entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2016-4-9

San Agustin Kulturgunea (Azpeitia) Jotakie + Dirección Obligatoria + Lin Ton Taun + Jo!

Jotakie berriz taula gainean ikustea oso berezia izan zen zale askorentzat. Argazkia: Anartz Bilbao Jotakie berriz taula gainean ikustea oso berezia izan zen zale askorentzat. Argazkia: Anartz Bilbao

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Gau berezia larunbat gau hotz honetakoa: Urolako rock and rollaren historiaren zati handi bat izango genuen gure aurrean. Talde bakoitzak 40 minutu izango zituen jotzeko, nahiz eta, zorionez, batzuk denbora hori pasako zuten. Ondorioz, San Agustin (eliza izandakoa eta gaur egun kontzertu aretoa dena) Azpeitia eta inguruko musikazale beteranoen topaleku bihurtu zen. Egia esan, aukera paregabea zen. Izan ere, herriko Jotakie talde mitikoaren itzulera gauzatu baitzen. Horrez gain, Dirección Obligatoria talde mitikoa (beti Jotakieren historiari lotua ikusten duguna), Jo! beteranoz osatutako talde gaztea eta Lin Ton Taun, 90. hamarkadako talde lehergarriaren itzuleraren beste kapitulu baten lekuko izan baikinen, azken hauen bueltatzea 2013an hasi bazen ere.



JO!

Jo! taldeaz erreferentzia askorik ez banuen ere, hamarkada bat baino gehiago iragan da jada sortu zirenetik; ezohiko taldea da, hasi zirenean jada adinean aurrera zihoazelako. Zaletasun amorratuak bultzatuta, puntu sofistikatua eta klase handikoa lortu dute, baita zuzenean ere. Teklatuen presentzia (oso argi entzuten ez baziren ere) erabatekoa da talde honek sortzen dituen atmosferetan. Baxua eta gitarrek notak sostengatzeko daukaten erak, atmosfera sakonen bilatzeak eta maila instrumentalak nahi duten hori bete-betean lortzera eraman ditu. Baina Mikel abeslaria da taldearen arima. Oholtza gainean bera da begirada guztiak bereganatzen dituena.

Zaletasun amorratuak bultzatuta, puntu sofistikatua eta klase handikoa lortu dute, baita zuzenean ere

Abeslari anglosaxoi bat dirudi, estilo handia dauka eta bizitu egiten du kanta bakoitza. Mugimenduetan nabaritzen zaio. Gozatzeko moduko emanaldia, taldearen abestirik ezagutzen ez banuen ere. David Bowieri Heroes mitikoan egindako omenaldia polita izan zen eta asko hunkitu ginen, izan ere Duke Zuriaren heriotza hain gertu ikusten baitugu… Entzuteko eta dantzatzeko musika, nahiz eta, agian, gau honetako karteletik apur bat aparte gelditzen zen taldea izan.

