Azaroaren 23an Marilyn Manson jauna bisitan etorri zitzaigun. Hau da Bilboko BEC-en ikusi genuena…
Lan kontuak direla eta
Turbonegro ikustera berandu ailegatu ginen; azkeneko abestia ikusi genuen bakarrik. Hau da erreportari profesionala ez izatearen arazoetakoa bat… Ikusitako gutxi hori jendeak aipatutakoarekin bat zetorren, zuzeneko indartsua baina soinua eskas xamarra.
Turbonegroren ondotik
Marilyn Mansonen ordua ailegatu zen bere disko berria aurkezteko. Eszenatokia lona handi batekin estalirik zegoen eta lona honetan bi “M”-rekin sortutako bere logoa ikus zitekeen. Ohiko itxaronaldia eta gero lona barrualdean fokuak pizten dira eta bandako kideen siluetak eszenatokira sartzen ikusten dugu, lehen akordeak eta Manson jaunaren silueta eszenatoki erdian agertzen zaigu azkenik; eta lona erori eta hasten dira. Ohiko taldekideak ez direla iruditzen zait: bada denbora
Twiggy Ramirezek Marilyn Manson utzi zuela; bai ordea ohiko formazioa; gitarra, baxua, bateria eta teklatua, maila handiko musikariak.
Azken diskoko abesti batekin hasi ziren, beraien atzean pantaila erraldoian ilargi batek gorantz egiten zuela. Soinu kalitatea hobetu zen.
Antichrist Superstar aurreko diskotik ez ezik, beste disko guztietatik zer edo zer jo zuten baita ere Eurythmics-en
Sweet Dreams bertsio famatua barne. Agian
Antichrist Superstar-etik gehiago jotzea eskertuko nuke, eta pasarte instrumental gehiago egotea, baina beno, egia esateko bere diskoetan ez da pasarte instrumental askorik egoten.
Hala ere, pasarte instrumental hauek Marilyn-i ondo etorriko zitzaizkiola iruditzen zait bere ahotsa zaintze aldera, kontzertuan zehar ahotsa behartua nabaritu baitzitzaion, ezin guztia emanik. Hau agian birak sortzen duen esfortzuaren emaitza izan daiteke.
Emanaldian zehar espektakulua eskaini zuten, agian beste biretan baino gutxiago: boxeo ring bat, gora igotzen zen plataforma bat, janzkera aldaketak, politikoen atrila… Nahiz eta elementu guzti hauen erabiltzeak abestien artean denbora galtzea eragin, emanaldia motza izan zen. Bi aldiz irten ziren bisetan, baina bakoitzean abesti bana jo zuten soilik, azkena
Beautiful People famatua. Finean, kontzertua ondo egon zen, baina ez da izan urteko kontzertua. Ez horixe.