Fernando Pardo tipo sentikorra da eta Sexo en Nueva York ikusten du. Hori da Bilboko kontzertuan jakin genuen gauzetariko bat. Izan ere, banda honen bertuteetako bat eszenatokian dagoenean erakusten duen maila da. Surf instrumentala egiten duen talde honek ederki daki nola zuzendu kontzertura gerturatutako jendea eta abestien tarteak show bat bilakatzen dira, ondorioz kontzertua bera benetako ikuskizuna bilakatuz.
Marlango taldeko Roberto Ibarra tronpeta eta perkusioan lagun izan zuten eta bestelako dotorezia gaineratu zuen. Roberto Loza bateria jotzailea izan zen kontzertua eraman zuena. Bateria jotzeko estiloak eta formak, baina batez ere estiloak, gidatu zuen Bilboko kontzertua. Hori nola ez, David eta Fernandoren ‘guitar hero’ emanaldi etengabeekin. Hori izan zen ikusi genuena: estiloa. Momentu honetan Madrilen dauden taldeen artean eskaintza oparoena duena da, gure eszenatokietara ohitua dago eta kontzertuak eta jendea gidatzen badaki. Surfin Tenochtitlan diskoa aurkeztera etorri ziren Bilbora eta beren ibilbidearen errepasoa eskaini ziguten. Hainbat bertsio ere gauzatu zituzten, besteak beste The Beatles edo Batman kantuarena, jendea berotzeko balio izan zutenak. Momentu onean da Pardok eta Davidek gidatzen duten taldea eta antzokiko erakustaldiak hori baieztatu zuen. Festarako eta ondo pasatzeko ez dago abestu beharrik. Ez behintzat Los Coronasekin.