entzun.com


Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

Antton Iturbe 2007

PRIMAVERA SOUND 07 Parc del Forum (Bartzelona), 2007ko maiatzak 31, ekainak 1 eta 2

The White Stripes The White Stripes
Gauza bat edo bestea izan dela medio, ezin izan dugu Primavera Sound-eko kronika garaiz argitaratu. Halere, kronika honek badu zerbait berezia egiten duena, izan ere, beroan idatzita dagoela esan dezakegu, kontzertua gertatzen ari zen unean berean. Antton Iturbek idatzi du. “Ukituren bat eman diet idatziei, baina gehienak bere horretan utzi ditut freskotasuna gal ez dezaten”, abisua egiten digu Anttonek. Bakarrik lehen eguneko inpresioak biharamunean idatzita daude.
Antton Iturberen iritziaren ondotik, Kastin “Festibal-gizonak” ostiralean ikusi zuena bidali digu eta, noski, gehitu dugu.



Osteguna 31
(biharamunean idtazitakoak):

Anticonceptivas:10-15 minutu. Dibertigarria. Derribos Arias etorri zitzaizkidan burura.
Herman Dunne: Abesti bat besterik ez, ingurutik pasatzen nintzenean. Ez nuen beste munduko ezer sumatu.
Alexander Tucker: 20-25 minutu. Gehiago ikusteko gogoz geratu nintzen. Espantsiboa. Bere musikak garatzeko eta “estasiraino” ailegatzeko denbora behar du.
Za: Ordu erdi. Itxaropen handiak nituen kontzertu honekin baina punk-hardcore kutsuko zerbait azkarragoa espero nuen, beharbada. Horren ordez inondik inora imajinatzen ez nuen delirio “kraut-heavy-noise-free”-z beteriko bakanal hipnotiko bat topatu nuen. Lerdea zeridala etengabe dantza basati batean pasa nuen kontzertu osoa. Hura gozamena!
Elvis Perkins: 10 minutu bakarrik. Konbentzionalegia iruditu zitzaidan baina “zalantzaren benefizioa” edo eskaintzen diot.
Veracruz: Hau zalantza. Veracruz ote zen ikusi nuena? Horren motela iruditu zitzaidan ikusitakoa ezin nuela sinistu (egun batzuk beranduago web orrian beraiek zirela egiaztatu nuen eta nonbait “norabide musikal berri bat” jorratzen ari direla azkenaldi honetan....)
Dirty Three: 20 bat minutu. Kontzertuaz gozatzeko nahikoa, gozatzeko eta berriz ere talde honekin sorpresarako aukera gutxi daudela egiaztatzeko. Onerako eta txarrerako. Beti abesti bera jotzen al dute?
Comets On Fire: Eguneko momentu handienetako bat. Gitarreo sutsuez jositako orgia batean, burua astindu, behatzekin akerraren keinua egin eta zorutik 10 zentimetrora lebitatuz ikaragarri gozatu nuen (inolako “enpatxurik” jasan gabe gainera)
Fennesz and Patton: Esperimentazio, avant garde, elektronika, zarata, abstrakzioa, etab.-erako momentua. (Ingalaterrako musika aldizkari ospetsuaren omenez, “Wire” momentua). Asko espero nuen eta asko jaso nuen. Bikaina.
Fujiya and Miyagi: Ez nien kasu handiegirik egin. Musika lerdo xamarra iruditu zitzaidan egia esateko.
White Stripes: Izugarrizko jendetza. Oso urrutitik eta leher eginda baina kontzertu ona eman zutela iruditu zitzaidan.
Oh… eta ahaztu baino lehen, Slint ere ikusi nituen, ondo egon zen baina Dirty 3rentzat egindako komentario berbera egingo nuke.


