entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

Urko Ansa Ekainak 14, 15 eta 16

Mendizabala (Gasteiz) Azkena Rock Jaialdia 2012

Azkena Rock-eko antolakuntzak argazkilari-akreditazioa ukatu egin digu aurten. Azkena Rock-eko antolakuntzak argazkilari-akreditazioa ukatu egin digu aurten. Horregatik, ez antolakuntzak utzitako ez inoren argazkirik ez argitaratzea erabaki dugu.
Inork 2012.urtean eta Azkena Rock Jaialdiaren 11. edizioa ospatzen arituko ginela esango balit, 2002 edo 2003az ari naiz, erotzat hartuko nuke. Nola sinetsi Azkena aretoan hasitako jaialdi txiki hura, hurrengo urtean Mendizabalara pasa, eta oso denbora gutxian Europako jaialdirik onena bihurtuko zenik? Halaxe da, bai. 2007an makalalditxoa pasatu bazuen ere (agintariek ez zeukaten oso argi Azkenaren jarraipena), orain inoiz baino sendoago dago gure musika elkarkidetzarik gogokoena.

 

Kotxea hautsi ahal didazu, bokadiloa lapurtu, nire Black Sabbath-en diskografia osoa Loiolako Rastroan saldu eta nire Facebook-eko argazkiak lapurtu. Baina, oh ez!, ez didazu hain erraz nire Azkena Rock Jaialdiko sarrera kenduko!
Musika maite duen jendez betetzen den eremu erraldoirik bada, hori Mendizabalako lur saila dugu, zalantzarik gabe. Hemen, era guzietako rockzaleak elkartzen garen lekuan, benetako kultura musikal bat, pasio eutsiezin bat antzeman daiteke hainbat lekutatik etortzen diren jarraitzaile andanetan. Plazer bat aurten ere hiru egun ahaztezin hauen kronika egitea. Goazen, neska-mutilak!
 
Osteguna, ekainaren 14a
Ez, aurten ez noa Gasteizko errotondak madarikatzera, eta hiri honetako alkate jaunaren amaz hitz egitera. Ezta kotxean esan ohi diren maldizio mota guztiak gogoratzera ere. Bakarrik esango nuke, kabenzotz, Blue Öyster Cult, hard rockaren historiako talderik onenetako bat oso osorik ikusi gabe gelditu nintzela. Eta horren errua alkate edo zinegotzi jaun txit gorenari bota beharrean, isildu egingo naiz. Honela, sartu nintzenerako “Harvest moon”ekin ari ziren, oker ez banago. 70etako hard dotore honexekin, ia girotu beharrik ez dago: berehalakoan kargatzen dizkizute pilak iparramerikar hauek. “Cities on flame with rock and roll”ekin hanka eta oina joaten zaizkizu berehala. Taldea forma ezin hobean mantentzen da, dudarik gabe 2006 Bilbao Live Festival-en (ondoren Bilbao BBK Live bihurtuko zena) emandako mailaren parean. “Then came the last days of may” balada, garai zaharretako balada rockeroen estilo paregabe horrekin, hasi berria zen jaialdiko momenturik hunkigarrienetan kokatuko nuke. Jarraian, azken txanpa zain genuen zoritxarrez, baina “Godzilla” mitikoa, ikuslegoaren plazererako, eta “Don’t fear the reaper” galantak (bestea bezain klasikoa, baina agian ez hain ezaguna -jendearen erreakzioagatik diot-) oso, oso goian utzi zuten taldearen izena.

