The Darkness. Argazkia: Tom Hagen.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Ongi etorriak dezibelio eta wattioen festara. Tribuaren bizilekura eta honen eremu naturalera. Ongietorriak erraietatik irtendako sentimendu sakonen jaialdira. Ongi etorri eta sar zaitezte gurekin, nahiz ezberdinak izan. Ongi etorriak askatasunera, bateratze gune erraldoi honetara. Ongi etorriak Heavy Metalaren esperientzi gorenera.
1975eko Canet Rock jaialdiaren DVDan gizon batek dioen bezala: “behin behineko askatasuna, behin behineko eremu batean”. 36 urte beranduago, zein zehatzak diren, oraindik ere, gizon jakintsu haren hitzak! Alta, esaldi horri aurre egiten dion triburik indartsuenetakoa dugu Heavyena. Izan ere, heavya bazara, betirako hala izango zara. Eta kanpoko itxurak ez du sentimendu guzti hauen aurrean zipitzik ere balio. Heavyak gara, ala ez gara?
UZTAILAREN 15a, Ostirala
Bai, noski! Heavyak gara. Milaka gara. Seguru aski, esamesa asko alboratuta, komunitaterik irekienetako bat. Horren adibide urteetan zehar eboluzionatzeko izan duen abilezia, eta sustrai beretik sortu diren adar guztiak. Getafen bertan izan genuen horren berri. Valient Thorr jada lanean ari ziren iritsi nintzenerako. Hartzen den inpresioa berehalakoa da, karisma eta indar aldetik sobera dabiltza, baina estilo izugarria pairatzen dute. Nire espektatibak guztiz bete dira. Jarraian, eta prentsaren karpatik bueltaxka eman ondoren (non euskal kazetari mordoa bildu ginen, euskarazko bakarra ni nintzelarik), leku on bat hartzea beharrezkoa zen. Izan ere, euskal ordezkari bat izango baikenuen nazioarteko izarrez beteriko mega-jaialdi honetan: Baionatik…
GOJIRA!!! Maila instrumentala eta abestien oldarkortasun maila izugarriak dira. Ingelesez hitz egiten digute, nahiz eta gaztelerarekin zertxobait saiatu diren. Gojira taldea ezagutuko ez banu, ez nuke euskaldunak direnik susmatu ere egingo. Oholtza maneiatzeko era eta erakusten duten segurtasuna, beraien abestien mailarekin batera (Backbone kasu), nazioarteko edozein talderen parekoa da (izan ere Ingalaterrako Sonispheren ere jo zuten!). Beste hito handi bat euskal metalarentzat. Espainiak bi ordezkari izan zituen: ikustera iritsi ez ginen Angelus Apatrida Albaceteko Trhash–Metaleroak eta segidan zetozen Söber madrildarrak. Pasa den urtean elkartu ziren, zale askoren erreguak entzunda edo, eta dagoeneko bilduma bat eta disko berri bat eman digute. Abesti berri horiek leku erosoa hartu dute hainbeste klasikoren artean, eta taldeak erakusten duen boterea Savia eta Skizzo-k zutena baino dezente altuagoa da. Diez años, El hombre de hielo, Tic-Tac, Loco edo amaieran etorri zen Sombras-ek oso altu utzi zuen beltzezko gizonen izena.
Gaua aurrera doa, pare bat ordu dira ilundu duela, eta eguzki alu hori ez egoteak asko laguntzen du. Bero da, nolanahi.
Arch Enemyren txanda da orain. Gojira-ren zalaparta gutxi balitz, hona hemen bombo bikoitza eta, bolumen guzti horren erdian, momentuko ahots guturalik indartsuenetariko bat! Arch Enemyk jotzen duen bakoitzean gertatu ei den bezala, abeslaria neska dela sinestea kosta egiten zaio jendeari. Azkenik, hala dela egiaztatuta, harridura zeinuak begi bistakoak dira.
