Futbolzaleek dakitenez,
Infernua deritzo Ali Sami Yen Istanbuleko futbol zelaiari, Galatasaray taldeak (turkiar ligako azken txapelduna) etxeko partidak jokatzeko erabiltzen duen estadioari, zaleek sortzen duten giro biziaren eta suziri gorriek uzten duten ketzaren ondorioz. Bada, uztaileko azken igandean, hilaren 27an, lau zaldun kaliforniarrek gidatutako
piztia atsegin handiz jaitsi zen infernura, aurrean 40.000 ikusle sutsu zituela.
METALLICA INFERNUAN!
Gure inguruan ohikoa da dagoeneko, besteak beste jaialdi handien zurrunbilo geldiezinari esker,
Metallicaren gisako taldeak ikustea – 2003. urtetik lau aldiz izan dira inguru honetan biran Hetfield eta konpainia-–, baina laukote kaliforniarra 1999. urtean, Reload grabatu eta jarraian, izan zen azkenekoz Istanbulen, eta nabari zen Asia eta Europa batzen dituen hiriko rockzaleek irrika handiz itxaron dutela bederatzi urtez. Bezperan, Beyoglu auzoko, hiriko alderik bizienetako bateko, kaleetatik paseatzean, nabaria zen biharamunean gertakari handi bat jazoko zela: ugari ziren kamiseta beltzak, ile luzeak… rocka zerion behinola hiru inperioren hiriburua osatu zuten kaleei.
Kontzertuaren egunean, estadiora hurbiltzen ginen heinean gero eta trinkoagoa zen jende uholdea, artean kontzertua hasteko ordu batzuk falta baziren ere. Estadioko ateen aurrean ilara luzeak zeuden eta zoramena zen nagusi: sarrera txarteletan agertzen ziren ate zenbakiak ez zetozen bat benetako zenbakiekin, eta jende gehiena bultzaka eta oihuka ari zen, barruan ahalik eta tokirik onena hartzeko asmoz. Garaiz genbiltzalakoan, guk lasai hartu genuen; izan ere, Metallicaz gain ikusi nahi genituen bi taldeek (The Sword gazteak eta Down) oraindik jo behar ez zutela uste genuen. Hala ere, oraingoan ere usteak erdia ustel, eta geure burua jende multzoaren mende utzi eta barrura bultzatu gintuztenean,
The Sworden kontzertua bukatuta zegoela ikusi genuen.
Guk ez bagenekien ere, talde gonbidatuetako batek,
Pentagramek, sona handia du turkiar hiriburuan, eta bere heavy klasikoak zinez aztoratu zituen ikusleak. Ali Sami Yenen lehen ilaretan eta harmailetan tokia hartuta zutenek gogo biziz hartu zituzten, eta gau gogoangarri hartan giroa noraino hel zitekeen ikusten hasi ginen orduan, izerdi patsetan dantzan ari zirenei begiratuta. Istanbuleko bertako taldeak kontzertu txukuna egin zuen, beste barik; heavy klasikoa eskaini zuen: ahots altuak, koroak, bonbo bikoitza…
Istanbuldarren ostean,
Down taldea etorri zen. Hirugarren diskoa (
Over the under) aurkezteko bira egin ostean etorri zitzaien Metallicari europar bira honetan laguntzeko gonbidapena New Orleansekoei, eta 40.000 pertsonaren aurrean jotzeko aukera baliatzen saiatu ziren, gogotsu. Jendeak, hala ere, ez zien arreta handirik jarri, eta geroko kontzerturako prestatzen aritu ziren batik bat ikusleak, kontzertua ikusten baino gehiago. Alabaina, Downekoek oso kontzertu indartsua eman zuten, horrelakoetan egin behar den bezala, denbora tarte laburra (ordubete eskas jo zuten) ondo baino hobeto baliatuta. Pantera, Crowbar eta Corrosion of Conformity taldeetan aritutakoak dira taldekideak eta, atzean ibilbide luze eta oparoa dutela ez ezik, sasoiko daudela ere erakutsi zuten argi eta garbi eszenatokian, euren soinu lodi eta gihartsua ederto plazaratuz. Phil Anselmok, kantariak, iraganean izandako arazoak atzean utzi dituela berretsi genuen, bikain aritu baitzen kantuak defendatzen. Oso kontzertu ona eman zuten, dudarik gabe; zuzenean diskoan baino are hobeak iruditu zitzaizkidan, eta areto txikiago batean ikusteko gogoa piztu zidaten, horrek baitirudi talde hau ikusteko lekurik onena.