                                                               JOTAKIE

Haatik, talde guztiak oso ezberdinak ziren. Beraz, kartela ez zen batere konpaktua, baina zaletuek asko gozatu zuten estilo aldaketekin. Zer esan, orduan, mende laurdena zain egon garen momentuari buruz? Jotakie ikustea utopia hutsa zen oraintsu arte askorentzat. Zirrara berebizikoa zen, beraz, baita bere garaian ikusi zituztenentzat ere. 80etako talderik berezienetakoa izan zena oholtza gainera igo zenean sentitutakoa zaila da azaltzea, baina 4 tipoak hor goian ikuste hutsak dena esaten du. Ez zen kontzertu bikaina izan, inola ere. Hainbeste denbora bananduta egoteak ondorioak behar ditu izan, baina jarritako gogoa eta emozioa azpimarratu nahi nituzke. Sex, taldearen azken diskokoa (Joxemai Beltza, 1989), harrigarriki, aukeratu zuten kontzertua hasteko. Harrigarriki diot, agian aurreko lanetako pilotakada azkar batekin hasiko zirela uste bainuen. Gaueko historiak, agian beraien ezagunena eta mitikoena, goizegi jo zuten ene ustez. Le passand zoragarriarekin gertatu zen bezala, oso motel jo zuten, jatorrizko bertsioen abiada eta ostia txarra barik (kuriosoa da, baina Zaramaren itzulerarekin berdina gertatu zen). Tempoa azkartuz gero, zerua harrapatuko zuten gau horretan bertan. Gaueko historiak-en zer edo zer arraroa nabaritzen zen, eta gero argi ikusi genuen Maoloren anplia izorratuta zegoela. Aldatu behar izan zuten, eta horretan behar izan zen denborak guztiz moztu zuen erritmoa. Orduan hartu zuen aurrea Peiok, ikuslegoari oihu egin eta hari erantzutera behartu zuenean. Itxaron denbora arinagoa bihurtu zen berari esker.

80etako talde berezienetako bat oholtza gainera igo zenean sentitutakoa zaila da azaltzea, baina 4 tipoak hor goian ikuste hutsak dena esaten du

Elortxa ahotsez oso ondo nabaritu nuen: eszenatokian gustura eta eroso, “rock’n’roll attitude” bikainarekin. Tipoak bere karisma guztia mantentzen du, hainbeste urteren ondoren. Lukaren baxua Jotakieren nortasunaren errudunik handienetakoa da: sarkorra, lodia, sakona. Asko mugitzen ez bazen ere, bere instrumentuaren presentzia hutsak inpresioa egiten du. Maolo gitarrarekin lehen baino hobea da oraindik, eta eszenatokia asko bizitzen du. Elortxa bezala dinamikoa eta jarrera handikoa da, eta atabaletan, Peio Larrañagaren maisutasuna (azken 18 urtetan Piztiak taldearekin erakutsi duen moduan) gorantz doa beti. Erritmoa mantentzeko duen estiloaz gain, ikusgarriak izan ziren han eta hemen sartutako ñabardurak. Taldea, beraz, espero baino askoz ere hobeto dagoela pentsatzen dut, pasa diren urteak kontuan hartzen baditugu.

Aurreko abestien tartean, Osaba Joxe eta Euskadi askoz ere hobeto geratu zitzaizkien, eta hori izango zen kontzertuaren konstantea: abesti oso ondo exekutatuak (gehienak) beste erdipurdiko batzuekin tartekatuta. Emozioak bor-bor jarraitu zuen Ba al leike eta Beti berdin mitikoetan (batez ere bigarren honetan erreakzioak lehergarriak izan ziren). Azken diskoari keinu berri bi Zatoz eta Joxemai Beltza ausartekin. Joxemai Beltza-n koordinazio falta apur bat nabaritu nuen, haatik. Zer edo zerk ez zuen funtzionatzen. Ez nekien zer zen, baina ondorengo zati instrumentalean taldea hain ondo enpastatuta nabaritzean, ondorio batera iritsi nintzen: Espekulazio hutsa bada ere, Elortxa bera musikatik guztiz aldendu zen partaide bakarra izanik, kantu hau apur bat denboraz kanpo abestu ote zuen erabili nuen buruan. Dena den, ez diot ezer leporatu nahi, aparteko presentzia erakutsi baitzuen, baita ahots zoragarri eta pertsonala duela ere. Azken abesti horretan “Eta honekin beste 25 urte arte!” esan ez zigun ba! Gero, Atxuko-rekin erretiratu ziren. Ikuslegoaren oihuak eta txalo zartadaren ondoren, lehen biserako Zure begietan balada hunkigarria aukeratu zuten.

