Indarraren etxea
Power House – Zentral elektrikoa. Zentral elektrikoaren soinua. Ken Vandermark saxo-joleak zuzendutako laukoteak sortzen du soinu hori. Ken-i lagunduz Jeff Parker gitarra jolea, Nate McBride baxu jolea eta John Herndon bateria jolea dira. Chicago hiriko jazz eta rock geldiezin, ikerlari eta desafiatzailearen aitzindari diren hainbat talderen partaide edota laguntzaile dira laurak.
Zentral elektriko bat ikusterakoan, indarra, potentzia, energia moduko kontzeptuak datozkigu burura. Gauza bera gertatzen da laukote hau martxan jartzen denean eta bere momentu sutsuenetan hardcore edota thrash-metal inguruetara gerturatzen denean. Une horietan zentraleko energia borborka modu basati batean isurtzen da. Baina Kenek eta bere mutilek maisutasunez kontrolatzen dituzte zentraleko etengailu, konmutadore eta botoi guztiak eta energia hori erregulatu, dosifikatu eta moldeatzeko gai dira. Era honetan, free jazz/ be-bop dinamikoa, lirismo-uneak eta dubaren abstrakziorako tarteak eskaintzen dizkigute.
Zentral elektrikoetan sarrera debekatuta dago baimendu gabeko pertsonentzat eta heriotza arriskuaz abisua ematen diguten kartel handiak jartzen dituzte. Asko jota burdin hesira gerturatzen eta erleen moduko bibrazio mehatxagarria sentitzen uzten dute. Donostiako Be-Bopen hesirik ez dago eta tabernaren dimentsioek ez dute musikariengandik distantzia handirik mantentzen uzten. Ondorioz, kontzertu miresgarri honetaz gozatzera gerturatu ginenok egundoko elektrikara bat jaso genuen. Efektu ia katartikoko dardarizo bortitz eta biziki atsegina. Tabernatik ateratzerakoan erdi zorabiatuta, hipnotizatuta eta entzumena erabat errekuperatu gabe, gure behatzak burdinara gerturatzean txinparta elektrikoak ikus zitezkeela iruditu zitzaidan. Kontuz Power House honekin!