entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2014-12-26

Victoria Eugenia Antzokia (Donostia) Gontzal Mendibil

Gontzal Mendibil Victoria Eugenia antzokian. Argazkia: Urko Ansa. Gontzal Mendibil Victoria Eugenia antzokian. Argazkia: Urko Ansa.
Argiak itzali dira: hainbeste denboran zain egon ondoren, Gontzalen bakarkako kontzertu oso bat ikusteko parada izango dut. Han dastatutakoa apartekoa izan da, goi mailako musikarien nota magikoak, kanta sentiberak, abeslariaren karisma, dena izan da harritzekoa. Gainera, kontzertu orok borobila izateko behar duen azken ukitua ere presente egon da: ikuslegoaren parte-hartzea.


Parte-hartze pasiodun eta sentitua, lehen lerroetan eta erdialdera arte, bederen. Joan den abenduaren 26an antzokia bete zen ez dakit, baina arratsaldean ez zen sarrera askorik gelditzen. Lehen aipatu dut (oso oker ez banago) Gontzal Mendibilen kontzertu oso bat ikusten nuen lehen aldia zela, baina kontuan hartu behar da beste 5 aldiz ere ikusia nuela, 3 aldiz Gu Gira espektakuluan, eta beste bitan Euskal Herriko Lur Maitea-n. Hauetan Gontzal forma ezin hobean eta martxa izugarriarekin egon bazen ere, kontzertu oso bat beste gauza bat da, eta zalantzak nituen barne-barneko disko berri honekin gauzak nola izango ziren, nahiz eta bikaina izango zenaren susmoak izan. Erantzuna: Gontzalek bi aspektuak dominatu zituen, baina sorpresa asko ere eman zizkidan: abesti berriei zuzenekoan aldaketa batzuk sartu zizkien, adibidez, eta biziago eta ikuslegoarentzat erakargarriago egin zituen.
Hasierari, ordea, bere beste pasioetako batekin ekin zion, hain zuzen ere Iparragirreren bi abesti eder hauekin: Ara nun diran eta Gontzalek berak musikatutako Beltzarana, Iparragirrek Argentinan zela idatzi zuena. Bigarren horretan jada Marife Nogales abeslari andoaindarra igo zen, bi ahotsetan zain geneuzkan momentu gogoangarriei sarrera emateko. Marifek urte dezente daramatza Gontzal Mendibilekin elkarlanean, baina mundu mailan ere famatua da opera, zarzuela eta goi mailako beste hainbat saltsatan. Zenbaitzuk ETBko Sorginen laratza saiotik ezagutuko duzue, hor ere kantatzen baitzuen. Honela, emanaldian zehar hainbat sartu atera egin bazituen ere, abesti gehienetan oholtzan izan zen, gure zorionerako.

Gontzal Mendibilek ahotsa beti bezain leunki maneiatzen du, baina bariazioak sartzea oso gustuko du, eta abesti berriak oholtza gainean hobetzea lortu du, batzuetan soul ukitu bat eta besteetan swing taupadak erantsiz

Disko berrian buru-belarri sartu ziren, orduan. Nire bihotzak zure begiak ditu eta Badakizu zer den gure herria? momentu klabeen testigu izan ziren: zenbaitek diskoa ezagutzen ez zutela argi geratu bazen ere, Zeanurikoak abesti berriekin egin zuen apustua ondo atera zitzaion. Bi horiek nahiko pausatuak eta sakonak direnez, isiltasuna nagusi izan zen; baina hurrengoa abestiaren (Edan itzazu egunak) bukaeran, arriskatu egin zuen, eta kanta amaituta zegoenean, errepikara berriz jo zuen, baita entzuleoi abestu arazi ere. Arriskatu egin zuen, eta hor egon zen kontzertuaren klabea: jendeak segitu egin zion. Ondo atera zitzaion. Eta formula hori, hainbatetan errepikatu zuena, garaipenaren sinbolo bihurtu zuen. Eta hori dena, disko berria oso-osorik jota, gainera!

Horretaz nahi nuen hitz egin: lan berria goitik behera jotzea arrisku handiko abentura da, alde batetik, eta bere buruarekiko konfiantzaren erakusgarria, bestetik. Abesti zahar asko faltan sumatu bagenituen ere, pozik irten gintezen lortu zuen. Aurreko diskotik jo zuen bakarrak (Neure txiki polita-k) ere arrakasta izan zuen. Bere kontzertu, espektakulu eta musikalei plus hori emateko daukan ohiturari jarraituz, Begiratu niri abestirako sorpresa polit bat gorde zigun: Ioritz Galarraga eta Ane Anza dantzari bikainek abestiari beraien estilo ikusgarriarekin lagundu zioten. Benetan polita, baita akrobatikoa ere. Alex Angulo aktore zendu berriari eskainitako Nola liteke izan zen beste gailurretako bat, suminduta ikusi genuen kantariaren partetik. Zaharretan zaharrenak eta seguru aski bere abestirik ezagunenak, Bagare mitikoak, sekulako arrakasta erdietsi zuen, baina berriro ere abesti berrietara saltoa zetorren: Maite ninduzula(gure protagonista jada guztiz animatuta, koru ozen horiek egiten eta dantzan gustura ikusi genuena), Zutaz maitemintzen banaiz, eta ederretan ederrena: Handia izanen naizenean. Entzun! azken liburuan (64. zbk) idatzi nuen bezala, hunkigarria. Letra zertxobait sinplea izanagatik, oso eraginkorra eta ederra da. Aparta.
Zuzenekoan, ordea, beste sorpresa bat geneukan zain: Easo koruko haurrak igo zituen oholtzara, eta efektua benetan txundigarria suertatu zen. Beste bi haurrek, ilargi bat eman zioten amaren papera egin zuen Marife Nogalesi: Handia izanen naizenean, ama, eskailera bat eginen dut zeruraino bezain gorakoa, izarrak biltzera joateko eta gero baina zuri, amatxo, ilargi betea ekarriko dizut. Momentu zirraragarriak izan ziren.