Azken txanparako, Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi!-rekin elkarbanatu zuten LP mitiko hartako zartada paregabea erreserbatu ziguten

Espero genuen moduan, lehen diskotik jo zituzten gehien, eta gutxien bigarrengotik (Osaba Joxe bakarrik).
Azken txanparako, Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi!-rekin elkarbanatu zuten LP mitiko hartako zartada paregabea erreserbatu ziguten: Hala nola,
Kataklismoa, Neu onena eta ongien geratu zitzaien Burrundaie. Abestia geratu, azkartu, geldotu, publikoari kantarazi… Bikaina. Bagenekien azkena izango zela... Noiz arte, ordea? Beste 25 urtera arte ez izatea espero dut.


DIRECCIÓN OBLIGATORIA

Dirección Obligatoria, Jotakie eta garai hartako beste banda handien ospea lortzera iritsi ez zen talde bikaina dugu. Badakizue: Patta Jotakieko partaidea zen hasieran, eta garai zahar horietan Jotakieren abesti gehienak bereak ziren, baina kanpoan gelditu ziren poperoegiak izateagatik. Pattak Makoki bateria jolearekin sortu zuen taldea, eta Jotakieko Luka baxu jolea gehitu zitzaien. Emaitza harrigarria izan zen, are gehiago Urola moduko bailara batean gazteleraz kantatzen zutela kontuan hartzen badugu. Noski, taldea sekula ikusi gabea nintzen, beste asko bezala, eta aukera paregabea zen, inondik ere.

Ez dakit non lortu daitekeen Il laboro, taldeak 1986an IZ diskoetxearekin atera zuen LPa, baina abesti gutxi batzuk ezagutzen nituen (youtubetik) eta zuzenekoan hamaika aldiz hobeagoak dira webgune horretan ateratzen diren moduan baino. Musika dantzagarria, estilo handikoa, maisuki interpretatua. Pub rock antzeko zerbait orain, Antonio Vegaren kutsuak gero, ska ukituak han eta hemen, benetan harritzeko moduko kaudimenaz jantziak, reggae dotorea ere han eta hemen… Carolina, Mil locos edota Una libra zaleen gozamenaren lekuko pribilegiatuak izan ziren. Todo es tan negro-n gailurra jo zuten, eta Balada de Johnny bikainean publikoaren oihuak aipatzeko modukoak izan ziren.
Guztiaren gainetik, taldearen kantarik famatuena den Escupe al verde erabatekoa izan zen. Nola gozatu zuten ikusle beteranoek!

Baina, guztiaren gainetik, taldearen kantarik famatuena den Escupe al verde erabatekoa izan zen. Nola gozatu zuten ikusle beteranoek! Emakumezko “beteranoak”, gerria mugitu eta kantatuz, gehien gozatu zutenak izan zirela esango nuke. Pattak berean jarraitzen du, tarteka Dirección Obligatoria-rekin egin dituen kontzertuez gain Patta eta Sendaezinak taldea ere martxan ibili baitu azken urteotan (momentu honetan ez dakit nola dagoen proiektu hori). Lukak, bestalde, bikotea egin zuen Jotakie eta Dirección Obligatoriarekin, bere garaian bezala. Eta bere baxuaren garrantzia, bietan ere, sekulakoa da eta bi taldeen nortasuna markatzen du.


