entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2015-06-08

Urretxu-Zumarragako gaztelekua German Carrascosa y la Alegría del Barrio

German Carrascosa y La Alegría del Barrio Urretxuko gaztelekuan. Argazkia: Antton Iturbe German Carrascosa y La Alegría del Barrio Urretxuko gaztelekuan. Argazkia: Antton Iturbe

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Kale Gorrian zikloaren aurkezpen jaiaren antolatzaile eta partaide izan ondoren, ikuskizun baten iruzkin bat egitea agian ez da oso ortodoxoa, baina German Carrascosa y la Alegría del Barrio hirukote nafarrak Urretxuko Gaztelekuko eszenatokian eskaini zuen bakanalaz gozatu eta gero, ezinezkoa zait horren berri emateko gogoari eustea. Are gehiago, beharrezkoa deritzot talde honen zuzenekoaren inguruko arrasto idatzi bat uzteari. Zale eta kazetari bezala derrigortuta sentitzen naiz inguru honetan edo beste edozeinetan, nire bizitza osoan era honetan astindu nauten kontzertuak oso-oso gutxi izan direla jakinaraztea.


German Carrascosaren diskoak ez dira erraz sailkatzen diren horietakoak, estilo batetik bestera jauzi egiten baitute etengabe eta countrya edo napar jotak akademizismo gabezi berberez jotzen dituzte. Abestien itxura sinple eta axolagabeak hasiberrien maila oraindik gainditu ez dutela aditzera eman arren, xehetasun handiz lantzen dituzte doinuak eta pazientziaz kentzen dizkiete erabat nahitaezkoak diren kapa eta apaingarri guztiak. Era horretan, estilo bakoitzaren barne barneko muina zurrupatu eta bereganatzeko gai dira.
Neska-mutil hauen helburua ez da pop abesti polit eta alaiak egitea, ezta punk leloak gogotsu oihukatzea edo rockabillyarekin dantza egitea. Aldi berean guzti hori eta askoz gehiago eskaintzen dute beren diskoek. Ziztu bizian pasatzen direnez, ulertzekoa da lehen entzunaldietan ez ohartzea eta azalean geratzea. Baina errepikapen adiktiboaren ondorioz dimentsio berrien ateak irekitzen dira eta bere izaeraren botere "psiko-hipnotikoa" sumatzen hasten naiz. Txamanen dantza eta oihu tribalen oihartzunak bailiran doinuak gorputzeko poro guztietatik sartzen zaizkit.

Baina zuzenean ikusi ditudan arte ez naiz konturatu zein zuzenak eta aldi berean zein motz gelditzen ziren nire burutapenak. Egia esan, Gaztelekuan jazotakoak izpiritu voodoo baten eraginpeko musikari eta ikusleen arteko errito baten forma izan zuen, kontzertu arrunt batena baino gehiago. Lehen unetik, espirituaz blai azaldu zen German. Begiak zuri jartzea bakarrik falta zitzaiola, oinutsik (eta prakarik gabe bukaeran) , mikrofonoaren makila hankatartean helduz eta taularen ertzetik jendeartera erortzeko zorian beti, berari so egitera behartu gintuen emanaldi osoan. Amaierarako, epirituak gure barneak ederki helduta zeuzkan eta aho bete hortz, estasis osoan, txalokatu, deiadar, salto edo elkar musukatzen hasi ezin erabakirik, paralizatuta geratu ginan denok.
Bi une horien artean jazo zena hitzetan jartzekotan, bere izaera esoteriko horri traizio txiki bat egitea bada ere, funts dadaistaz eraikitako rock and roll (bere zentzurik primitiboenean) emanaldi ahaztezina suertatu zela esango nuke.
Diskoetan entzuten diren bertsioek zuzenekoekin alderatuta rock sinfonikoa dirudite, azken hauek askoz askeagoak, dadaistago eta zikinagoak baitira... Abestiak gure aurrean sortu, lehertu eta zatiak modu ezberdinez pegatuko balituzte bezala. Handiak dira German Carrascosa eta bere lagunak, jakin ezazue.

PD: Aurretik Oso Fan ederki aritu zen, eta merezi du kontatzea ere. Baina beste baterako utziko dut, zaleok gogotsu espero dugun disko hori grabatzen duenerako agian...
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.