Slash en jarraitzaile andana urduri dago. Dena den, Slash beraren edo Guns’N’Roses-en jarraitzaileak diren planteatu beharko genuke. Kapela eta ile kizkurdun artista agertzean, ordea, Getafe Open Air osoa motibatu da. Ohi duen bezala Ghost izan da jo duen lehena, oker ez banago bakarkako diskokoa eta seguru honen onenetakoa. Nothing to say ere ez zen batere gaizki egon. Miles Kennedy nota altuetara ondo iristen dela ere argi dago, eta banda ondo moldatzen bada ere, Gunners-en kantak iritsi arte publikoa ez da estasira heltzen. Horra hor zerrenda: Nightrain, Rocket queen, Civil War (emanaldiko lorpenik handiena), My Michelle, Sweet Child O’Mine (lehen notatik azkenera, denek pasioz kantatua) eta Paradise City biziki txalotua. Velvet Revolver-en Slither ere aski txukun gelditu zen. Dena den, Slash-ek Axl behar du, Axl-k Slash behar duen moduan, daukaten %100a emateko. Hots, hilezkor egin zituen guzi hori berreskuratzeko
.
Segidan zetorrena benetan harrigarria izango zen:
The Darkness!!! Ingelesak berriz ere ikusteko esperantzak aspaldi galdu genituen, taldea banandu zenetik, hain zuzen. 2003an The Darkness ikustera Bartzelonara joan ginenok, lehena eta azkena izan zela uste genuen. Baina, hara nola berriz ere, banandu eta 5 urte geroago jatorrizko 4 Hard-Rockerrak (bai, bere garaian kanporatu zuten Frankie Poullain baxu jolea barne!!! Yeah!!) berriro ere egurra ematen hasi diren. Dena prest, beraz, urteko kontzertu onenetariko bat ikusteko. Justin Hawkins-ek itxuraldatze kuriosoa egin du. Zer dela eta perila eta bibote horiek? Itxura aldetik aldaketa nahiko nabarmena da, baina gure Justin izaten jarraitzen du, %100ean. Bere anaia, gitarra nagusian, gaueko beste izarretako bat da, eta Frankie bera, bere bibote eta buruko zinta horrekin, taldearen zutabeetako bat da, zalantzarik gabe. Eta gainontzekoa, dibertsioa eta festa besterik ez da. 70etara bueltatzen gaituzte, Rock gogorra edo Glam-Rockarekin jolastera. Espero bezala, beraien lehen disko (“Permission to land”, 2003) famatu hartako kantak dira ospatuenak: Black Shuck, Get your hands off my woman, Friday Night, I believe in a thing called love, Give it up…e.a. Love is only a feeling-en konfetti sortak festa batean ginela gogorarazi zigun. Bere garaian (meritu osoz) Hard Rockaren esperantzatzat hartu baziren, zergatik ez dira gaur egun, ba, berriz ere halaxe izango? Apustu egiten dut baietz. Haietaz barre egiten zutenek (falsetten kontura, batez ere) kontzertu honetan egon behar lukete, ahoa ixteko. Justin da zeremonia guztiaren maisua, gora eta behera, konplexurik gabe edozein poserekin ausartzen da. Eta ez dago beldur emango dion notarik. Bere Freddie Mercury maitatuaren dosi asko, baina bihurrikeria berezi batek bultzaturik, lehen egun honetako balantzean podiumaren gainean kokatzen du. Horrez gain, taldearen bigarren eta azken lana izan zen hartako piezek itxura txukuna ematen jarraitzen dute, One way ticket bikaina kasu. Love on the rocks apartak eman dio amaiera showari, eta bide batez gauari. Egun gogorra daukagu aurretik zain.
UZTAILAREN 16a, Larunbata
Mastodon galtzea nahi nuen azken gauza zen, eta hor gaude, mila deabruren berotasunean kiskaltzen, Mastodon lehen aldiz ikusteko asmotan. Biziki gustatu zaigu taldea, benetan potenteak izateaz gain, sinesgarriak baitira. Hurengo batean areto batean ikustea perfektua izango litzateke, soinu hobe batekin eta gertutasun gehiagorekin. 16:00ak ez dira eguneko ordurik onena Uztailean lur hauetan ibiltzeko. Ondarra irentsiz pasako genuen egun osoa, haizeak (desertuan bagina bezala) gure gorputz osoa ondar puta horretaz zikinduko du, eta maskarilak dauzkaten pertsonak izango dira jaialdiko azkarrenak. Ondarrezko ekaitzak ez zuen tregoarik emango eta, beraz, eguzkia sartu arte superbizitzea izango zen, seguru aski, eginkizunik garrantzitsuena. "En Vivo" jaialdiaren ondoren (hango gora-beherak ere kontatu genizkizuen), antolakuntzak "hobekuntza" batzuk egingo omen zituen: belar artifiziala jarri (kontxo, hala zen, baina soilik aurreko partean!) eta jende pilaketak ia uneori izan ziren ticketak hartu edo janaria-edaria lortzeko garaian. Alde horretatik, antolakuntza penagarria izan zen.
Baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta, ahal den neurrian,
Apocalyptica ikusten saiatu beharra dago. Hortxe genituen gure zimaluzeak, biolontxeoa errukirik gabe astinduz. Metallica-ren Master of Puppets edo Nothing Else Matters harrigarri bat (instrumentalak, noski) txalotuenak izan baziren ere abesti propioak egiten hasi zirenetik bide oso interesgarria hartu dute eta taldearen balioa asko igo da. Kontutan hartzekoak.
Dream Theater iparramerikarrak beste mundu batekoak dirudite. Metal progresiboaren erregeak, birtuosismoaren maisuak eta atmosfera sakonen aztiak, abestiak maisutasunez luzatzea zer den erakutsi ziguten. Ez baita berdina abesti bat luzatzea eta hau, aparteko irudimenaz, askatasun osoz garatzea. Euren kontzertuetan aspertzen denak, seguru aski, ez du kontzeptua ulertzen. Itzelak.
Argi dago hemen txantxak aspaldi amaitu zirela. Beroagatik zorabioak izandako jendea errekuperatu da. Nekearen nekez eserita edo etzanda zeuden morroi guztiak zutik jarri dira. Jaun andreok, zuekin belaunaldi ezberdinak elkartzeko gai den taldea, estilo baten ikurrik enblematikoenetakoa:
Iron Maiden! Zaila baita ingelesak gustuko ez dituen heavyrik aurkitzea, benetan. Heavyak gara, ala ez? Makinaria osoa martxan jarri denean, 40.000 heavyren oihuak El Cerro De Los Angeleseko Jesukristo gure Jaun berbera ere berpiztu duenean (Eddie azaldu arte, bederen), iritsi da azkenik MOMENTUA. Introa bera ere arrakasta hutsa da Satellite 15... The Final Frontier itzela da eta hemendik aurrera ikuslegoaren bultzada ez da jeitsiko. Munduko bira luze honetako set-lista ez dute aldatu eta sorpresarik gabe doa dena. El Dorado bera ere ondo hartua izan da, eta Coming Home abesti borobila da (berrietan onena, niretzat), baina The Talisman eta batez ere When the wild wind blows-ek (luzeegia eta aspergarria) ez dute maila ematen. Dance of Death (2003koa) ez da beste munduko ezer. Aldiz, Brave New World (2000koa, azken 4 diskoetatik onena) beste gauza bat da eta The Wicker man eta Blood Brothers izugarrizkoak dira, klasikoekin alderatu daitezke beldurrik gabe. Eta klasikoak aipatu ditudanez, hauek diferentzia markatzen dute modu oso ebidente batean. Lehen hamarretatik klasiko bakarra izan ondoren (Two minutes to midnight mitikoa), bigarren zatian dator apoteosia. Kontzertuak zerbait falta zuela ikusten zen, aukeratutako kanta batzuen bultzada faltagatik, baina The evil that men do aski izan zen hildakoak ere berpizteko. Eddie munstro-maskota ere orduantxe agertu zen (4 metroko piztia!!!). Ohi bezala Janick Gers gitarrajolearekin borrokan aritu zen, eta Eddie berak kamara bat zuenez, pantailetatik ikusi genezakeen guztia. Fear of the Dark (ziur aski publikoaren faboritoa) eta Iron Maiden zaharra gogoz astindu ondoren erretiratu ziren. Bisetan, The numer of the Beast, Hallowed be Thy Name (niretzat, taldearen kantarik onena) eta Running Free azkarrak (Paul Di Anno jaunaren garaiko himnoa) taldearen arma guztiak erakutsi zituzten, gorenean erretiratu zirelarik. Heavy metalaren esperientzia gorena, mugimenduaren askatasun oihua, gauzatu zen. Dena den, eta Bruce Dickinson eta Steve Harris-ek ikuskizuna bermatzen diguten arren, erdipurdiko sentsazio batekin geratu naiz, duten guztia eman ote duten galdetzen diot neure buruari.