Merezi ote klasiko gogoangarriak emanaldiko gailurra jo zuen. Bi ahotsetan, Marife eta Gontzalek Zeanurikoaren ibilbide musikaleko momenturik onenetakoak ekarri zizkiguten gogora

Haurrak hor zeudela aprobetxatuz, bere Olentzaro diskotik Gabon haurtxoa berreskuratu zuen. Azken txanpa, hiru abesti berrirekin: Ez dakit dakizun baina, Zeure ametsa (martxa ederra sartu ziotena) eta Herri bat gara. Honekin erretiratu zen. Banda osoa aurkezteko ere aprobetxatu zuen. Luxuzko musikariak denak, hauetako askok diskoaren grabazioan parte hartu dutenak: Rober Caballero (baxua), Jos Luis Canal (pianoa, teklatuak), Joe Gonzalez (saxoa, klarinetea), Blas Fernndez (atabalak), Benito Lertxundirekin ere jotzen duen Angel Unzu (gitarra), Urruako Philippe de Ezcurra (akordeoia), eta, nola ez, Marife Nogales (ahotsa). Banda honek lortzen duen soinua benetan dotorea da, bakarka zein taldean ezin hobeto moldatzen dira, eta momentu askotan zati instrumentalak oso motz iruditu zitzaizkigun. Nola egingo zaizkigu luze, baina, Philipperen nota zoragarri haiek, Blasen danbor kolpeak eta pianoa eta saxoaren notak?
Gontzal Mendibilek ahotsa beti bezain leunki maneiatzen du, baina bariazioak sartzea oso gustuko du, eta abesti berriak oholtza gainean hobetzea lortu du, batzuetan soul ukitu bat eta besteetan swing taupadak erantsiz. Bandak hori oso ondo ulertzen du, eta atmosfera guztietara egokitzen da. Biolina jotzera ere igo zen neska bat hainbat kantutan. Mendibilek aurkeztu zuenean, atzerritar izena zeukala zirudien, baina ez nuen asmatu izena lortzen. Argi daukadana da, diskoan ez duela parte hartu. Bere soken negarrak, ordea, sakoneraino hunkitu gintuenaren zalantzarik ez daukat.

Askok set-list ezberdina osatuko genuen arren, sekulako kontzertua ikusi genuen, eta beraz, hamar puntu Gontzalentzat, bi potrorekin disko osoa jotzera irten zelako
Bisen garaia iritsi zenean, Handia izanen naizenean berriz jo zuten, oraingoan ere Easo koruko haurrekin. Errepikapen bat entzun ordez, abesti zaharren bat sartzea egokiagoa zela uste dudan arren, antzezpena eta abestia bera hain dira ederrak, ezen eta berriro denok hunkitu gintuela. Azkenik, iritsi zen entzuteko desiratzen geunden Merezi ote klasiko gogoangarria. Momentu zoragarria, eta niretzat, emanaldiko gailurra jo zuena. Bi ahotsetan, Marife eta Gontzalek Zeanurikoaren ibilbide musikaleko momenturik onenetakoak ekarri zizkiguten gogora. Benetan txundigarria. Olentzaro diskora itzuliaz, eta bere hitzetan Gabonak direnez, Hator, hator aukeratu zuen azken agurra emateko, Easo koruko haurrekin, berriro ere.
Bi ordu eta minutu batzuen ondoren, amaitu zen: inor gutxi irten zen disgustura. Dena den, 19 abestitatik 11 disko berrikoak izatea (bat, gainera, errepikatuta), gehiegizkoa da, seguru aski. Aurreko diskoko bat, Iparragirreren bi gehiago, eta bi gabon kanta gehituz gero, abesti zaharretatik bi bakarrik geratzen zaizkigu: Bagare eta Merezi ote. Askok set-list ezberdina osatuko genuen arren, sekulako kontzertua ikusi genuen, eta beraz, hamar puntu Gontzalentzat, bi potrorekin disko osoa jotzera irten zelako.

Amaieran, Jean Phocas, gau honetan soinu-mahaian sekulako lana egin zuena, agurtzera pasatu nintzen. Txomin Artolarekin hitz egiten ari zen (Cmo se conserva! Es el ms joven de todos!" zioen Phocasek-), eta amaitu zuenean soinu apartagatik zoriondu nuen, eta berak Niko Etxartentzat goraintziak eman zizkidan, udaberrian bere etxera bisita egitera joango nintzela aipatu nionean.

  • Abesti-zerrenda
01. Ara nun diran
02. Beltzarana
03. Nire bihotzak zure begiak ditu
04. Badakizu zer den gure herria?
05. Edan itzazu egunak
06. Neure txiki polita
07. Begiratu niri
08. Nola liteke (Alex Angulori eskainia)
09. Bagare
10. Maite ninduzula
11. Zutaz maitemintzen banaiz
12. Handia izanen naizenean
13. Gabon haurtxoa
14. Ez dakit dakizun baina
15. Zeure ametsa
16. Herri bat gara
17. Handia izanen naizenean (reprise)
18. Merezi ote
19. Hator, hator


bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.