entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2015-9-12

Uhagon kulturgunea (Markina-Xemein) The Very Small Orchestra

The Very Small Orchestra. Argazkia: Urko Ansa The Very Small Orchestra. Argazkia: Urko Ansa

Berriz ere, eta aurten bigarrenekoz, Baionako hirukotea zuzenean ikusteko aukera suertatu zitzaidan. Oraingoa, ordea, erabat berezia zen: lehen aldiz, Vincent Bosler, Kiki Graciet eta Rv Toukour-ek Hego Euskal Herrian joko baitzuten. Zein ondo joan zitzaien ikusita, espero dugu azkena ez izatea.

Frantsesez egiten dutela kontuan hartuta, apur bat urduri ere bazeuden, ikuslegoarekin nola komunikatuko ziren ziur jakin gabe. Dena den, Vincentek gazteleraz hitz batzuk bota zituen, ingelesez beste batzuk, eta beste dena berez etorri zen. Oraingoan bigarren diskoa aurkeztera zetozen, The Very Small Orchestra & The other fuckers aparta, aurrekoaren bidea jarraitzen badu ere, musikalki beste maila batera igo dituena.

Instrumental batekin hasi ziren, oker ez banago disko berria irekitzen duen berbera: Ennio Morricone-ren Louest. Baliteke jendea oraindik zer espero ez zekiela egotea, garagardo festa baitzegoen, eta batzuk kanpoaldeko terrazan eserita zeuden, agian beste zer edo zertan, baina gerora gero eta jende gehiagok erakutsi zuen interesa. Horretan bertsioek eragin zuzena izan zuten, jendea girotzen alegia. Les cloches de lenfer, hots, AC/DCren Hells bells kutsakorra eta The Clash-en Should I stay or should I go (hemen Punk deitua) kasu. Le safi abesti berri eta propioak, ordea, hirukotearen benetako balioa askoz ere hobeto islatzen du. Zeinen ederra! Kikik harmonika hartzen duenean, magia sortzen du. Klasikoen moduan jotzen du, blues sustrai sakona eta bizitasun eta estilo oso dotorea erakusteaz gain. Abesti propioen ildo horri jarraiki, lehen diskoko Chaussettes jo zutela esango nuke, baina ez nago ziur. Tartean, Metallicaren Enter Sandman (Mtal) eta ondoren Motorhead-en Ace of Spades (Pique). Orduan lortu zuten kontzertuko gailurretako bat, jendea gogotsu kantatzen aritu zen horietan. Ikuslego rockeroa eta heavya orduantxe irabazi zuten, betiere areto txikia dela gogoratu eta jende gehiegi kabitzen ez dela kontuan hartuta ere. Areto txikia bada ere, jendea mugitzen aritu zen, batzuek barrura, gero garagardoa edatera, eta horrela.

David Bowieren Heroes ezin hobeto gelditzen zaie, eta agian ondoen egiten duten bertsioetako bat da. Hiruko formatu hau oso interesgarria da: gitarra, harmonika eta biolina bakarrik. Vincentek gitarra jotzen duen bitartean, bonbo antzeko bati ematen diola ahaztu gabe. Horrekin erritmo sinkopatuak eta rock and rolleroak sartzen ditu, eta horrela izan zen gaueko gogorrenetako batean: Bling bling shitty shitty gang bang. Berriz ere, abesti propio batekin goia jo zuten. Hor dago kalitatezko marka. Beraien orain arteko materialaren erdia (12 kantu) bertsioek osatzen dute, batzuk gogoangarriak, baina batez ere bigarren disko honetan erakutsi dute noraino iritsi daitezkeen konposizio propioekin.

Eta, esan dudan azken horri aurka egiteko edo, horra hor nola bluesaren mundua maisuki bertsionatzen duten: Le stone (Rolling Stonesen Honky tonk women) bikaina, eta Johnny Cashen Folsom Prison Blues, Kikiren luzimendurako. Niko Etxarten Hapa-Hapa taldearekin balego bezala, aho-soinuari sua atera zion, solo harrigarriak eta garapen instrumental aberatsekin zipriztinduta. Rv Toukour eta berak sekulako saioak egin zituzten, pasarte amaiezinak ziruditenak eraiki, estasia lortzera iritsi arte. Ikuslegoa, gero eta adituagoa zirudiena (adi adi jarraitzen zuten kontzertua), txalo zartada artean lehertu zen, azkenik. Benetan momentu zirraragarriak izan ziren, soilik musikaririk onenek lortu ditzaketen momentuekin.

Hortik aurrera, festa totala. Baionakoak gero eta gusturago sentitzen hasiak ziren, eta horregatik motza egin zitzaigun kontzertua, baina musikari talde bat dena ematen ikusteak guztiz ase gintuen. Biscarrosse, bideoklip oso ederra duen kantua, taldearen gailurretako bat da: sarrera akustikoa, frantsesez abestua (niretzat oso garrantzitsua, kanta onenak frantsesez baitituzte), intentsitate igoera, Kikiren aho-soinuaren luzimendua, erritmoa Dena dauka. Gainera, ikusleok kantatu genezan lortu zuten, ia ziur inork ezagutzen ez zuen kanta izanda ere. Hor dago meritua.

Amaieran, txalo zartada beroa eta The Very Small Orchestraren garaipen totala. Ikusle gutxi, baina fan bihurtzeko bidean jarri zituztela esango nuke. Apustu hurrengoan oraindik jende gehiago etorriko dela.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.