Jarraian, eta antolakuntza desastroso baten erruz, Israel Nash Gripka ikusi nahi izanez gero, 3.eszenatokira korrika joatea behartuak geunden, eta handik minutu gutxira leku berberera ziztu bizian itzuli Twisted Sister ikusi ahal izateko. Pena handiz, baina lekuan geratu ginen, eta Twisted Sister-ez gozatzeko leku on bat hartu genuen. Iaz Sonisphere-n arrasatu ondoren, ez nuen gutxiago espero, baina beste pentsamendu batzuk neuzkan buruan, ohiko euforiaz gain: Azkenara hurbildu zen jende ez-heavya. Banekien gehienak erotzear jarriko zituztela, eta halaxe izan zen. Zuzenean parekorik ez duen taldea, showaren erregeak, estudioko lan paregabeak argitaratu zituzten 70-80etan, baina azken lana... 1987koa da!! 25 urte abesti berririk aurkeztu gabe! Dena den, zaleok barneratuta daukagu auzi hau eta kontzertuak gozatzera mugatzen gara. Eta ez da gutxi, arraioa! “What you don’t know (sure can’t hurt you)” ia prehistorikoak harritu gintuen, urakanaren indarraz hasi zen emanaldia! Bigarrena “The kids are back” super-himnoa, eta mundu guztia beraien oinetan jarri zuten jada. Dee Snider alde batetik bestera, abestu eta korrika, jendea animatzen eta daukan dena ematen ikustea sekulakoa da. Kontzertua hasi baino lehen, teloian taldearen izena letra arrosez ikustean, batek baino gehiagok atzelari koadrila bat edo “hair metal” (Ileapaindegiko heavy-ak) talde bigun bat ikusiko zutelakoan egongo ziren... Laster itxiko zituzten ahoak, ziur. “Stay Hungry”, beste himno bat, eta segidan sorpresarik handienetako bat: “Wake up (The sleeping giant)”, “Love is for suckers”, beraien azken diskokoa (eta denetatik txar bakarra zena). Hauxe bai ez zuela inork espero. “You can’t stop rock and roll”-en ondoren, beste sorpresa bat: “Sin after sin”, Bira honen aurretik auskalo noiztik jotzen ez zutena. Jay Jay, estilo onena duen gitarra jolea, alboan Eddie “Fingers” Ojeda duela, gitarra pare mitikoa osatzen dute, baina Mark “The Animal” Mendoza baxua era horretan erasotzen ikustea (ukabilkadaka!) izan ohi da niretzat momenturik onena. Oraingoan ez zuen matxetea ekarri, baina berdin izan zen ikusgarria. Honela, “We’re not gonna take it” artxi-ezaguna (zuzen zuzenean gure burmuinetara doan errepikaz) amaitzean etorri zen “The Price” balada, denetan hunkigarriena, niretzat behintzat. “Burn in Hell”, “I wanna rock”, “Come out and play” eta azkenik “S.M.F.”, zein baino zein adrenalinikoagoak, izan ziren amaitzeko aukeratuak. Soinu bikaina, espektakulu aparta eta aho-bateko onespenarekin, zaila, oso zaila jarri zioten hurrengo taldeari, baina benetan interesgarria zen zetorrena...

Jaun andreok, zuekin 45 urte jotzen daraman taldea, Ingalaterratik zuzenean... Status Quo! Hainbat pertsona soilik eurengatik etorriko zirela ziur nago. Ile zuridun jarraitzaileak, baita (eta hori da harrigarriena) gazte jendea ere, denon artean giro oso berezia sortu zen, boogie-rik onena egiten duen rock and roll talde honekin. “Rock and roll you”, “Mean girl”, “Beginning of the end” edota Tom Jones-en “Something ‘bout you baby I like”ek berotzeko balio izan zuten, baina “What you’re proposing”-ekin etorri zen lehenengo eztanda. Azken honi lotuta, “Down the dustpite”, “Little lady”, “Red sky” eta “Dear John” etorri ziren oker ez banago, meddley benetan animatuan. Gitarra eskuan, aurrera eta atzera egindako mugimendu horiek, eta irribarrea aurpegian zutela, gauza batzuk inoiz aldatzen ez direnaren adierazgarri polita izan ziren. “Big fat mama”, “The oriental”, “Creepin’ up on you” eta “Let’s rock”en ondoren etorritako “In the army now” legendarioak mundu guztia dantzan jarri zuen beste behin ere. “The killer”, “Roll over lay down” eta “Down down” garai guztietako himnorik ederrenetako batek, azken txanparen aurrean jarri gintuzten. Eta “Whatever you want”, “Rockin’ all over the world”, “Rock’n’roll music” eta “Bye bye Johnny”rekin joan ziren. Momentu batzuetan jendea lasai antzera egon bazen ere, bigarren erdian festa giro paregabean egon ginen denok, adin eta itxura guztietako pertsonak. Betirako gordetzen den momentu horietako bat.

