Patxi Zabaleta eta Jon Gurrutxaga. Argazkia: Urko Ansa.
Uhagon Kulturguneko kanpoaldean, udazken arratsalde bero eta paregabe
honetan, bi gitarra eta beste hainbeste ahotsen babesean, begiak itxi
eta azken 6 hamarkadetako klasikoekin amestea besterik ez zitzaigun
gelditzen. Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaletak osatutako bikoteak, biek
ere Arima Beltzaren garaietan landutako bidearen nolabaiteko jarraipena
egin zutela esango nuke.
Bluesa eta sustraidun soinuek elgoibartarren
ardatz izaten segitzen dute, urteen poderioz gero eta era borobilago eta
eraginkorrago bihurtzen ari den estilo propioan. Ez da erraza, ez,
kontzertu berean Queen-en
I want it all edo
Crazy little thing jotzea,
segidan Rolling Stones-en
Sweet virginia eta hortik Led Zeppelin-en What
is and what should never be-ra naturaltasun osoz salto egitea. Black
Crowes-eko Chris Robinson-en
If you see California eta Chris Cornell-en
You know my name-k musika garaikidea alde batera uzten ez dutela frogatu
ziguten, nahiz eta oraingoan Alice In Chains-en
Down in a holeren
bertsio hunkigarria kantatu ez. Jon eta Patxiren ahotsak Rainbow-ren
Catch the rainbow edo Beatles-en
With a little help from my friends (Joe
Cocker-en bertsioan) lortutako gailurretan, abestien momentu pausatu
eta cresccendoetan erakutsitako ahalak bereziki harritzen nau.
Erregistro ezberdinek eta bi ahotsen artean eraikitako armonia
harrigarriek ia bakarra egiten dute Elgoibarko bikotea. Azken txanpan
Hello mary Lou klasikoa, Gene Clark-en
Polly, Janis Joplin-en
Piece of
my heart (aparta!), lehen aipatutako
If you see California eta Led
Zeppelin-en meddleya:
Baby, I’m gonna leave you,
Tangerine eta
Stairway
to heaven-ek osatua. Azken akordeetan berriz ere
Baby, I’m gonna leave
you-ra itzuli zirela iruditu zitzaidan. Bide batez, abesti honen
crescendoa interpretatuko zutenaren esperantza nuen (benetan ikusgarria
izan zitekeena), baina Tangerine-ra pasatu ziren.
Bisetan, berriz ere Zeppelin-en omenez,
Thank you etorri zen, eta
azkenik Rolling Stones-en
The last time klasikoa, jendearen parte hartze
handiena ekarri zuena (Janis Joplin eta Beatles-enak jarraituta), esku
zartekin erritmoa jarraituaz amaiera polita eman geniolarik blues eta
countryz bustitako larunbat iluntze honi. Kontzertu gomendagarria,
inondik ere, formatu hain sinple honek eragotzi baino sekulako mesedea
egiten diona. Ez itzazu galdu zure herritik pasatzen badira!