Gramones Atarrabiako Totem aretoan. Argazkia: Sagardantza.
Gasteizko taldearen ospe onak eta kuriositateak bultzaturik, baina baita ere klasiko ezagunak entzuteko gogoak erakarrita, jaitsi ginen Totem aretora.
1. Iruñeko
Aztarna teloneroen emanaldia bukatzen ari zenean ailegatu ginen. Street punk estiloko kantuak ari ziren jotzen. Delirium Tremens-en
Kaixoren bertsioa ere jo zuten. Baxularia gustatu zitzaigun.
2. It's alive, Ramonesek 1978 urrun batean zuzenean grabatu zuen kontzertu mitikoa, eskaintzera etorri ziren Iruñerrira
Gramones gasteiztarrak. Larruzko txupa beltzak eta peluka luzeegi batzuekin atera bezain pronto
Rockaway Beach-en lehen akordeak entzun genituen. Soinua hobetuz joan ziren eta laugarren abestirako dena bere lekuan zegoen. Akaso gitarrari "txitxa" apur bat ongi letorkioke taldearen soinua borobiltzeko.
Gasteizko familia maitagarriak "1, 2, 3, 4" oihupean jaurti zituen abestiak bata bestearen atzetik (
Blitzkrieg bop, Gimme gimme shock treatment...). Material horrekin, zaila zen aretoan bildu zen publiko eskasa ez berotzea.
Sheena is a punk rocker gisako kantuek beti funtzionatuko dute.
Havana Affair, hau idazten ari denaren ahuldadetako bat da,
Today your love, tomorrow the word bezala.
60ko hamarkadako taldeen bertsioak ez ziren falta izan, Ramonesen estilo liburuari jarraiki: Surfin' bird,
California sun eta
Let's dance marshall filtrotik jaurtikita!
Eta horrela iritsi ginen amaierara. Rato on bat pasa genuen Gramonesekin. Abeslariaren ahotsa eta kantatzeko modua bikaina iruditu zitzaigun. Duela urte batzuk, Sanferminetan Marky Ramone bateria joleak eta bere taldeak jo zuten Jito Alai pilotalekuan. Abeslaria argentinarra zela uste dut. Gramoneseko
frontmana, ene ustez, erraz gailentzen zaio zeregin horretan.