Ostirala 1
(kontzertuak ikusten ari nintzela idatzitakoak):

Kiev Cuando Nieva: Hotz hasten dira (ordua, jende gutxi eta izen hori je, je)… pixkanaka berotuz doaz. Bukaeraraino geratuko naiz (nahiz eta Mus-en kontzertua galdu). Asko gustatu zaizkit, baina ez dakit nor gogorarazten didaten, oso pertsonalak baitira.
Mus: Azken 10 minutuak Auditori aretoan. Lekua zoragarria. Ikusten dudan kontzertu zatitxoa profesionala, soinu onekoa, garbia baina arimarik gabekoa iruditzen zait.
Ginferno: Bi gitarra + bateria. Galtzontziloetan. Basatiak, Pasodoble eta marrazki bizidun moduko musikari leku egiten diote. Wire, Captain Beefheart arteko nahasketa dirudi momentu batzuetan. Abeslari-baterijole-animatzaile nagusiak Metallicako abeslariaren antza dauka gainera… Surfa azaltzen da ere, oso ondo jotzen dute. Jode, putamadre zegok! Komentatzen didatenez irailean diskoa izango dute Madrilgo Ale-Hop diskoetxean...
Brightblack Morning Light: Hasteko beraien irudi indartsuak atentzioa jotzen nau, 70. hamarkadako azidoa, bizioz beterik, sexuala... Hau bai dela “floatin into space” eta ez beste hainbat txorrada. Lynch neska hori fitxatu ezazu eta talde osoa Twin Peaks-eko hurrengo kapitulu batetan jo dezaten. Ilegorri hori pertsonai ideala litzateke.
Black Mountain. Rock gogor gehiago. Gitarra onak. Dinamikoa. Gustura, besterik gabe. Bukatu aurretik joaten naiz.
Fernando Alfaro akustikoa. Emoziorako momentua, zuntz sentiberaren unea, nostalgia... belaunaldi baten momentua. Beste gauza askoren artean berari esker edo bere erruz gara garen bezalakoak...
X-Wife. Eta hauek nortzuk dira? Efektistak iruditzen zaizkit, besterik gabe.
Blonde Redhead. Bi abesti, aurrekoa baino hobeto. Musika polita, baina urrunago joan gabe, diskoan sortzen didaten sentsazio bera sortarazi didate zuzenean. Nonbait gauza bera baino hobea entzun dudanaren sentsazioa.
Black Lips. ROCK’N’ROLL-aren ordua!! Etengabe dantzan eta primeran pasatzen dut.
The Fall. Bi baxu. Indartsua. Maisutasunez joa eta abestua. Itzela. Orain arteko hoberena. Zalantza izpirik gabe.
Beirut: Espero nuena baino hobeto. Polita, zentzurik onenean. Malenkoniatsua.
Modest Mouse: Ez dut ezer ikusten. Oso urruti nago. Jende pilo bat etorri da Johnny Marr ikustera. Egia esateko ez zait beste munduko ezer iruditzen.
Low: Itxaronaldia luzea eta hotza egiten zait. Beraiek muntatzen dute eszenatokia inongo “divo” itxurarik gabe. Hala ere, ikaragarrizko seriotasuna nabaritzen da eszenatokira berriz azaltzen direnenean kontzertuari hasiera emateko prest. Diskoetan aditzera ematen duten trantze egoera hori ezin hobe transmititzen dute zuzenean, kondizioak onenak ez badira ere. Ez dut kontzertu osoa ikusten, oso nekatuta bainago, baina ezti zaporea geratzen zait ahoan eta aparteko gertaera baten parte izatearen sentsazio gozoa.


Larunbata 2
(kontzertuan bertan idatzitakoak)

