entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

Jon Eskisabel 2007

MADELEINE PEYROUX Kursaal auditorioa, Donosita 2007ko uztailak 27

Musikariaren eta zaletuaren arteko harremanak Interneten bidez elkar ezagutzen duten bi pertsonaren artekoarenaren antza izaten du sarri: aurrez aurrez ikusi eta ezagutu arte ez da jakiten beste pertsona horrengan jarritako ilusioa egiazkoa zen edo ez. Madeleine Peyrouxen emanaldiaren harira etorri zait burura konparazioa, hitzordu erromantiko baten antza hartu baitzuen haren agerraldiak Kursaal auditorioan. Azken bi urteetan kantari honen diskoek erakarrita sentitu direnek –1.800 lagunek bete zuten aretoa– ostiral arratsaldean zuten haren ahotsaren eta kantuen xarma, erromantizismoa eta gozotasuna bertatik bertara dastatzeko aukera. Bere inguruan sortutako ikusmin handia baieztatzea zegokion Peyrouxi.

Entzuleen bihotzak bahitzearren, arma ezagunak erabili zituen Peyrouxek, bere azken bi disko arrakastatsuetatik, Careless love (2004) eta Half a perfect world (2006), aukeratutako kantuak, ia denak bertsioak. Bere lehen diskoa, oharkabean igarotako Dreamland (1996) hura, berak ere ahaztuta duela ematen du. Duela bi urte Gasteizko jazz jaialdian eskainitako kontzertuaren aldean, taldea handitu eta berritu du Peyrouxek. Euskal Herrian egindako bigarren agerraldi honetan laukote batek lagundu zuen –Jim Beard (pianoa), Steve Cardenas (gitarra), Johannes Weidenmuller (bateria) eta Jochen Ruckert (bateria)– eta bera gitarra akustikoarekin aritu zen. Harreman askotan bezala, hasiera hotza izan zen, Blue alert-ekin (Leonard Cohen). Ahots hura ez zela guk diskoetan ezagututakoa pasa zitzaigun une batez burutik, beharbada azkarregi, kantuari kantu berotasun eta konfidantza giroa nagusitzen joan baitzen. Everybody’s talking (Fred Neil) eta (Looking for) The heart of Saturday night (Tom Waits) heldu zirenean agerian gelditu zen Peyrouxen beste dohain nagusia, ahotsaz gain: besteen kantuak birsortzeko eta ia ezezagun bihurtzeko duen talentua eta ausardia. Haatik, ez du nortasun bera erakusten taula gainean, jarrera estatikoa hartzen du, herabea, batez ere gitarraren babesik ez duenean. Adierazkortasun eta indar falta hori oztopo handia da eszenatokian sentimenduak eta emozioak transmititu nahi direnean, eta horretan kale egin zuen Peyrouxek.
Hortaz, giro fin eta atsegin batean murgildu zen emanaldia, eta tarteka bakarrik hautsi zen monotonia, oraindik grabatu ez duen I think it’s gonna rain today (Randy Newman) kantuaren bertsio ederrean edota Dance me to the end of love (L. Cohen) ezagunean kasu. Saihestezina izan zen Norah Jonesek orain dela astebete Gasteizen emandako kontzertua gogora ekartzea. Jonesek ez bezala, Peyrouxek lekua uzten du musikarien inprobisaziorako, diskoekiko lotura ez da hain zurrun eta estua, baina bietatik ondorio bera atera daiteke: biek galdu egiten dute zuzeneko harremanean.
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Baionako Roni taldeak Jeiki bideoklipa aurkeztu berri du.
  • Bilborock aretoak 15 urte bete ditu. Zorionak.
  • Love of Lesbian taldearen La Noche Eterna disko berria bihar (hilak 22) salgai.
  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!