Eta erdibidean geratzen ez direnak
Twisted Sister iparramerikarrak dira. Hauek guztia zapaltzera irteten dira, azken showa balitz bezala, eta ez daukate aurka egingo dienik. What you don't know (sure can hurt you) errukirik gabe hasi dute, eta hemendik aurrera ez da treguarik egongo. The Kids are back bera guztiz gaindiezina da, himno zaharren xarma berezi hori dauka, baina, txo, Dee Snider ikuste hutsa (jartzen dion gogoa eta nagusitasuna) hitzekin azaldu ezin den zerbait da. Historiako frontmanik onena, ahots teknika, eszenatokia eta publikoa %100ean zuzentzen ditu. Mark "The Animal" Mendozak, basapizti baten moduan egurtzen du bere baxua (momentu batzutan ukabilkadaka ere) eta bere keinu bakar batek 100 babaloreren pose guztiek baino gehiago balio dute. Hemendik aurrera dibertitu ez denak, nahi ez duelako izango da. Stay Hungry, Shoot'em down, You can't stop rock and roll (arraioa, denak gaindiezinak!), The fire still burns, We're not gonna take it (hau mundu guztiak ezagutzen du, "Huevos con aceite" kantatu arazi digu aluak), Burn in hell, I wanna rock (mega-hit honekin erretiratu dira, non Sniderrek I wanna fuck esan araziko digun zenbait momentutan) itzela... Baina tartean, The Price balada zain genuen. Malkoak isurtzen ari direlarik, ikusgarria da nola Sniderrek mundu guztia eskuak alde batera eta bestera mugitzen jarri duen. Eta bisetan, Come out and play eta S.M.F. Ezbairik gabe, urteko kontzerturik onena.
Baina jaialdia oraindik ez da amaitu, eta adrenalina topera dagoela,
Uriah Heep mitikoetan mitikoen txanda heldu zaigu. Alice Cooper-en ordez sartu ziren jaialdian, eta, aurreratu genizuen bezala, ez ziren (inola ere) atzean geratu. 40 urtetan zehar historia egiten aritu den talde ingeles hau Hard Rock eta Heavyaren arkitektotzat hartu gabe ez dago analisi seriorik egiterik. Bai, garai hartan taldeek dena zeukaten: teknika, pasioa, letra bikainak, zuzeneko iraultzaileak...fantasiaz beteriko disko guzti haiek, egindako bira mundial erraldoi haiek, gaur egun maisuetan maisu izatera daramatza. Eta maisuak emandako lezioa ez dugu luzaroan ahaztuko. Mick Box gitarra jolea eta liderrak bere instrumentua martxan jari zuen momentu berberetik geldiezinak izan ziren. Return to fantasy, Into the wild, Look at yourself, Gipsy Queen edo azkenak, Easy Livin' borobilak, txapela kentzera garamatza, eta bateria, teklatu, baxu eta gitarraren aztiek erakutsitakoa jaialdiaren historiara pasako da.
Lacuna Coilentzat zaila, beraz, aurrekoen maila berdintzea. Printzipioz nire gustuetatik urrun badaude ere, ez dut uste gaizki aritu zirenik, eta Devil's no time, adibidez, gustokoa izan nuen. Depeche Mode-ren bertsioa (Enjoy the silence) ere ez zen falta izan. Eta honela, goizeko lauretan eta heroien moduan ondar hiltzailearen enbatei bizirik eutsita, sakrifiziorako eta edozein zailtasuni heusteko gaitasuna duen komunitate honen baitan, erretiratzeko momentua iritsi zen. Zifrak batuta, 70.000 pertsona (30.000 ostiralean eta 40.000 larunbatean) bildu ginen han. Baina, datuen hoztasunaren gainetik, mugimendu honek bizirik dirau (are gehiago, beti hor egon da). Heavy Metala Txapelpunk!