Steel Panther ere ikusi nahi nuenez, Status Quo amaituta hantxe joan ginen 3. eszenatokira (bigarrenean lehen egun honetan ez zen kontzerturik egon). Talde bat baino gehiago, txantxa bat dela eta amerikar heavy edo hair metalaren klitxe guztiak biltzen dituen parodia hutsa dela esatea, tentazio handiegia da niretzat. Baina denbora gutxian ikusi nituela kontuan hartuta, ez dut gehiagorik esango berriz behar den bezala ikusten ditudan arte.

Pentagram
iparramerikarren txanda, jarraian. Abeslariaren (jatorrizko partaide bakarra) egoerari buruzko txisteak 3 egunetan zehar entzun ondoren, eta nahiko erreta ikusten den arren, oholtza gainean 40 urte daramatzan pertsona batentzat errespetua eskatzen dut. Black Sabbath-ena bezain astuna den Heavy Rock erakargarri baten egileak dira, eta “Sign of the wolf (Pentagram)” eta “Intro the ground” bezalako abestien aurrean txapela kentzen dut. Musikalki benetan talde interesgarria, aurrerantzean jarraipen bat egitea mereziko lukeena.

Eta, osteguneko azken esfortzuan, Barakaldoko Porco Bravo ikustea behar beharrezkoa zen. “Bicho raro”, “La piara” eta “Poli bueno, poli malo” dinamita hutsa dira, eta abeslaria seguru aski Bizkaia osoan ondoen moldatzen den punk-rockerra dugu. Gora eta behera deskantsu barik, egunkaria bularrean grapatu eta sua eman, ipurditik petardoa sartu eta sua eman eta jende artera salto egiten duen bitartean, taldeak berebiziko energia itsaskorraz sustengatzen du kontzertua. Nekez aurkituko duzu hauenak baino letra punkiagorik.

 
Ostirala, ekainaren 15a
Osteguna talde euskaldun batekin amaitu ostean, ostirala hasteko modu hoberik ez dago, iparraldeko Willis Drummondekin baino! Dagoeneko talde honen fanak gara, iaz Kafe Antzokian ikusi eta gero. Baina oraingoan balio dutena Azkenan erakusteko aukera etorri zaie, baita ederki erdietsi ere! “Ez da dudarik”, “Ur gainean”, “So” eta beste hainbat hard rockaren artelan hutsak dira. Baina mutil hauen eremu naturala zuzenekoa da, eta beraien pasioarekin karpa sutan jarri zuten, bai horixe! Ikuslegoari begiradatxo bat boteaz, Napoka Iriako Miren Narbaiza ikus zitekeen, gozatzen eta dantza egiteari utzi gabe. Trumbo-ko Gorka Lazkano eta Eneko; Sexty Sexers-eko Joseba Baleztena, Fortun; Surfin’ Kaos-eko Koldo eta abar luze bat.
Hauek denak eta ikuslego guztia, denak oholtza handira bagoaz... beste talde euskaldun bat ikustera! Oraingoan Lisabören txanda zen. Gainera, jakingo duzuen moduan, Joseba Ponce beraiekin dabil gaur egun eta ikusmina oraindik handiagoa da. Dena den, eta ikuspegi pertsonal batetik, dentsoegia, intensoegia iruditu zitzaidan emanaldia. Musikari apartak dira, eta bi bateriak koordinazio aldetik ikusgarriak, baina deskantsurik ez zen egon, eta gogor, ozen eta indartsu azaldu zitzaizkigun. Gehiegitxo, agian. Ez noa, ordea, “Oinazearen intimitatea”, “Zer egiteko gai gara” eta “Alderantzizko magia”ren kalitatea eztabaidatzera, ezta taldearen balio altua ere.

Gun ingelesak, 90. hamarkadan gailurra jo zutenak, boteretsu nabaritu nituen karpan. Jendeak abestiak ezagutzen zituela ikusten da. “Lost and found” eta “Better days” energiaz beterik etorri zitzaizkigun.
 