LIN TON TAUN

Eta, nire ustez, kontzertua ixteko ondoen aukeratua izan zen taldea jarraian: Lin Ton Taun! Zer zen hura! Onartzen dut zalantzak nituela, izan ere hainbeste urte pasa baitira azkenekoz ikusi nituenetik… Elgoibarreko jaietan izan zen, 2000ko irailean, pentsa ezazue… Orduan garai bateko freskotasuna galduta zeukaten eta taldearen amaieraren bezperatan zeuden hainbat arrazoiengatik. Baina, hara non taldea 2013an itzuli zen, eta horrek eman dien errodajea (ez dakit, dena den, zenbat kontzertu egin ote dituzten, baina asko ez) sobera nabaritu zen San Agustinen. Beharraren itzala-ren lehen notatik hasi eta kontzertua amaitu arte eztanda etengabea izan zen. Bat-batean, 1994an bagina bezala, denak zentzua hartu zuen berriro: Joseba eta Jon saltoka, bata trikitixarekin eta bestea panderoarekin, berriz ere gozatzen, irribarrez, abesti bakoitzean ahotsen joko sutsu hura berpizten. Eta atzetik, gitarra riff zorrotzak, bateria indartsua, erritmo ebakitzaile zein dantzagarriak tartekatuz. Riff ebakitzaile horiekin argi geratzen da triki rock ez ezik, gehienetan triki-heavy estiloaz ari garela. Benetan berezia eta ia bakarra dena, bide batez esan dezagun.

Hausnarketa gehiago egiteko astirik gabe, Begiak okertuta eta Intsumisioa-rekin garai zaharrenetara saltoa. Saltoa zentzu literalean, gainera. Zenbat salto eragin ote zituen gau honetan talde honek! Segidan, lehen kantarekin bezala, jauzia Baneki diskora, izen bereko kanta eta Revolver nahiko ezagunarekin. Hauek izan ziren lehen bi disko mitiko haietatik kanpo eskaini zituzten bakarrak (Ikastolak 50 urte kenduz gero), eta taldearen azken disko hartatik (Micro) espero nuen bezala, kanta bat bera ere. Badakizue, Baneki diskoarekin etorri zen polemika, gazteleraz ere grabatu zutelako eta multinazional batekin gainera, eta Micro diskoan oraindik gehiago aldatu zuten estiloa, popa, pop elektronikoa eta bestelako esperimentuekin. Disko interesgarria, dena den, idazten ari den honentzat. Polemika hura alde batera utzita, gau honetan askok pentsatu genuen: “Hauek dituk gure Lin Ton Taun!”. Dena den, Euskaraz eta kitto abestia joko ez zutela susmatzen nuen, polemika zahar hura zela eta.

Mutil hauen merituak taldearen sorrerako izpiritua horrela berreskuratzean datza. Zeren eta han ikusitakoa erreala zen, autentikoa % 100ean

Mutil hauen merituak, hain estilo ezberdinak egiteko gaitasuna erakutsita ere banandu ziren mutil hauenak hain zuzen, taldearen sorrerako izpiritua horrela berreskuratzean datza. Zeren eta han ikusitakoa erreala zen, autentikoa % 100ean. Ahots joko zoragarri haiek, hitz borrokalariak, abesti borobilak… lehen diskoa atera eta 23 urtetara horrela defenditzea handia da oso. Bigarren LPa (Nola esan dek?, 1994) onena dela uste dugunok faltan sumatu genituen kanta batzuk, baina Azken agurra, Hobbes-en bedeinkaziyua, Izan heu! eta A ze astea mitikoak entzun ahal izan genituen, zorionez. Lehen diskoari egurra eman zioten: Lehen aipatutako Begiak okertuta eta Intsumisioa-z gain Mendian gora rap! (bikaina!), Zu gabe, Hodei ilunak, Zestoako harrobia, Askatasun egarriz, eta azken agurrean, Erasua faxista. Ikuslegoak ezin hobeto pasa zuen, eta itzuli direnetik hartu duten jardute horrek bultzatuta, saiorik lehergarriena eskaini zuten, baita soinu aldetik ere.
Amaieran, sentsazio ezin hobeak guztion partetik, eta naiz eta sarreren salmenta oso ona izan, gure herrian hainbeste itzulerarekin gertatzen den moduan, komunikabideen aldetik babes falta nabaritu nuen. Lehenago ere hitz egin dut gai honen inguruan, baina Euskal Herriko talde klasiko askok itzultzea erabakitzen dutenean merezi duten arreta eta adeitasuna jasotzen ez dutelakoan nago.


Argazkia: Anartz Bilbao
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.