Oakley Hall: Ez dago gaizki. American r’n’r kementsua. Indie moduko Heartbreakers-ak? Country ukitu batzuk sumatzen dira, Flyin’ Burrito Bros. modukoak baina “indie” gitarren laguntzaz. Ondo.
Le Pianc. Modelo berberaz jantzita bi nesken artean banatzen dute kantatzeko lana. Saxoa, bateria, baxua... dantza giroko musika baina forma anitzetakoa. B-52s, Chicks On Speed eta antzekoen influentziak sumatzen ditut, baina baita Young Marble Giants, Stereolab edota Sarah records-eko taldeena eta orduantxe beraiekin maitemintzen naiz.
Tarantula umeentzako gunean. Erleez mozorrotuta. Billy Bragg elkartzen zaie taldean abesteko eta kapitalismoa eta inperialismoaren aurkako slogan-ez jositako doinuak jotzen dituzte. Oso didaktikoa eta oso egokia.
Apples in Stereo. Burura datorkidan lehenengo gauza… Wedding Present? Baliteke, baina baita Green Day moduko doinu “melodikoak” ere, hardcore melodikoa eta guzti hori, emozioa sortarazi nahi duena baina infantilismo hutsean geratzen dena (zentzurik txarrenean). Uy, uy, a ze jipoia eman diedan!
Raul Moya y el Trio MiNina: 15 minutu besterik ez ditut ikusten. Ez dago gaizki, baina ez da beste munduko ezer. Mediterraneoko argia 60. hamarkadako Kaliforniakoa bihurtu nahi duen rock kataluniar horren adibide dira. Asmoa ona da, ondorioak ez hainbeste.
Long Blondes. Denbora gutxi eta are gutxiago kontatzeko. Punk rocka edo antzeko zerbait dela suposatzen da, baina niri Eurythmics-ak gogora ekarri dizkidate (txarrerako, Eurythmics-ekoek bere puntua bazuten eta). Ez dut ezer ulertu.
Durutti Column: Hotzikara, PRIBILEGIO sentsazioa. Entzuleak eta musikariak mundutik at dagoena unibertso bukaezin, eder eta isolatu baten parte garela sentitzen dut, berriz ere eta inoiz baino sakonago. Hemen bizi nahi dugu, zurekin Vinnie Reilly. Bukaerarako abeslari beltz bat ekartzen dute, eta ez dugu amaitzerik nahi, ‘backstage’-an ginfernokoak dira kontzertuaz gozatzen, eta musikak hazten eta hazten jarraitzen du eta zoriontsu sentitzen gara eta ez dugu amaitzerik nahi...
Patti Smith: Ohiko maisutasunez jotako bi abesti (Set Me Free eta Redondo Beach) ikusi ondoren Standstill-en kontzertua ikustera abiatzen naiz.
Standstill. Potentzia bai, baina tonu mesianiko jasanezin bat ere bai. Berehala aspertzen naiz eta Pattirengana bueltatu.
Patti: Pattik hor jarraitzen du noski. Nola ez? Aldentzeagatik bronka txiki bat botatzen didala iruditzen zait..naughty boy..naughty boy. Une batez Michael Gira datorkit burura eta eszenatokira gerturatzeko gogo bizia sentitzen dut. Etxoidazu Patti! Ai amatxo! Zergatik joan naiz? Barkatu. Kontzertua bere ohiko akelarre horietako bat da, gozada bat Gimme Shelter jotzen duenean eta negar egiteko zorian Because The Night-eko garaian. Eta Gloria-rekin bukatzen du nork agintzen duen garbi uzteko, hala!
Isis. Explosions in the Sky kantzelatu egin zen, Mogwai-k eta SunnO)))-k Sonar-ean jotzen dute... Ba nik Isis aurkitzen dut. Lehenengo aldiz entzuten ditut eta tonto moduan ahozabalik geratzen naiz. Ez dut garbi ikusten ordu erditik gora proposatzen duten musika aspergarria den ala ez. Baina epe horretan oso zaila egiten zait ezer hobea imajinatzea. Txundigarria eta liluragarria.
Lisabö: Kontzertua martxan da ni iristerako eta dagoeneko ikusleak buru belarri sartuta daudela nabaritzen da. Ulertzekoa da, Lisabökoek ez baitituzte kontzertu gehiegi ematen. Gertakari bat da. Eta a ze gertakaria! Espero nituen gauza on guztiak egiaztatzen dituzte. Nabarmenki, erantzun ezineko argumentuez baliatuz, menderatuta sentitzen naiz. Une batetan abeslari-gitarra-joleak Sonic Youth-en kontzertua galduko dugula abisatzen digu, norbaitek bost axola digula erantzuten dio. Segundo batez neuk ere sinisten dut baina... korrika Sonic Youth ikustera abiatzen naiz azkenean...
Sonic Youth: Gazteri Sonikoak egunez amesten duen Nazioa interpretatzen du (itzulpen zail xamarra) eta lehen akordeekin batera iristen naiz eskenatoki ingurura. Kontzertua zatika ikusten dut, Battles ikusten saiatzen bainaiz, baina eskenatokiz aldatu edota kantzelatu egin dela enteratu eta horren erruz ez dut Sonic Youth-en emanaldian kontzentratzen lortzen. Hala ere, kontzertua ia osorik ikusten dut eta ona izan dela iruditu arren, orain dela urte batzuk New Yorkeko Central Park-en ikusitakoa gogorarazten dit. Hots, eskenatoki erraldoietan indarra galtzen dutela eta leku txikietan askoz hobeto dastatzen direla.