Ordutegien antolaketagatik, berriz ere gunez aldatu eta Rich Robinsonen bila goaz. Black Crowes-eko partaideak ama-taldeko energia adiktiboaren aurrean, lurralde pausatuagoak arakatzen ditu, eta “It’s not easy” bezalako kantetan luzitzen bada ere, denbora askorik ez genuen, bokata bat hartu eta ahal bezain azkar karpara bueltatu nahi bagenuen.
 
Zakk Wylde, hainbat urtetan Ozzy Osbourne-ren gitarrajole izandakoak Black Label Society taldea martxan jarri zuela urte mordoxka badira. Orain, Ozzyk kontratua berritu ez dionean, energia guztia bere taldean jarri ahal du. Gehiegikerien eta parranda basatien garaiak atzean utzita, bere gitarra hartu eta indiarren lumaz burua hornituta irten denean, USAko tipo gogorrenaren aurrean gaudela gogorarazi digu. Dekorazioa aparta da, eta showa paregabea. Heavy metalik basatiena eta hainbeste koloreko eszenatokiak aho zabalik utzi gaitu. “Overlord” basatia, “Parade of the Dead” pilotakada eta “Godspeed hell bound”ekin zalantza gutxi egon daitezke. Gitarra soloa, ordea, astuna, luzea eta erabat aspergarria izan zen. Segundoko zenbat nota jo ditzakeen erakusteaz aparte, askoz gehiagorik ez. Kontzertuari orokorrean begiratu ezkero, egurra eta egurra, azkenean monotonia batean erortzeraino iritsi ginela esan genezake. Baina “Stillborn” bezalako abesti batek ahoa ixtera naramate! Hau bai tipoa!
 
Amaitzean, migrazio mugimendua Ñu manada batenarekin konpara genezake, denak ziztu bizian Ozzy Osbourne & Friends ikustera. Gezurra badirudi ere, leku on bat lortu genuen, eta Black Sabbath-en showa bertan behera gelditu bazen ere, Ozzy zaharra hemen genuen, bigarren urtez jarraian!! (Ikus Azkena 2011-ko kronika). “Ozzy eta lagunak”, azkenean zakurraren putzaren hurrengoa suertatu zen: Zakk Wylde igo zen, baina ez Slash eta USAn eta Europan igo diren beste hainbat izar. Baina Geezer Buttler egote hutsak ahoa ixtera naramate, berriz ere. Baina ez ditzagun gauzak aurreratu: Ozzy ohiko bandarekin irten zen, Gus G. mertzenario berria barne, nahiz eta oraingoan gitarra jotzen gehiago zentratu zen, aire egokituak ilea ondo mugitu araziko ote zion ala ez pentsatzen egon gabe (iaz bezala, kar-kar). Hori bai, hemen ez dago azken diskoko kantarik, ezta aurreko diskokorik, ezta aurrekokorik ere... Iaz jo zuen kantarik berrienak 20 urte bazituen... aurtengoan jo zuen berriena “Shot in the dark” izan genuen, 1986koa! 26 urte, besterik ez. Honek umore txarrez jartzen nau, azken urteotan dauzkan kanta eder guzi horiek ezin entzun izanak. Dena den, gauzak diren moduan: “Bark at the moon”ekin hasi zirenetik amaieraraino, harrigarriki boteretsua suertatu zen showa. Iaz baino mila aldiz hobeto zegoen Madmana, bai ahotsez baita gorputzez ere, eta mangera eta urez betetako kuboak botatzeaz gain aparrez josi zituen lehen ilarak Ozzy alu horrek. Zin dagit argazkilariak prest egoten direla, kamera babesteko hamaika trikimailu patentatuak dauzkatelarik. “Mr.Crowley”, “Suicide solution”, “I don’t know” eta “Shot in the dark” paregabeekin, hasierako boskotea bere bakarkako abestiei eskainia egon zen. Hurrengo zazpietatik sei Black Sabbath-i eskainiak izan ziren, ordea. Bat batean, gutako askok urte luzeetan zehar itxaron dugun pertsona agertu zen; Geezer Butler jauna, Black Sabbathen letra bikain horiek egiten zituena eta baxua jotzeko estilorik pertsonalenetakoa daukana, John Entwistle baten antzera, baina, noski, askoz ere astunago eta grabeago. “Rat salad”-en akordeak jo zituen, eta banda osoa sartu zenean, extasia totala izan zen. Ondoren gelditu eta berriz hasten ziren, jatorrizko abestian ez bezala, baina kasik nahiago dut horrela! “Iron Man”, “War pigs” eta “N.I.B.” izan ziren hurrengoak, oraingoan Zakk Wylde ere igo zelarik. Geezer erretiratu eta “Fairies wear boots” eta Ozzy-ren “Crazy train”-ekin zoratu beharrean geundelarik, azkeneko kanta denak batera jo zuten, “Paranoid” klasikoa. Honetantxe Ozzy-k bere ipurdia erakutsi zigun, seguru aski inork ikusi nahi ez zuena, baina Ozzy horrela da, eta bere ipurdia ikusi beharrak horrelako kontzertua gozatzeko balio badu, ongi etorria izan dadila!