Downen ikuskizuna amaitu zenetik Metallicaren kontzertua hasi zen arte Ali Sami Yenen bizi izan zena erabat txundigarria izan zen. Turkiarrak, esan bezala, rock gose biziz ziren, Metallica berriz ikusteko irrikan, eta txaloka eta kantu-kantari ekin zioten bederatzi urteko itxaronaldiaren azken txanpari. 40.000 pertsona albait ozenen kantatzen entzutea erabat hunkigarria izan zen: harmailetan eta berdegunean zeudenak olatuarena egiten hasi ziren, estadioko alde batekoak beste aldekoak animatzen aritu ziren, hiruzpalau suziriri piztu zituzten…Zinez ikaragarria izan zen ordu erdiko tarte hori.
…Eta heldu zen, azkenik,
Metallicaren unea. Iluntzen hasi orduko, eszenatokian lanean ziren beharginen harat-honata gero eta ugariagoa zen AC/DCren eta Black Sabbathen musikak lagunduta. Azkenik, estadioko argiak itzali ziren eta, ohi denez, bozgorailuetatik
Ona, itsusia eta gaiztoa filmaren soinu bandako (Ennio Morricone) kantu nagusia entzuten hasi zen; Metallicako lau zaldunak aurki taularatuko ziren seinale argia zen. Estadio osoan bildutakoen ahotsek bat egin zuten orduan beste behin ere, doinu mitiko hori kantatzeko, eta bat-batean soinu eta argi eztanda batek begi-bistan jarri zigun taldea. Lars Ulrich bateria irten zen lehenengo, eta Tama horixkako aulkitxoan eseri zenean, beste hirurek jarraitu zioten: James Hetfield, Kirk Hammet eta Rob Trujillo. “Creeping Death” kantua jo zuten lehenengo, azkenaldian ohi denez, eta “For whom the bell tolls” ederra etorri zen gero, baxu-jotzaile trebearen solo labur baten ostean (ezinbestekoa, rocka jotzen duten baxu-jotzaile guztientzat, mexikar jatorriko estatubatuarrak Suicidal Tendencies eta Infectious Grooves taldeetan egindako lana entzutea). Zoramena zen nagusi estadioan eta argi zegoen harrezkero istanbuldarrak benetan publiko beroa direla. James Hetfield kantari eta gitarristak hitza lehenengoz hartu zuenean esan zuen bezala, benetan ederra zen publikoaren ikuskizunari begiratzea, baina are ederrago eta izugarriagoa zen bertan bildutakoen zaratotsa entzutea.
Kontzertu biribila izan zen, egia esan, kalitate handikoa (alde artistikoan eta teknikoan), eta kantuen zerrenda ederto hautatu zuten. Agian disko berria (irailaren 12an kaleratuko da
Death Magnetic) konposatzeko oinarri hartu omen duten estiloaren erakusgarri -Metallicaren “betiko soinu”ra itzuli direla adierazi dute taldekideek- ez zuten taldearen azken hiru diskoetako kantu bat bera ere ez jo; erroetara jo zuten, eta lehenengo diskoko (
Kill ‘em all) lau kantu tartekatu zituzten bi orduko ikuskizunean: “No Remorse”, “Whiplash”, “Motorbreath”, eta azkena, “Seek and destroy”).
Beti bezala, piroteknia ugari erabili zuten eta jendea aho bete hortz gelditu zen, besteak beste, “One” hitz belikoak dituen kantuaren sarrerako su ikuskizunarekin. Gainera, pantaila erraldoietan jarritako irudien errealizazioa bikaina izan zen, bira honetako bertako beste hainbat kontzertutan ikusitakoa baino hobea.
Kantu zaharragoen (aurretik aipatutakoez gain, “And Justice for all”, “Wellcome home (Sanitarium)” eta “Ride the lightinig” jo zituzten, berbarako…) ostean, disko beltzeko kanturik ezagunenei, merkatuan arrakasta zabalagoa izan zutenei, ekin zieten San Franciskokoek, “Enter Sadman” jo eta bost bat minutuz atseden hartu aurretik.
Azken txanparako, The Misfits taldearen “Last caress” kantuaren bertsioa eta taldearen hastapenetako bi kantu (“Motorbreath” eta “Seek and destroy”) utzi zituzten, eta jendea aseta, benetan pozik, utzi zuten, beste bederatzi urte gehiago itxaron behar ez izatea desiratzen. Argi ikusten zen hori kanporako bidean denok agertzen genuen irribarre zabaletan.
Antolaketa kaskarraren eraginez sortutako auto pilaketa ikaragarria eta gu engainatzen saiatu zen taxi gidari istanbuldarrarekin izandako eztabaida sutsua etorri ziren gero, baina hori beste istorio bat da…