote dira? Argi dago azkenaldian ematen dituzten showak gero
eta rockeroagoak direla (ikus, bestela, Bilbao BBK Live-ren kronika),
egia esan botere izugarria erakusten ari dira; bestalde, inoiz falta
izan ez dutena. Estatu Espainiarreko zuzeneko 4 edo 5 talderik onenetako
batean aurrean gaude; bai orain dela 10-15 urte, baita gaur egun ere.
Ostiralean Loquillo amaitu zenean bezala, ia jende dena badoa
jaialditik eta lau katu geldituko dira. Guk ere hala egin genuen,
biharamunean Azpeitiako Kilometroak zain geneuzkalako, eta Smile eta
J.C.Brooks ez ikusi izanaren pena, lehenak BBK Liven ikusi izanarekin
soilik leundu nuen. Datorren urterarte!