The Mars Volta
, iaz BBK Liven ikustean zoriontsu egin gintuen talde benetan bizzarroa, aurtengoan bigarren lerroan ikusi nahi izan genuen, eta esperientziak merezi du. Sinetsi nazazue. Tipo hauek zer gosaltzen duten, ideiarik ez dut, baina beste pasta batez egindakoak dira. Abeslariak, bere munduan sartua dagoela dirudienak, transmititzen dituen sentsazio guztiak zuzenean musikaren muinera doaz, ikuslea esperientzia sentsorial honen barnean erabat murgiltzeraino. Baina ezkerraldera begiratu nahi duzu; gitarra jolea, bere unibertso partikularrean sarturik, bere betaurrekoen atzetik zer mundu ikusten ari ote den antzeman nahian. Begiak itxita mugitzen du gorputza, aho zabalik uzteko moduko teknika harrigarriaz laguntzen duelarik. Bateria joleak danborrekin egiten duena ia irreala da. Nola arraio egin dezake hori guztia pertsona bakar batek? Nola kontzentratu daiteke erritmo aldaketa guzi horiek egiterakoan? Albo batean, mahaitxo batean infusio bat dago, kea dariola. Eta guztiek, zeremonia baten barnean gaudela ahaztu gabe, momentu batean abesti sentsualenetik pasarte basatienetaraino eraman gaitzakete, ia esfortzurik egin gabe. Edo hori dirudi. “Aegis” (gazte jende mordoaren euforiarako) edo “Broken English man” paregabea, tipo hauek egin dezaketenaren zati bat besterik ez dira. XXI.mendean rock and rollaren olinpoa existitzen da, eta Mars Volta du izena.
 
 
Larunbata, ekainaren 16a
Larunbata, Azkenako azken eguna, Azkenako azken hauspoa. Halaxe da, tristura handia ematen du amaitzera doala ikusten duzunean... baina ez goaz, oraindik, “pobre de mí”a kantatzera. Gozatu dezagun momentua!
North Mississippi Allstars Duo genituen zain karpan. Bikote bezala agertu ziren; bata baterian eta bestea gitarran, benetan hiru edo lau pertsona jotzen ari zirenaren sentsazioa utzi baziguten ere. Sustrai musika amerikarra lantzeko era ikusgarria eta bien arteko koordinazioa gustatu zitzaigun, nahiz eta kontzertua osorik ikusi ahal ez izan.