Azken buelta bat ematen dut Battles-en kontzertuaren bila, etekinik gabe. Urrutian Buzzcocks-ak ari dira jotzen, baina egia esateko alter sentitzen naiz haraino joateko nahiz eta egia esateko nahiko itxuroso ari direla iruditu. Azkenean Grizzly Bear-en kontzertuaz tartetxo batez gozatzen geratzen naiz gauean amets gozoak izan ahal izateko.

Datorren urterarte?

ANTTON ITURBE


KASTIN “FESTIBAL GIZONAREN” OSTIRALEKO KRONIKATXOA

Melvins: Hauek beraien Houdini izeneko diskoa jotzera etorri ziren –ez dira bakarrak izan Slint eta Sonic Youth berdina egitera etorri baitira–. Beraien aurpegi hard rockeroena erakutsi zuten riff gordinez josita eta kontzertu pisutsua eskainiz; bi bateria-jolerekin irten ziren beraien arteko konpenetrazioa azpimarratuz.
Slint:Hauek Spiderland diskoa, kultuzkoa bihurtu dena, interpretatzera etorri ziren emanaldi xume baina intentsitate askokoa emanez.
The Smashing Pumkins: Emanaldia hasi eta soinu oso txarra atera zuten inork ezagutzen ez zuen eta askorik esaten ez zuen abesti batekin, eta taldea eszenatoki gainean indarrik gabe... Denok txarrena itxoiten genuen. Baina hau eta gero abesti mitikoak jotzen hasi ziren, batez ere Mellon Collie diskoko abestiak. Bai soinua eta baita beraien jarrera hobetzen joan zen kristoren kontzertua eskainiaz: Egia esan, nahiz eta zalea izan, espero nuena baino askoz hobeagoa, indarrarekin eta garbi entzun zitzaien, benetan gustura ikusi zitzaien eszenatokian (Billy-k eskerrak ematen eta taldekideekin giro onean), eta gu ere oso gustura. Abesti berriak ere tartekatu zituzten kontzertuan zehar; hasierako abestia baino aipagarriagoak argi dago. Onenetakoa.
The White Stripes: Bi pertsona bakarrik eszenatokian eta albo batean piano bat, dena txuri gorria, beren estetikari fidel. Jack alde batetik bestera bere gitarrarekin, basati, noizbehinka gitarra pianoarekin tartekatuaz. Beraien disko guztietako abestiak jo zituzten, emanaldi gordin eta oso indartsua lortuz. Harrigarria nola bi pertsonek bakarrik bete dezaketen halako eszenatoki osoa, batez ere Jack. Hori da bai, akorde bakoitza sentitzea!!! Onenetakoa.

KASTIN
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.

Berri Laburrak

  • Baionako Roni taldeak Jeiki bideoklipa aurkeztu berri du.
  • Bilborock aretoak 15 urte bete ditu. Zorionak.
  • Love of Lesbian taldearen La Noche Eterna disko berria bihar (hilak 22) salgai.
  • OSKORRIren agurraren aurrean gaude? Irakurri hemen.
  • BOB DYLAN, uztailaren 11n BILBOko Guggenheim zabalgunean, 21:00etan.
  • Los Carniceros del Norte taldeak Otxaten (Araba) grabatu du bere bideo berria: Nekromantikos.

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!