entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Ion Etxe 2008

THE HELLACOPTERS + BLOODLIGHTS, 2008/09/19, Barakaldo (Rock Star aretoa)

Arg: Gorka Morras. Arg: Gorka Morras.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Barakaldoko Rock Star barrura sartzeaz bat ohartu ginen aretoa merkatal zentro baten erdi-erdian kokatua egon arren, ez ginela tokiz erratu eta rock gau bikain baten atarian geundela. Kea airean barreiaturik Bloodlightsen lehen akordeekin nahastuz, rock egarriz aurkitzen zen ikusleria eskuetan garagardoak eutsiz eta musika talde ezberdinen kamiseta beltza soinean zutela (Thunder Express, Led Zeppelin, the Rolling Stones, Turbonegro, Detroit Cobras, the Ramones eta soinean neraman Inoren Ero Ni andoaindarren tixerta, besteak beste).


Egun bat lehenago Bartzelonako Razzmatazzen jo zuten kontzerturako sarrerak agortu bazituzten ere, Barakaldon azken unean sarrerak erosi zituenik bazen. Hala ere, lepo bete zen Rock Star aretoa (2.000 ikusletik hurbil antolatzaileen arabera). Tartean euskal eszenako aurpegi ezagun asko, the Hellacoptersi merezitako agurra emateko prest.

Esan bezala, aretora sartu ginenerako Bloodlightsen emanaldia hasita zen, eta jada publikoaren zati bat guztia ematen ari zen. Gluecifer taldeko kide ohi Captain Poonek gidatzen duen talde berri honek kaleratu berri duen izen bereko diskoa aurkezteko parada izan zuen. Kontzertu xumea eskaini zuten, argi utziz etapa berri honetan melodiek pisu gehiago dutela iraganean baino. Kontzertua motza eta ez guztiz borobila, nahikoa the Hellacopters igo baino lehen publikoa berotzeko.

Batzuk komunera, besteak garagardo bila (Aginaga ibaiko angulen pare balio zuten!!) edo lekua gordetzen the Hellacopters noiz hasiko esperoan. Eta bat-batean eztanda, Hopeless case of a Kid in Denial eta The Devil stole the beat kantuekin. Estasia ikuslerian. Aipatu, jendeak lehen minututik eman zuela bere onena, begien aurrean zuen ikuskizunari erantzunez. Eskuak gora, txistuak, txaloak, builak. Denetarik, artista suediarrak ikusteko azken aukera zela jakitun. Nick Royale eta Robert Dahlqvist ikusgarri aritu ziren taularen alde batetik bestera hegan, gitarrak abileziaz astinduz eta zerurantz jarriz, gu infernuan ginela gogoraraziz. Giroa bero-bero, rock gau gogoangarri horietan bezala.

Kontzertu bikaina eskaini zuten, kaleratutako disko guztietako abesti bana joz gutxienez, tartean klasiko bihurtu diren asko: Carry me home, Toys and the flavours, Alright alright now!, By the grace of the God, Before the fall, etb. Head off (2008) diska berriko Electrocute eta In the Sign of The Octopus ere eskaini ziguten. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen kontzertua hileta bat ez zela errepikatu zuen behin eta berriz Nick Royalek, jai bat zela gogoraraziz. Bueltatuko diren seinale?
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.