Lynyrd Skynyrd jaialdiko buruetako bat zen, eta piztutako ikusmina sekulakoa zela esan beharrik ez dago. “Workin’ for MCA”rekin hasitakoa ezin da gaizki joan! Hori bai rock and roll kutsakorra! Beste pasta batez eginda daudela diruditen tipo hauek gogorrak dira, USAko Hegoaldekoak, eta bandera konfederatua behin eta berriz erakutsiz, harrotasuna erakusten dute. Nahiz eta horrek guri bost, baina bukaeran ikurrina atera zutenean hartu genuen sorpresa ez zen nolanahikoa izan. “Skynyrd Nation”, “What’s your name”, “Down south jukin’”, eta batez ere “That smell”ekin maila oso altua lortu zuten. Southern Rock estilo paregabe honek adar asko ukitzen ditu, era berean nortasun oso berezia ematen dien estiloekin: Hala nola bluesa, rocka, baladaren bat... eta dena gitarra solo izugarriak eta potentzia sonoro bortitz batez borobildurik. “Simple man”, “Gimme three steps”, “Call me the breeze” harribitxia eta publikoaren faborito diren azken biak, “Sweet home alabama” eta “Free bird” luze eta iradokitzailea, emanaldi perfektu baten amaiera izan ziren. Status Quo-rekin bezala, hiru belaunaldi bildu zituen momentu ahaztezin horietako bat.

My Morning Jacket ikusia nuen, 2005 edo 2006ko Azkena Rocken hain zuzen ere (urtea ez dut oraintxe oroitzen). Orduan bizitutakoaren ondoren talde hau galtzea ez zen nire asmoetan sartzen, ez horixe! “Holding on to black Metal”, “Wordless chorus” eta “Gideon” bezalako kantak entzutea zentzumenentzat plazer hutsa dira, baina musika eder hau hitzetan deskribatzea benetan zaila izango litzateke. Izan ere, hain dira bereziak... Ez nituzke inola ere berriz etortzen direnean galduko.

Hank III, Hank Williams handiaren biloba dugu. Urte asko neraman bera ikusi nahian, eta aukera hori, nola ez, Azkena Rock Jaialdiak eman dit. Azkenarako bereziki aproposa da, inondik ere. Gitarra, mandolina eta biolinekin, karpa rodeo antzeko batean bihurtu zuen, erritmo biziko country eta bluegrass kutsakorrekin. Edonori hanka eta besoak joaten zaizkio, bizitza propioa balute bezala. Soilik lasto fardoak eta Bufalo pare bat falta ziren, esperientzia countrya borobiltzeko. “Smoke & Wine” eta “Devil’s my friend”en erritmo nekaezinean, irribarreak ihes egiten zigun denei. Baina orain, gehien itxaroten egon nintzen momentua heldu zen; bat batean, musikariak erretiratu eta Hank-ek elektrikoa hartu zuen. Bateria jole heavy bat eta baxu elektrikoa zuen beste bat agertu eta death metal kontzertu batean bagina bezala, muturreko musikaren lurraldera eraman gintuzten. Berriz ere irribarre egin nuen, oraingoan jendearen aurpegia ikusi eta inork ezer ulertzen ez zuela ikustean. Pixkanaka, jendea alde egiten hasi zen eta leku askoz ere gehiago egin zen guretzat. Ahots aurre-grabatu bat, inoiz isiltzen ez zena eta ziur aski ere aleatorioan hitzak botatzen zituena, atabal kolpe ikaragarriak bonbo bikoitzaz lagundurik, eta gitarra elektrikoa eta baxua txinpartak ateratzen ari zirelarik, oso, oso gailur altuetara iritsi zen hirukotea. Muturreko Metal esperimentala deituko nioke emanaldiaren bigarren fase honi, non, batez ere, bateriarekin flipatu nuen: nola jo dezake hain azkar? Nola aldatu ditzake horrela erritmoak, eta hain zehatz jo? “Mad Cow”, 10 minututik gorako basapiztien ereserkia, Azkena Rock honetako gailurrean jartzen dut. Azkenean, soilik Hank 3 ezagutzen genuenok, muturreko Metalaren jarraitzaileak eta kurioso batzuk bakarrik gelditzen ginen. Bluegrass-a dantzatzen hasi zen jende andana hura oraindik ere ez da errekuperatu han ikusitakoaz.

