entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
J.L. 2008

SONAR 2008, ekainak 18, 19 eta 20, Bartzelona

Emakumea izan da aurtengo Sonar jaialdiaren ardatz nagusienetarikoa. Emakumeak elektronikan duen garrantzi eta presentzia islatu nahi izan dute. Datu horrek are erakargarriagoa egin du aurtengo kartela, izan ere emakumeek osatutako proposamenek gero eta indar handiagoa hartu baitute erortzear zegoen eszenan: elektronikarena. Bada esperantza punturik oraindik ere, eta dena ikusia dagoela uste bagenuen, bada oraindik aurrera begira jartzeko betarik.


Sonar-en bereizgarri nagusia eguna eta gauaren arteko banaketa da. Egunean zehar esperimentazio eta norabide berriak bilatzen dituzten proposamenek betetzen dute kartela. Gauean dena azkarrago doa, festa da helburu nagusia eta Bartzelonako Firako aretoak jendez gainezka egon ohi dira. Aurtengo Sonar-eko abentura ostegunean hasi zen guri dagokigunez. Eguneko emanaldietan gauza asko ulergaitzak egin badaitezke ere, Little Dragon-en emanaldia asko gustatu zitzaigun. Elektronika eta popa nahasten duen talde suediarrak asmatu zuen bere kontzertuarekin. Gauza bera iruditu zitzaizkigun ZX Spectrum Orchestra edo Pan Sonic-en emanaldiak. Arriskutsu eta ausart bezain interesgarriak egin zitzaizkigun. Sonar Parkera aldenduz eta jada gauez, Goldfrapp-en emanaldia galdu egin genuen. Leila ez zitzaigun asko gustatu. Bere emanaldian gonbidatu ugari izan zituen alboan eta askotan galdu egiten zen haiek aurkeztean, denbora galduaz eta kontzertuaren erritmoa ere galduaz. Ben Watt-ek aukeratu zuen norabidea ere ez zitzaigun oso erakargarria egin. Everything But The Girl-eko erdiak oso emanaldi lineala eskaini zuen, oso britainiarra hala ere, proiekzio politak erabili zituen bere emanaldirako.

Ostiralean Tender Forever izan zen egunez gehien gustatu zitzaiguna. Melanie Valerak badaki jendea bere eremura eramaten eta jendartera salto egiten amaitu zuen bere ikuskizuna. Festa giroan ibili zen beste bat El Guincho izan zen. Hala ere, ez zigun grazia handirik egin. Berandu hasi zen eta ez zuen bestelako bereizgarririk eskaini. First Aid Kid-engan esperantza handia bagenuen ere, bere emanaldia oso lasaia izan zen eta ez gintuen asko motibatu. Sonar Parkera itzuliaz, Madness-en emanaldia astakeri bat izan zen: festa ikaragarria antolatu zuten One step beyond klasikoarekin hasiaz. Yelle-k 80. hamarkadara eraman gintuen lepo zegoen aretoan. Ondo baina bestelako pizgarririk eskaini gabe. Azkenaldian mundu mailan arrakasta izaten ari diren Pinkertones oso dibertigarriak izan ziren. Jamie Cullum-ek ohiko jazz emanaldietan erakusten duena alde batera utzi eta lotsagabe aritu zen, nahiz eta lotsa arazi zituenak bere jarraitzaile sutsuenak izan ziren inguruan entzun genuenagatik. Roisin Murphy-k ikuskizun paregabea eskaini zuen. Soinekoz aldatu zen emanaldian zehar, musikari eta abeslari apartak zituen alboan eta jaialdiko erregina bilakatu zen bere emanaldiarekin. Hercules and Love Affair espero baino okerrago aritu ziren. Anthonyren baja betetzea zaila egin zitzaion bere ordez aritu zen neskari eta emanaldia bera ere ez zen apartekoa izan. Buraka Som Sistema oso indartsu aritu ziren. Erregistro bakarrean aritu baziren ere, bere emanaldia jaialdiko kontzertu nabarmenetakoa izan zen.

Larunbatean nekea atzeman genuen gure gorputzetan eta beste modu batera planteatu genuen eguna: lasai hartu genituen emanaldiak. Jende asko aritu zen eguneko kontzertuetan. Hala ere, Matmos bezalako proiektuak ezagutzeko aukera izan genuen, eguneko emanaldi hoberena zalantzarik gabe. Gauean izen handien txanda izan zen: Yazoo berriz ere eszenatokian ikusteko aukerak jende ugari erakarri zuen eta ez zuten hutsik egin. Soulwax eta Miss Kittin izan ziren larunbat gaueko beste izen handiak. Biek ere kontzertu onak eskaini zituzten eta jaialdiko giroa igotzea lortu zuten.
Datorren urtera begira gelditzen gara. Aurten hamabosgarren urtea beteta ere Sonar-eko antolakuntzak ez du ezer berezirik prestatu nahi izan, programazioa bera nahiko berezia eta erakargarria da jada bestelako aitzakien babesa bilatu behar izateko.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.