Lesviolentan taldea Txantreako jaietan. Argazkia U.A.
Txantreako jaiak, ostirala... Arriskua bistan da. Eta, Iruñeko alde zaharretik ohiko disko denden zirkuitua eta afariaren ostean, bagoaz Nafarroako gobernadore zibilak “Barrio Conflictivo” deitu zion kasta bereziko auzo honetara
Hasiera batean Haizearen plazan zegoen karpatxoan egitekoa bazen ere, haize eta euriaren erruz azkenik Txantreako lagunen Elkartean egin behar izan zen. Ondorioz, eta kanpoko giroa ikusita, askoz erosoago ikusi ahal izan genuen gaueko deskarga sonikoa. Eta deskarga sonikoaz hitz eginez, egur galanta emango ziguten Iruñeko
Lesviolentan oldarkorrek. Eszenatokirik gabe eta ikuslegoaren maila berdinean, bost partaideak pixkanaka lekua hartzen joan eta soinua konpaktatzen asmatu zuten. “Usa la huasa”, “Malacostumbrados”, “Miradas” edota “Reflejos”, CD berrian irtengo diren piezek, besteak beste, hardcore-Metal eskaintza zinez interesgarria aurkeztu ziguten.
Abeslariaren ahots guturalak, hitzen mezu zuzenak eta musikaren gogortasunak emaitza benetan indartsua izan zuten ondorio. Aurreko CDko abestien txanda iristean, askok gozatu genituen “Pinta en la pared” (ona!), “Akomodamiento” brutala, “Malas compañías”-en crescendo ikusgarria, edota “No me engañas”. “1 Nº +”, hau ere lehen diskokoa, onenen artean dago, zalantzarik gabe. Sepultura-ren bertsioa edota “Enano” eta “Tontolaba” izan genituen azken txanpan, non ikuslegoa gero eta girotuagoa nabaritu nuen. Lander bateria joleak, zati batzuetan inprobisatzen egon zela iruditu zitzaidanak, erritmoa gogoz mantentzen zuelarik, eta gitarren riff zorrotzak eta baxuaren erritmo konstanteak burua mugiarazten zigutelarik, kontzertu benetan gomendagarria osatu zuten. Gehiagorako gogoz gelditu ginela esan beharrik ez dago, baina beste talde bat zegoen zain eta jaiak aurrera jarraitu behar zuen.
Yosemite Blues Band taldearen hasiera bakarrik ikusi ahal izan banuen ere, hori nahikoa izan zen ikusitakoa pasioz bizitzeko. Bluesaren sustraietara hain zuzen iristea ez dute askok lortzen, eta letrak izpiritu horri maisuki atxikitzen zaizkielarik, osagai guztiak dauzkagu gorputza eta arimari bere bidea egiten uzteko. Eta honela, Apirileko gau hotz honetan etxera bidean, Nafarroako hurrengo rock and roll abenturaren zain geratzen gara.