Hainbatek gustukoagoa izango zuen The Darkness ingelesen showa. Iazko Sonisphere Jaialdiko kronikan azaldu nizuen bezala, Justin eta bereak geratzeko itzuli dira. Baina aurtengoan iaz baino oraindik hobeto egon ziren, eta tregoarik gabeko Glam/Hard Rock kontzertu zinez dinamikoa eskaini ziguten. “Black shuck”, “Growing on me” eta “One way ticket”ekin hasitako momentu berberetik, Mendizabalaren jaun eta jabe egin ziren. Hauek dira benetako The Darkness, bai horixe! Dibertsioa eta dantzatu eta abesteko gogoa kutsatzen duten horietakoa. Estribilo perfektuen eta nota altuen maitaleak, “Get your hand off my woman” eta “Love is only a feeling”, pasa den hamarkadako hit pare honekin gailurretako bat jo zuten. “Friday night”, “Every inch of you” edo “Stuck in a rut” izan ziren aukeratutako beste batzuk, baina azken bietan, “I believe in a thing called love” eta “love on the rocks with no ice” etorri zen berriz ere apoteosia. Justin Hawkins eta bereak zentratuta eta mundua jateko bidean ikusten ditut berriz ere. Adi jarraituko dugu hauen arrastoa.

Eta, oraingoan bai, karpara goaz aurtengo edizioari agur esateko aukeratu dugun Brian Jonestown Massacreren bila. Oker ez banago 9 pertsona daude oholtza gainean, haietatik gutxienez 4 gitarra jotzen ari dira momentu horretan, eta guztiak ere oso estatiko ageri diren arren, pixkanaka beraien unibertsoan sartzen zaituzte, droga bat hartu izango bazenu bezala. Azkenean, taldearen zale bihurtu gara, eta beste aurkikuntza bat gehitu diogu aurtengo jaialdiari ere.
Ez ote da, ba, Azkena Rock Jaialdian urte txar bakar bat egongo? Apustu egiten dut ezetz. Eta gutxiago falta da jada datorren urterako!

ARGAZKILARI PASERIK EZ ENTZUN! ALDIZKARIARI

Aurten, Azkena Rock Jaialdia antolatzen duen LTI-k ukatu egin dio Entzun! aldizkariari argazkilari-akreditazioa. Entzun! aldizkaria jaialdiaren hasieratik egon da Azkena Rock-en gertatutako guztia jasotzen. Kazetari zein argazkilari-akreditazioak eman dizkigutenean, profesionaltasunez eta zintzotasunez jokatu dugu beti, akreditazioaren truke dagokigun lana betez, hau da, jaialdiaren kronikak zein jaialdian bildutako argazkiak gure irakurleei eskainiz. Argazkien atalari leku berezi bat eskaini diogu beti, bai webgunean, bai Entzun! aldizkarian eta, duela lau urte, baita Entzun! liburuan ere.
Antolakuntzatik esan digute arazorik gabe pasako zizkigutela haiek ateratako argazkiak. Baina guretzako eta gure irakurleentzako, horrenbeste urtez jaialdian egon (eta jaialdiarekin gozatu ondotik), kontsiderazio falta izan da. LTI enpresa pribatua da, eta nahi duena egin dezake. Guk ere bai. Horregatik erabaki dugu jaialdiaren argazkiak ez argitaratzea (sekulako pena, Urko Ansak idatzi duen kristoren kronika irudirik gabe doalako) eta gure ezinegona publikoa egitea.

Eta ez dugu aipatuko euskarazko prentsa espezializatuko komuniklabide gutxietako bat garela, hori, lagunak, beste historia luze, luze, luze bat delako...
Entzun! aldizkaria

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Fermin Muguruza & Kontrakatxa Hego Amerikan daude maiatzaren 16tik: Chile, Montevideo, Bogota, Mexiko...
  • Foehn zigiluaren udaberriko nobedadeak: BALAGOren Darder eta OSO LEONEren Mokragora.
  • Zaramak hiru abesti dituen disko labur batekin datorkigu: Sinestezina. Hemen entzun.
  • Jazzaldian euskotarrak: 18 talde, 9 dj, B. Achiary, I. Salvador, M. Azpiroz, Igelaren Banda... www.heinekenjazzaldia.com
  • SONISPHERE 2013: Madril (Mai 31) & BCN (eka 1). Kartela: IRON MAIDEN, ANTHRAX, MEGADETH, AVANTASIA...
  • Balerdi Balerdi taldeak Petti beratarra fitxatu du. http://balerdibalerditaldea.wordpress.com/

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!